Eider Soraluze: “Bidesariarekin, autoa hartu orduko pagatzen hasi beharko dugu”

Eider Soraluze: “Bidesariarekin, autoa hartu orduko pagatzen hasi beharko dugu”

Miren Garate

Iaz sortu zuten A-636 Peajerik Ez plataforma, eta, batik bat, Urretxuko eta Zumarragako biztanleek osatzen dute. Horietako bat da Eider Soraluze (Urretxu, 1978). Kontatu du hedabideen bidez izaten zutela Bergara eta Beasain arteko errepidean bidesaria jartzeko asmoen berri, eta batzuk eta besteak lagunartean hasi zirela komentatzen ez zitzaiela bidezkoa iruditzen neurri hori. Mugitu ezean ez zutela ezer lortuko pentsatuta, plataforma eratzea erabaki zuten. Iaz, elkarretaratze bana egin zuten Urretxuko eta Zumarragako udaletxeen aurrean, baina COVID-19agatik konfinamendua etorri zen gero. Aurreko larunbatean, berriro atera ziren kalera, eta Hiru sindikatuarekin batera, bidesaria jartzeko asmoa salatu zuten.

Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidean bidesaria jartzea ez zaizuela bidezkoa iruditzen diozue. Zergatik?

Iruditzen zaigu bidesari hori ezartzea Urola Garaiarentzat, Debagoienarentzat eta Goierrirentzat diskriminatzailea dela. Historikoki, gainera, Gipuzkoako beste eskualdeekin konparatuta, atzetik ibili gara errepide aldetik, eta bidesariarekin diferentzia hori handitu egingo da. Bidesariarekin, autoa hartu orduko pagatzen hasi beharko dugu. Bilbora, Gasteizera edo Donostiara joan nahi badugu, ordaindu egin beharko dugu; baina ez hori bakarrik, beharrezkoak ditugun gauzetarako ere bai: ikastera joateko, lanera, osasun arloko gauzetara… Adibidez, Zumarragan dugu ospitalea, eta bidesariarekin, Goierritik etortzeko ordaindu egin beharko da.

Aintzane Oiarbide diputatuak esan izan du Gipuzkoako edukiera handiko beste errepide batzuetan ere badaudela bidesariak, eta “koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik, neurririk eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena” dela erabileragatik ordainketa sistema bat ezartzea.

Gure datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %70ek doako edukiera handiko errepideak erabiltzeko aukera dute. Gu A-636 errepidea erabiltzera gonbidatzen gaituzte, baina deskontuak bakarrik eskaintzen dizkigute. Ez dut uste %70 eta %30 proportzio hori koherentea denik.

Foru Aldundiaren beste argudioetako bat da “eraikuntzak, mantentzeak, kontserbazioak eta ustiapenak eragindako kostuak ikusarazteko” balioko duela bidesariak. Zer iruditzen zaizue azalpen hori?

Guk informaziorik eta gardentasunik eza ikusten dugu, eta gure susmoa da dirua beste zerbaitetarako erabiliko dutela; antza denez, errepideen kontserbaziorako ez ezik, diru hori beste gauza batzuetarako erabiltzeko baimena ere ematen baitu Europak. Zertarako erabiliko duten? Auskalo! AHTa, Donostiako metroa eta horrelakoak etortzen zaizkigu guri burura.

Zergatik dituzue susmo horiek?

Badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiak bederatzi finantza erakunderekin kontratu bat duela sinatuta, eta banku horiek aldundiari eskatzen diote, abal gisa, aurtengo urte amaierarako bidesari hori jarrita egotea. Horregatik, informazioa eta gardentasuna eskatzen ditugu guk; orain ematen dizkiguten argudioekin ez gaituzte konbentzitzen.

Motoei ez, baina gainerako ibilgailuei bidesaria ordainarazi nahi die aldundiak. Eta prezioak ere eman ditu jada: Beasaindik Ormaiztegira joateko 0,38 euro ordainduko da; Ormaiztegitik Zumarragara joateko 0,74 euro… Zer iruditu zaizkizue kopuruak?

Asko gustatzen zaie kopuru txikiak eman eta kafe batekin alderatzea, baina errepide hori behar duenari urtero 400 euro inguruko kostua eragingo dio bidesariak, eta horrek esan nahi du zerbaiti uko egin beharko diola: onenean, kafeari edo musika edo hizkuntza ikastaro bati; txarrenean, oinarrizko beharren bati, tartean osasunari. Behar dugu errepidea. Gainera, kontuan hartu behar da Beasain eta Zumarraga arteko tartea duela hamabost urte eraiki zutela, eta doakoa izan dela orain arte. Beasain eta Zumarraga arteko tartea, GI-2632 dena, erabat aldatu zen edukiera handiko errepidea egin zutenean. Gauza bera gertatu zen Zumarragatik Bergarara doan GI-632arekin ere. Errepide horietan, Gipuzkoa berdeago baten aldeko apustua egin zuten, eta gaur egungo abiadura neurriekin eta abar, ezingo lituzkete jasan ibilgailuen gaur egungo eguneroko joan-etorriak. Herrietako kutsadura nabarmen gutxitu da, eta orain ezin dugu berriro errepide horietatik ibiltzen hasi. Gainera, Beasaindik Bergarara joateko, hau da, 34 kilometro egiteko, hiru ordu laurden behar dira errepide horietatik.

Hiru arku jartzeko asmoa du aldundiak: Beasainen, Ezkion eta Deskargan, eta, free flow teknologia erabiliz, autoek gelditu beharrik ez dute izango, trafikoa ez moteltzeko. Egokia iruditzen zaizue sistema hori?

Ezjakintasunagatik, teknologia horrek ere zalantza batzuk sortzen dizkigu. Adibidez, nola kudeatuko dituzte bertakoak ez diren ibilgailuen ordainketak VIA-T edo horrelako gailurik ez badute? Esan bezala, guretzat onura bakarra izango litzateke Gipuzkoako beste herritar askok bezala edukiera handiko errepideak ordaindu gabe erabiltzeko aukera izatea guk ere.

Erakunde publikoekin ba al duzue inolako harremanik?

Aintzane Oiarbide foru diputatuarekin bilera bat eskatu genuen iaz, baina konfinamenduak harrapatu gintuen, eta ez genuen egiterik izan. Oraindik ez gara elkartu. Berdin zaigu hark edo beste ordezkari politikoren batek ematen digun, baina informazio zehatz eta gardena eskatzen dugu.

Aurreko larunbatean, Hiru garraiolarien sindikatuarekin batera, auto ilara bat antolatu zenuten. Zer asmo dituzue aurrera begira?

Borrokatzeko gogoa ez digute kenduko, informazioa jaso bitartean behintzat. Egoera den bezalakoa da, eta gauzak zailtzen ditu horrek, baina aurrekoan ere hor ibili ginen herrian bueltaka, eta jarraituko dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.