Natura ikasgela bihurtuta

Natura ikasgela bihurtuta

Josune Zarandona

Natura gabeziaren gaitza terminoa 2008an erabili zuen, lehen aldiz, Richard Louv kazetari eta idazle estatubatuarrak. Last Child in the Woods (Basoetako azken haurra) liburuan, naturarekin harreman zuzena izateak giza garapenean —batez ere, haurren kasuan— izan ditzakeen onurak azpimarratu zituen ordu hartan Louvek, baita harremanik ez izatearen ondorio negatiboak ere. Horien artean aipatu zituen obesitatea, arreta falta, gaixotasun kardiobaskularrak eta hedatuen egon litekeen depresioa bezalakoak.

Dena den, hezkuntzan naturaren garrantzia azpimarratu duten pentsalari eta pedagogoen teoriak askoz lehenagokoak dira. Hala, Friedrich Fröbelek eta Maria Montessorik haurrak naturan hezteak duen garrantzia aldarrikatu zuten jada XIX. mendean. Teoria horretan oinarrituta sortu ziren, 1950 inguruan, lehendabiziko baso eskolak: Danimarkan.

Azkeneko urteetan, Gipuzkoan bertan ere hedatzen ari den mugimendu bat da baso eskolena. Irati Andoño Kutxa Ekoguneko baso eskolako teknikariak azaldu duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak udalerri eta eskola askori “beste hezkuntza eredu bat martxan jartzeko beharra” ikusarazi die.

2017an jarri zuen martxan Kutxa Ekoguneak baso eskolen ereduan oinarritutako proiektu pilotua Gipuzkoan. “Donostiako Amara Berri eskola publikoak eta Hernaniko Langile ikastolak onartu zuten gure proposamena”, gogoratu du Andoñok. Beranduxeago batu zen Alkizako eskola txikia ere. Gaur egun, 23 dira eredu horri atxikita dauden ikastetxeak. Horietako bat da Zaldibiako Lardizabal herri eskola.

Haurrak eskolako lau paretetatik gehiago atera eta herrian dituzten natur baliabideak gehiago aprobetxatzeko asmoz, Zaldibian pasa den ikasturtean hasi ziren, euren kasa, eskolak kanpoan antolatzen. Ikastetxearen alboan duten parke botanikora eta herrian dagoen urmaelera hasi ziren irteerak egiten. Eider Amundarain Lardizabal herri eskolako zuzendariak azaldu du “natura baliabide didaktiko izatea” nahi zutela.

Zaldibian pasa den ikasturtean hasi ziren, jada, baso eskolen ereduaz interesa erakusten. “Gure irteerak sistematizatu nahi genituen, eta bagenekien modu antolatuagoak bazeudela”, argitu du. Koronabirusak eragindako itxialdia etorri zen gero, eta, horrekin batera, eskolak egoera berrira egokitzeko beharra ere bai. Ikasturte berria hasi aurretik jarri ziren harremanetan Kutxa Ekogunearekin, eta buru-belarri heldu zioten proiektuari.

Astean behin, basora

Lardizabal herri eskolan “ikastetxeko komunitate guztia” dago prozesuan inplikatuta. Irakasleek, adibidez, baso eskolaren ereduan zailtzeko formazio bat jaso dute. “Lan handia egiten ari gara. Lehen genuen ereduarekin apurtzea ekarri du honek, txip aldaketa bat. Talde osoa ahalegin handia egiten ari da bere aldetik”, eta hori “azpimarratzekoa eta eskertzekoa” dela esan du Amundarainek. Gurasoak eta Zaldibiako Udala ere inplikatu dira baso eskolaren egitasmo horretan. “Proiektua azaldu eta segituan herrian barna egin ahal izateko hainbat ibilbideren zerrenda erraztu ziguten”.

Urtarrilaz geroztik, iaz bezala, Haur Hezkuntzako ikasleak egunero irteten dira Parke Botanikora, ordubetez. Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetan dute finkatuta, ordea, erronka. Izan ere, talde bakoitza astean behin basora joatea da helburua. Eguraldi txarrari aurre egiteko euritako petoak banatu dizkiete ikasleei, eta irteera duten egunetan petoa jantzita joaten dira eskolara, zuzenean basora joan ahal izateko.

Okobio eta Etxaisko basoak eta Agarreko hariztia Lardizabal eskolako ikasleen ikasgela bihurtu dira ikasturte honetan. “Ikasleak oso gustura joaten dira, zoriontsu etortzen dira etxetik petoa jantzita”, esan du Amundarainek. Ondorioak ateratzeko “oso goiz” da oraindik, Lardizabal herri eskolan “hasten” ari direlako oraindik, hango zuzendariak adierazi duenez. Baina aldaketa txikien zantzuak antzematen hasiak dira jada: “Aste hauetan haurren artean gatazka gutxiago gertatu dira, lasaiago daude eta gehiago gozatzen ari dira”, azaldu du Amundarainek. Baso eskola gelditzeko iritsi da Lardizabal herri eskolara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.