Aitziber Arzallus
Aurtengo txakolinak ez du aitzakiarik. Emilio Ostolaza Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentearen arabera, “urte aparta” izan da, nola kalitateari hala kantitateari dagokionez. Haren hitzetan, txakolin “biribila eta oso orekatua” lortu dute upategiek, 11,5-12 gradu ingurukoa, eta uzta aspaldiko oparoena izan da. 4.353.000 kilo mahats bildu dituzte sor-markako upategiek, 2019an baino %30 gehiago, eta hiru milioi litro txakolin ekoitzi dituzte; 3,9 milioi botila inguru. Datu horiexek eman zituzten joan den urtarrilaren 17an, uzta berria aurkezteko Getariako Balentziaga museoan egin zuten agerraldian. Orain, ekoizpena merkaturatzea dagokie upategiei, etxean egindakoa Euskal Herrian zein nazioartean saltzea, eta aurten inoiz baino gehiago saiatu beharko dute horretan, haizea ez baitute alde.
Iazkoa, gorabeherak gorabehera, “baleko” urtetzat jo daitekeela uste dute Ruth Mozo Getariako Txakolina sor-markako idazkariak eta Mikel Txueka Getariako Txomin Etxaniz upategiko administrariak. Mozok nabarmendu du urtarrila eta otsaila “oso hilabete onak” izan zirela, eta Txuekak uda “oso ondo” joan zela. Aurtengoari, ordea, zalantzaz begiratzen diote, eta gauza bera diote biek: pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela guztia. Mozoren ustetan, “zaila” izango da Aste Santurako egoerari buelta ematea, “baina ea udarako, behintzat, gauzak hobetzen hasten diren”. Txuekarentzat ere hortxe egongo da gakoa: “Udan nola gauden, horrek baldintzatuko du gure urtea”.
Erabat geldituta dena
Hiru aste dira aurtengo denboraldiari hasiera eman ziotela, eta, Mozoren esanetan, oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko. “Esku artean daturik ez dugu eta”. Baina aitortu du, “oraingoz, dena geldituta” dagoela. Antzera mintzatu da Txueka ere: “Gabonetan, ondo egin dugu lan, urtarrilaren hasieran ere zerbait bai, baina azkeneko bi asteotan, hilda dago dena”.
Koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurriei bota diete horren errua: mugikortasuna mugatuta egoteari; eta, batez ere, herri askotako ostalaritza guneak itxita egoteari, txakolina, gehienbat, tabernetan eta jatetxeetan kontsumitzen delako. “Herritik irten ezinak eragiten du kontsumoan, eta tabernen eta jatetxeen %80 itxita egoteak zer esanik ez”, adierazi du Txuekak.
Mozok azaldu duenez, upategi askok Horeca kanalaren bidez merkaturatzen dute ekoizpen guztia; ostalaritza sektoreko banatzailea da Horeca. “Beraz, ostalaritza itxita badago, ezin saldu”. Txomin Etxaniz upategiko txakolina, berriz, zuzenean zein hainbat banatzaileren bidez merkaturatzen dute. “Getariako upategirik handienetakoa gara, baina ez gara enpresa handia. Zenbait lekutara geuk banatzen dugu zuzenean, baina Gipuzkoa guztira ailegatzeko, hainbat banatzailerekin lan egiten dugu. Dena dela, emaitza bera da denentzat: merkatua hilda dagoela”.
Eta, oraingoz, esportazioek ere ez dituzte salbatuko. “Zerbait” mugitzen ari dela esan du Mozok, baina “askorik ezetz”, zehaztu du Txuekak. “Beste urteetan ekoizpenaren %15 inguru saltzen dugu kanpora, baina, hemen bezala, kanpoan ere egoerak ez du laguntzen. Kanpoan ere tabernetan eta jatetxeetan kontsumitu ohi dute txakolin gehien, eta denean antzera daude gauzak”.
Bisitak, mugatuta
Txakolina botilan merkaturatzeaz gain, upategiak bisitatzeko aukera ere eskaintzen dute txakolindegi askok, eta horietan ere nabarmen eragin dute COVID-19aren kontrako neurriek. “Bisitak egiten jarraitu dugu, baina aldian-aldian ezarritako mugetara egokituta”, adierazi du Txuekak. “Gabonetan, mugak irekita zeudenean, Euskal Herri guztitik etorri zen jendea; lurralde arteko joan-etorriak galarazi dituztenetan, Gipuzkoatik bakarrik…”. Taldeak “normalean baino askoz txikiagoak” izan direla gaineratu du Mozok: “20-25 laguneko taldeak hartzen genituen lehen, seikoak azkenaldian, eta laukoak orain”.
Bisitekin jarraitzeko asmoa dutela dio, “momentu hauetan diru sarrerengatik baino gehiago, jendea upategian hartzeak ematen duen bizipozagatik”, baina aitortu du egoerak “errespetua” ematen duela: “Beharrezko neurri guztiak hartuta egiten ditugu bisitak, baina zorrotzen ibilita ere, ez daukazu ezer ziurtatzerik”.
Leave a Reply