Mina, sufrimendua eta itxaropena

Mina, sufrimendua eta itxaropena

Unai Zubeldia

Bizitzarekin, gozamenarekin lotzen dut nik mendia; eta, pandemia garaian, are gehiago”. Baina heriotzari buruzko dokumental bat sortzeko beharra sentitu zuen Iñaki Peñak duela bi urte. Debagoieneko Ospitalean Zainketa Aringarrietako medikua da. “Eta egunerokoan oso presente izaten dut heriotzaren gaia”, zehaztu du. 10-11 urte daramatza arlo horretan lanean, eta, 2013an pausoa eman zuenetik, hiru dokumental egin ditu jada: Aulki Hutsak 2013an, doluari buruzkoa; S(u/a)minetik bakera 2017an, dolua eta indarkeria lotzen dituena; eta Mendian hil, hirian hil iazko abenduan, mendiko heriotzei buruzkoa.

Hain zuzen ere, azken lan hori bertatik bertara ikusteko aukera izango da gaur eta hurrengo ostiralean Aretxabaletako Arkupe kultur etxean (19:00), eta bihar Eskoriatzako Zaldibar antzokian (19:00). Martxoaren 9an, berriz, Tolosan ikusi ahal izango da dokumentala, Mendi Tour jaialdian. Dokumentalarekin batera, gainera, solasaldia ere izango da ondoren, gaiari buruzko zalantzak argitu ahal izateko. 58 minutukoa da dokumentala, eta beste ordubetekoak izaten dira, normalean, solasaldiak. Mendian hil, hirian hil lanak euskarazko film onenaren saria jaso zuen, abenduan, Bilbon, Mendi Film Festival jaialdian. Peña elkarlanean aritu da Arteman Komunikazioa kooperatibarekin; Eider Ballina eta Josu Txintxurreta aritu dira editore eta post-produktore lanetan, eta Eñaut Zubizarretarena da musika banda.

Ramon Olasagastiren Mendi minez liburuak sortu zion Peñari doluari buruz zer edo zer idazteko beharra, 2007an. “Garai hartan hil zen gure aita, hirian, Donostian, minbiziak jota, 64 urterekin, eta liburu horrek asko lagundu zidan nire doluari aurre egiten; ondoren, 73 urterekin hil zitzaidan ama, minbiziarekin hura ere, goizegi”. Mendian kokatuta dagoen liburu batek lagundu zion etxeko heriotza bat gainditzen. “Mendian hildako pertsonenak dira Ramonek bildutako testigantza gehienak, baina mendian hil ez zen mendizale baten testigantza bat ere bildu zuen, etxean bere buruaz beste egin zuen batena”.

MENDIAN HIL, HIRIAN HIL DOKUMENTALA

Mendia eta hiria, biko hori buruan oso presente gelditu zitzaion Peñari. “Eta, horren erakusgarri, Ramon Olasagastiren beraren hausnarketa batzuk ere erabili ditugu dokumental honetan”. Iñaki Otxoa Olzari buruzko liburuak eta dokumentalak ere argitu zuen Peñak buruan zeukan eskema —2008ko maiatzaren 23an hil zen, Annapurnan, 7.400 metrotan—.

Mikel Crespo, Xabier Ormazabal eta Beñat Arrue mendian hildako hiru gazteen senideak —Balaitusen (2017), Cho Oyun (2004) eta Pumorin (2001) hil ziren, hurrenez hurren—, Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriarte mendizaleak, Jorge Nagore kazetaria, Izaskun Andonegi dolu prozesuetan aditua, Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikuak —Felix Zubia tartean—… Sentimendu eta min asko bildu ditu Peñak ordubete eskaseko lanean.

Itxaropenari helduta

Cresporen amaren esan bat da senideek sentitzen duten minaren eta hildako senideak bizitza ulertzeko zeukan moduaren arteko talkaren adibide argia: “Badaude Balaitusen, tontorrean, hil zen egunean, 10:30ean, pozarren agertzen den argazkiak, eta horri begira esaten duzu: azkeneko momentura arte zoriontsu izan zen, ezta?”. Dokumentalaren egileak azpimarratu du itxaropenari heltzeko adibide egokiak direla senideen sentimendu horiek.

MENDIAN HIL, HIRIAN HIL DOKUMENTALA

Helburu argia dauka Peñak: “Bakarrik ez hiltzearen garrantzia azpimarratzea”. Horixe baitauka mendiak askotan, “bat-batean eta bakarrik hiltzen direla mendizale gehienak, istripuen eraginez”. Bat-batean, bakarrik… eta oso gazterik asko eta asko. “Eta oso dolu zailak izaten dira horiek. Gurasoak egoten dira mendizale bakoitzaren atzean, eta gogorra da 20 urteko seme baten heriotzak eragindako doluari aurre egitea; laguntza profesionala behar izaten dute gehienek dolu prozesuan”. Eta dokumentalaren egileak mahai gainean jarri nahi izan du mendizale horien bikotekideen edo anai-arreben errealitatea ere. “Baina dolu zail horietan ere itxaropena mantendu behar da, heriotza horien ondoren ere oso posible baita zulotik ateratzea”.

Pandemiaren eragina

Peñak azpimarratu du mendiak berezkoa duela bakardade sentsazio hori. “Baina koronabirusaren pandemiarekin jendea jabetzen ari da zer den hirian bakarrik hiltze hori, eta asko asaldatu egiten ditu horrek”. Baina beste lanbide batzuk ere zerrendatu ditu medikuak: “Arrantzale baten familiak badaki arriskua hor dagoela beti, suhiltzaile batenak ere bai… Eta, noski, baita himalaista batenak ere. Arriskua onartuta dago nolabait, baina, Juanjok [San Sebastian] esaten duen moduan, zure bizitza ez da zurea bakarrik”.

Mendizaleekin eta mendizaleentzat egindako lana da Mendian hil, hirian hil. “Baina, orain arte, denetik izan dugu ikusleen artean”, zehaztu du Peñak. “Mendizaleak bai, noski, baina baita heriotzari buruz hitz egin nahi zuten herritarrak ere”. Egileak esan du gaur egungo gizartean ez dagoela hainbeste toki on heriotzaz hitz egiteko. “Oso baztertuta daukagu gai hori, eta, horregatik, pertsona batzuk euren testigantzak ematera etortzen dira solasaldietara, badakitelako gune horretan heriotzari buruz lasai hitz egin ahal izango dutela”.

Onartu du “barrua mugituta” amaitzen dituztela saio asko. “Baina, hain zuzen ere, horixe eskaini nahi dugu guk: bi belarri. Ez hainbeste guk hitz egitea, beste batzuek eurena konta dezaten gune erosoak sortzea baizik”. “Oso esperientzia aberasgarria” gertatzen ari da Peñarentzat, etengabeko feedbacka lortzen ari delako. “Lehengo batean, Facebook bidez, pertsona baten mezu luze bat jaso nuen, bere esperientzia pertsonala kontatuz. Asko poztu ninduen mezu horrek”.

“Zergatik ez ditugu neurtzen mendiak gure baitan sortzen duten ilusioaren arabera?”, galdetzen du Felipe Uriartek dokumentalean; “zure beldurren kontrako borroka hori nola ez da ba izango adiktiboa?”, dio Juanjo San Sebastianek; “ez doaz bertara heriotzaren bila, bizitzaren bila baizik”, argitzen du Jorge Nagorek. Heriotza eta itxaropena, bi mutur horiei helduta lan gordina biribildu du Peñak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.