Karmele Uribesalgo
Birus batek, oso modu azkarrean, zeharo aldatu du eguneroko bizimodua. Arlo profesionalari dagokionez, herritar askok lana galdu dute; beste batzuk, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteei helduta dabiltza. Hainbat sektoretan ez da samurra egoera.
GARBIÑE ELORZA
Bidaia agentziako langile ohia (Bergara)
“Atea irekitzean, dirua sartu beharrean, atera egiten zen”
28 urtez bidaia agentzia batean lanean aritu ostean, langabezian dago Garbiñe Elorza (Bergara, 1966). COVID-19aren pandemia dela eta, Bergaran, adibidez, hiru bidaia agentziatatik bi itxi dituzte; tartean, Elorzaren lantoki izan den B The Travel Brand-en bulegoa. Bai Elorza eta bai haren lankidea autonomoak ziren, eta biak gelditu dira lanik gabe. “Inoizko garai txarrenak dira hauek”, aitortu du. Iazko martxotik diru sarrerak “ia zero” izan dira, baina gastuak eta tasak ordaindu behar izan dituzte. “Atea irekitzean, dirua sartu beharrean, atera egiten zen”, esan du. Ia urtebetez “dirua galtzen” aritu ostean, urtarrilean itxi egin zuten bulegoa, egoera “jasanezina” zelako.
“Ahaztuta eta abandonatuta” sentitu da Elorza. “Jendea ez da gutaz gogoratu, eta, orain, bulegotik gauzak ateratzen ikusi gaituztenean, konturatu dira zein egoeratan gauden”. Diru laguntzarik ere ez dutela jaso salatu du: “Bidaia agentzietarako ez da diru laguntzarik izan. Udalak emandako 800 euroak bakarrik jaso ditugu, herriko gainerako komertzioek bezala”.
Ez du uste bulegoa berriz zabalduko dutenik. Azaldu duenez, sektorea “momentu txarra” igarotzen ari da, eta kostatu egingo zaie lehengo kopuruetara itzultzea. “2023an, agian, lehengo salmentetara itzultzeko aukera egongo da, baina lehenago ez, ziur”, adierazi du. Hori dela eta, beste sektoreren batean bilatuko du lana Elorzak, ia hiru hamarkadatan haren ogibidea izan dena alde batera utzita.
AGUSTIN MUJIKA
Jaiak dendako arduraduna (Zaldibia)
Astebete da inauterietako ostegun gizena igaro zela. Zaldibiako Jaiak dendan lanez lepo zeuden duela urtebete, eta bospasei langile aritu ziren mozorroak saldu eta saldu. Orain, berriz, familiakoak bakarrik aritzen dira negozioan: Agustin Mujika (Lasarte-Oria, 1960), haren emaztea eta semea. Urtean zehar izan ohi dituzten bi langileak, berriz, aldi baterako enplegu erregulazioan daude.
“Ez denez inauteririk ospatu, ez dugu bezerorik eduki; egunean 50 euro inguru irabazten aritu gara azken boladan, eta kopuru negargarriak dira horiek”, azaldu du Mujikak. Aratusteen bueltako asteak “oso garrantzitsuak” izaten dira Jaiak dendarentzat. Hango arduradunak azaldu duenez, “urte osoko irabazien hiru laurdenak, gutxienez”, garai horretan lortzen dituzte, eta “oinarri inportantea” izaten da urtean zehar aurrera egiteko. “Urteko gure apustu nagusia inauterietan izaten da”.
Herrietako jaietan ere izaten dute mugimendua. Horrez gain, Gabon inguruan baserritar arropak saltzen dituzte, baina oraingoan apenas gerturatu zaien jenderik. “Gure denda ez da okindegi bat, non egunero saltzen den ogia; gurea oso puntualki funtzionatzen duen komertzio bat da”, esan du Mujikak. Gainera, herrien arteko joan-etorrian ezarritako mugek ere eragina izan dute Jaiak dendan, aste honetara arte Zaldibiako herritarrak bakarrik joan ahal izan baitira haiengana.
Gauzak aldatzeko esperoan pasatu dituzte azken hilabeteak, baina etorkizuna “oso beltz” ikusten du Mujikak. Izan ere, azaldu duenez, hilabetean 2.000-3.000 euro inguruko gastuak dituzte, eta diru sarrerak “minimoak” dira. “Udan ez badago jairik, agian itxi egin beharko dugu egoerak hobera egin arte”, kontatu du. Hala ere, baikor izan nahi du: “Dena ez da lana eta tristura, lainoaren atzean beti egoten da eguzkia, eta uste dut etorkizunean jendeak beharko dituela mozorrotzeko uneak eta ongi pasatzeko momentuak”.
RAMON APALANTZA
Taxilaria (Azpeitia)
“Egunean hamabi ordu pasatzen ditut lanean, eta, askotan, ezer egin gabe joaten naiz etxera”. Orduak eta orduak igarotzen ditu Ramon Apalantza taxi gidariak (Errezil, 1955) Azpeitiko geltokian, baina, iaz egiten zuen bidaia kopuruarekin alderatuta, “izugarri” jaitsi da aurten egin dituenen zifra. “Kilometrotan barregarri nabil; %80ko galera daukat, nire bezeroen zati handi bat galdu baitut pandemia dela eta”, azaldu du. Enpresetako langileak aireportura eraman ohi ditu, baina “nabarmen” jaitsi dira gisa horretako bidaiak. Larunbat gauetan ere egiten zuen lan Apalantzak, baina orain ez dauka bezerorik goizeko ordu txikietan. Gainera, herrien arteko mugimendurik ezak zuzenean eragin dio taxilarien lanari ere; herritarrak ezin dira euren udalerritik atera, kasu puntualetan ez bada, eta horrek asko baldintzatu du taxi gidarien jarduna. Adibidez, Apalantzak kontatu du sagardotegi garaian Astigarragara eta Hernanira joan-etorri ugari egiten dituela, baina aurten azpeitiarrek ez dute plan hori egiteko aukerarik. Hori horrela, Apalantzaren hitzetan, “oso gaizki” dago taxilarien sektorea. “Jendea ez da herritik mugitzen, eta guk nabari dugu hori”.
Laguntza falta dela eta, kexu da Apalantza: “Konfinamendu garaian 1.200 euro jaso nituen, baina ez dut bestelako laguntzarik izan. Fakturak-eta, hori bai, zuzen etortzen dira”. Egoera zein den jakinda, orokorrean, ez du posible ikusten taxilari izatetik bakarrik bizitzea. Apalantzak azaldu duenez, seme-alabak “hazita” dituenez, “lasaiago” dago, baina azpimarratu du, oro har, taxi gidariak “une gogorrak” ari direla bizitzen. “Ez genuen horrelakorik espero, eta sekulako kaltea egin digu”.
Baikortzat jo du bere burua, baina etorkizuna “beltz” ikusten du, aitortu duenez. “Herritarrak oso desanimatuta daude, nazkatuta, denbora pasatuta ere egoera ez baita hobetzen, eta ez dut erraza ikusten egoera honi buelta ematea”.
JAIONE ARRETXEA
Muñoa ile apaindegia (Donostia)
Ile apaindegi askok euren lan egiteko modua moldatu behar izan dute pandemia dela eta. Itxialdian ezin lanik eginda gelditu zen Donostiako Muñoa ile apaindegiko Jaione Arretxea (Donostia, 1977). Amarekin eta ahizparekin batera darama Egia auzoan duten negozioa. Unerik latzenak konfinamendu garaikoak izan zirela azaldu du. Izan ere, ile apaindegia itxita eduki behar izan zuten. Gainerako sektoreetakoak azaldu moduan, laguntza falta nabaritu zuten. “Faktura batzuk atzeratu egin dizkigute, baina orain ordaintzen ez duzuna gero pagatuko duzu”, adierazi du Arretxeak. Dena den, itxialdian bezeroak ile apaindegira joan ezinda bazeuden ere, zerbitzua eskaintzen jarraitu zuten Muñoakoek. “Bezeroei deitzen nien zer moduz zeuden jakiteko, eta, esaterako, ilea tindatzeko beharra bazuten, nik laguntzen nien eskaera egiten, eta kolorea nola eman ere azaltzen nien”, kontatu du.
Ile apaintzaileak adierazi duenez, ahoz aho joan da pasatzen Muñoan arreta hori eskaintzen zutela, eta bezero berriak ere badituzte orain. “Lan pila bat ari gara egiten; ezin gara kexatu, beste batzuk gu baino askoz ere okerrago baitaude”. Gutxi badira ere, badituzte Donostiakoak ez diren bezeroak, eta, kasu horietan, jarduera sozioekonomikoa egiteko lekualdatzeko aukera zegoenean, egiaztagiriak bidaltzen zizkieten.
Itxaropentsu dago Arretxea, eta ez du uste ile apaindegiak itxiaraziko dituenik egoerak. Hala ere, badu kexa bat: “Gurea oinarrizko zerbitzu gisa kontsideratu zuten, baina BEZa luxuzko artikuluei dagokiena ezartzen digute”. Ile apaintzaileak nabarmendu du halako tokiak seguruak direla. “Bezeroak seguru, lasai eta gustura etortzen dira, neurri guztiak hartzen ditugulako”.
Leave a Reply