Miren Garate
Donostiako Jakintza ikastolan egin zuten lehen emanaldia. Hantxe ikasten hasia zuten alaba zaharrena. 1971. urtea zen, gurasoak ikastolan asko inplikatzen ziren garaia. Betidanik antzerkiaren munduan ibilitakoak ziren Enkarni Genua (Donostia, 1942) eta Manolo Gomez (Donostia, 1938), eta beren burua eskaini zuten txotxongilo emanaldi bat egiteko. Behin egin eta kito, ez zuten bestelako asmorik. Alabaina, egundoko arrakasta izan zuen ikuskizun hark, eta irakasleek ahoz ahoz zabaldu zuten bazegoela bikote bat txotxongiloekin euskaraz aritzen zena. Segituan hasi zitzaizkien batetik eta bestetik deika, eta 50 urtera iritsi da jada bikotearen Txotxongillo Taldea. Igandean egin zuten ospakizuna Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta ekitaldi hartan Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kide oso izendatu zuen Genua. Orduko emozioak bizi-bizi dituztela egin dute urte hauen guztien errepasoa, anekdotaz anekdota.
Euskararekin hasi dira. Txotxongiloekin hasi zirenean, euskaraz ikasten hasi berriak baitziren Genua eta Gomez. “Alaba ikastolan sartu genuenean erabaki genuen geuk ere ikasi beharko genuela, hari ulertu ahal izateko”. Hiru seme-alabak oheratu ostean joaten zitzaien irakaslea etxera: Mari Karmen Garmendia, gerora Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zena. “Askotan esan digute zergatik ez ditugun gaztelaniaz ere egiten, baina ez, guk euskaraz bakarrik ditugu obrak”.
Asteburuetan bakarrik aritzen ziren aurrena, bakoitzak bere lanpostua zuelako txotxongiloez aparte. Filosofia eta Letretan lizentziaduna da Genua, eta irakasle aritu zen Donostiako Larramendi ikastetxean eta Elizbarrutiaren Irakasleen Eskolan. Gomez, berriz, finantza erakunde bateko langilea izan zen urte askoan. “Seme-alabak autoan sartu, eta herriz herri ibiltzen ginen. Hori zen asteburuetako gure plana. Hasieran, beste auto bat ere alokatu behar izaten genuen, materiala eramateko”.
Udan, berriz, Bartzelonara edo Frantziako Charleville Mezieresko txotxongilo jaialdira joaten ziren, besteengandik ikasi ahal izateko. “Esperientzia, gertaera berezi eta emozio pila bat bizi izan ditugu txotxongiloei esker”, nabarmen du Gomezek.
Bilboko udaletxean egindako omenaldi bateko argazkia atera du Genuak. Orgullo titiritero izenburua ageri da bertan. “Titiritera hitza gutxiesteko erabili izan da, baina nik ez dut inoiz konplexurik izan txotxongilolaria naizela esateko, eta ez naute txartzat hartu”. Irakasle eskola itxi zutenean, txotxongiloak lanbidetzat hartzea erabaki zuen. Gogoan dauka, behin, eskola batean egindako emanaldiaren ostean, irakasleekin kafe bat hartzen ari zela, zertan lan egiten zuen galdetu ziotela. “Titiritera naiz”. “Guztiok bezala, ezta?”, erantzun zioten. “Guztiok bezala? Zu hala zara, ala? Zeren ni bai”, berriz, Genuak. Beste behin, amarekin pasieran zebilela, “emakume dotore batek” galdetu zion zer lanbide zuen. Txotxongilolaria zela erantzun zionean, amak ondotik: “Baina ikasketaduna”. Kargu hartu zion amari, ea zergatik esan zion hori.
Atzerriko bidaiak gogoan
Manolo Gomez eta Enkarni Genua bikoteak bereziki gogoan dauzka atzerrira egindako bidaiak. Txekoslovakiara izan zen horietako bat. “Hori 1985. urtean zela uste dut. Pentsa zenbat muga zeharkatu behar izan genituen. Umeei txintxarriekin ardi soinua egiteko esaten nien, eta puppets [txotxongiloak] esaten nien nik poliziei. Behin autoa desmuntatzeko agindu ziguten”. Bira txiki bat egin zuten han, une oro komisario politikoa eta interpretea ondoan zituztela.
Latinoamerikako herrialdeetan ere izandakoak dira, tartean, Ekuadorren. Ayuda en Accion gobernuz kanpoko erakundearen bidez neskato bat zuten babesean hartuta, eta hura ezagutzera joateko bidaia oparitu zion Gomezek Genuari. “Baina niri erreparoa ematen zidan hara joan eta esateak: ‘Ni naiz zuri laguntzen dizuna'”. Hala, gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri, eta txotxongiloekin joatea proposatu zieten, neskatoari eta haren lagunei emanaldiak egiteko, eta, bide batez, irakasleei txotxongiloei buruzko ikastaro bat emateko. Primeran iruditu zitzaien denei. Andeetako bi mila metrotik gorako herrixka batera zeramatzatenean autoz, jendetza ikusi zuten herrirantz joaten. “Pentsatu nuen: zer ondo, hemen zerbait badago. Galdetu nuen zer zegoen, eta ‘zuek’ izan zen erantzuna”, dio Genuak, beste argazki bat erakutsiz. Haurdun dagoen emakume bat ageri da zaldi gainean emanaldirako bidean, hiru umerekin: bat bizkarreko zapian, beste bat zaldi gainean eta bestea zaldia sokaz eramaten. “Egundoko zoramena eragin genuen”.
Emanaldi kuttunak
50 urte hauetan, berrogei obra inguru sortu dituzte bi lagunek. Horietako bat aukeratzekotan, Erreka Mari daukate kutunenetakoa. 1978an sortu zuten, eta oraindik ere antzezten dute —huraxe aukeratu zuten igandeko emanaldirako ere—. “Zoritxarrez, inoiz ez da zaharkituta geratzen”. Euskal Herriko azkeneko lamiaren istorioa kontatzen du Erreka Mari-k, eta bi mezu nagusi ditu: natura zaintzeko premia eta desberdinekiko errespetua. Jazarpen kasu batekin arazoak zituzten ikastetxe batean izan ziren behin ikuskizun horrekin. “Amaitutakoan, ipuinean zer gertatzen zen kontarazi nien ikasleei, eta galdetu nien zer iruditzen zitzaien Erreka Mari hala baztertzea. Bidegabekeria zela erantzun zidaten. Eta orduan galdetu nien ea ezagutzen zuten halako kasuren bat. Urduritzen hasi ziren. Irakasleak izugarri eskertu zidan”.
Itsasminez da oso maitea duten beste emanaldi bat. Lagun baten aita urpekariaren omenez sortua da. Emanaldietan hari buruzko galderak egiten zituzten umeek, eta Genuak urpekariaren helbidea eman zien, eta berari idaztea proposatu. Bat-batean gutunak jasotzen hasi zen ordurako zahartuta zegoen gizona, eta egundoko ilusioa egiten zien eskutitz haiek. Aitona-amona egindakoan, berriz, Zergatik bizi da basoan txanogorritxoren amona? emanaldia prestatu zuten.
Gordeta dituzte orain arte erabilitako txotxongilo guztiak. Haietako bat izan dute konfinamenduan lagun: Topiceko maskota den Mariona.
Leave a Reply