Santa Klararen erabilera, eztabaidagai

Santa Klararen erabilera, eztabaidagai

Aitziber Arzallus

Zarauzko Udalak Santa Klara komentua eta haren lurrak erosteko tratua egin du Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosen Elkartearekin. Horrela, herriaren erdigunean 12.000 metro koadroko lursaila eta balio historiko eta arkitektoniko handia duten hainbat eraikin irabaziko dituzte zarauztarrek. Baina horiek zertarako erabili? Eta nola erabaki eremu horri zer erabilera eman? Horiek dira orain galderak. Xabier Txurruka alkateak (EAJ) parte hartze prozesu bat abian jartzeko asmoa adierazi du, udal gobernuan kide dituen PSE-EEko alderdikideen babesarekin. EH Bildu oposizioko alderdiak ere beharrezko jo du prozesu hori gauzatzea, nahiz eta zalantza gehiago dituen udal gobernuak hartu nahiko lukeen bidearen inguruan. Oraindik salerosketarako akordioa sinatu gabe izanik, EAJk ez du adierazpenik egin nahi izan, baina hitz egiteko prest azaldu dira Gloria Vazquez PSE-EEk Zarauzko Udalean duen ordezkaria eta Itziar Murua EH Bilduren ordezkaria.

2017ra arte komentuan bizi ziren klaratarrek Txurrukari eskatu zioten “Zarauzko herriarentzako interes orokorreko erabilera publikora bideratzeko” eraikina; beraz, Vazquezek uste du haien nahia errespetatu beharko litzatekeela batetik. Bestetik, berriz, eraikina kultur jardueretarako erabiltzearen alde egin du, herriak kultur ekipamendu egokirik ez duela iritzita. Horretan bat dator Murua ere, baina hori nola egin, horretan du zalantza. Izan ere, alkateak aurreratutakoaren arabera, udala, lehenik eta behin, aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jarriko da harremanetan, eremu horretan zer esku hartze egin daitezkeen jakiteko, eraikin multzoa babestuta baitago eta etorkizuneko jarduerek erakunde horien oniritzia behar baitute.

C:DOCUME~1xabierCONFIG~1TempBGPlot_3404II.0 VISTAS AEREAS

Gauzak pausoz pauso egiteko asmoa adierazi du. “Lehenik, Zarautz 2030 Planetik udal eraikinen sarea eta egungo erabilerak aztertu beharko ditugu, eta, ondoren, partaidetza prozesu bat abian jarri, herritarrek, teknikariek eta inplikatutako gainerako eragileek euren proposamenak partekatu ahal izateko”. Hortik bideratuko lukete etorkizunerako “proposamenik onena eta egokiena”.

Muruari, baina, parte hartze prozesu horri lehenbailehen ekin beharko lioketela iruditzen zaio. “Noski, beharrezkoa iruditzen zaigu eraikinean egin daitezkeen moldaketak zeintzuk diren zehaztea, baina uste dugu aldi berean erabaki beharko genukeela zertarako erabili nahi dugun ere. Arkitekto batek ezingo du egoki esan zer egin daitekeen, ez badaki zertarako erabili nahi dugun”. Alde horretatik, herrian kultur mahai bat sortzeko beharra defendatu du EH Bilduren ordezkariak. “Urteak daramatzagu hori eskatzen, aurrekontuetan horretarako diru sail bat eskatzen, baina, itxura denez, udal gobernuak ez du horren beharrik ikusten”. Horrez gain, Muruak garrantzi handia eman dio komentuaren inguruko berdeguneen erabilera zehazteari ere. “Iruditzen zaigu oso aukera ona ematen duela herritarrentzat parke publiko bat egiteko, baina parke horrek nolakoa izan behar duen ere denon artean erabaki beharko genuke, aukerak ugariak baitira”.

Erosketa “estrategikoa”

Vazquezek “pazientzia” eskatu du. “Beharrezkoa iruditzen zait parte-hartze prozesua martxan jartzea, baina baita urratsez urrats joatea ere, presarik gabe. Badaude parte-hartze prozesuak gauzatzen adituak diren enpresak, eta onena gauzak haietakoren baten esku uztea izango da”.

Komentua eta haren inguruko lursailak zertarako erabili eta hori nola egin erabakitzeak lanak emango dizkie, baina salerosketa operazioa bera udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek txalotu dute. Alkateak “operazio estrategikotzat” jo du lur horiek erostea, Zarauzko erdigunean “birika berde paregabea” lortzeko, eta halaxe dela uste dute Vazquezek eta Muruak ere.

Komentua eta haren inguruko lursailak bereganatzeko, Zarauzko Udalak lau urtean 5,13 milioi euro ordaindu beharko dizkio Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosen Elkarteari. Horren truke, udalak bereganatuko duen azalera eraikia —eliza, klaustroaren inguruko komentua eta ondoko lau eraikin txikiak— 4.500 metro koadro ingurukoa izango da, eta lursail osoaren azalera, harresiz inguratua, 12.000 metro koadro ingurukoa.

Bost menderen ostean, 2017ko uztailean, hutsik gelditu zen Santa Klara komentua, han bizi ziren lau klaratarrak Oñatiko Bidaurreta monasteriora joan zirelako bizitzera, eta Vazquezen arabera, azken udal gobernuentzat “helburu argia” izan da erosketa hori gauzatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.