Sokari tinko eusten diote

Sokari tinko eusten diote

Imanol Garcia Landa

Ibarra sokatira klubean emakumezkoen talde bat eta gizonezkoen beste bat daude, eta biak 2009an hasi ziren txapelketetan parte hartzen. Gipuzkoako goma gaineko talde bakarrak dira biak ala biak. Gizonezkoen taldeak Astigarragako Auzolan taldean du sorrera. Han hasi zen Lander Otermin ibartarra, inguruan beste talderik ez zegoelako. “Ibarra ingurutik jende gehiago animatu zen Astigarragara joatera. Hango batzuk uzten hasi ziren gero, eta, azkenean, jende gehiago ginen gure aldekoak bertakoak baino, eta Ibarrara lekualdatu zen taldea”.

Hain justu, 2009an apustu bat antolatu zuten gizonezkoen artean, festetarako, Ibarrako eta inguruko jendearekin. Ideia horretatik abiatuta, emakumezkoen artean ere apustua egin zuten: Ibarraren eta Tolosaren artekoa. “Festak pasatu ondoren, eta ikusita emakume askok parte hartu genuela, taldeko arduradunak galdetu zigun ea animatuko ginen talde bat osatzera eta txapelketetan parte hartzera. Batzuk animatu egin ginen, eta horrela sortu zen taldea”, esan du Oihane Sarasola Nosellas ibartarrak.

Mutrikun badute lur gainean aritzen den gizonezkoen taldea, baina goma gainekorik, ez. Goma gaineko talde bakarra Ibarrakoa izaki, hainbat herritakoak dira taldeko sokatiralariak, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. “Jendea ekartzea kostatu egiten da, baina behin norbait hasten denean, sokatirak lotu egiten du”, azaldu du Oterminek. Halere, ez daki zehazki zer duen kirol horrek hain magnetikoa izateko: “Entrenamenduetan egurra hartzen dugu. Azken urtea izango dela esaten dugu denboraldi bakoitza bukatzen denean, baina hainbeste ordu pasatzen ditugu elkarrekin… Familia bat bezalakoa da, eta elkarren beharra sentitzen dugu denboraldiaren hasieran”. Sarasolak ere iritzi bera du: “Beste kirolek bezala, badu sufrimendu-gozamen hori. Horrez gain, oso talde giro ona dugu, eta horrek ere harrapatu egiten du. Talde kirola da, eta ni asko erakartzen nau horrek”. Azpimarratu du sokatira “ezagutu” egin behar dela: “Osoa da kirol gisa”.

IBARRA SOKATIRA TALDEA

Emakumezkoen taldeak gorabeherak izan ditu mantentzeko: “Lehenengo urtea taldea osatzekoa izan zen, eta forma hartu zuen gero. Baina, ondoren, batzuk kanpora ikastera joan zirela, beste batzuk ama izan garela… Joan-etorrian ibili da jendea, baina, berriz ere, talde polita sortu da denboraldi honetan”, dio Sarasolak. Sokatiralariak esan du irailean “gogoz” elkartu zirela entrenatzeko. “Baina ez genekien txapelketak jokatuko genituen edo ez”. Denboraldi honetan, entrenatzaileaz gain, prestatzaile fisiko bat ere badaukate.

Sokatira ezagutzen ez duenak, ziurrenik, indarrari emango dio garrantzia kirol horretan nabarmentzeko, baina Oterminek argi utzi du ez dela hala: “Kirol teknikoa da. Zortzi lagunek buru batekin pentsatu behar dute. Prestaketa handia behar da ondo ibiltzeko. Indarra behar da, baina ofizioa dakien zortziko txiki batek nahi duen bezala irabaziko dio fisikoki indartsua den baina sokatiran ez dakien beste talde bati”.

Parekidetasunaren eredu

Sarasolak adierazi du kirolean, orokorrean, “lan asko” dagoela egiteko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekidetasunari dagokionez: “Herri kirolak izan daitezke salbuespena. Ni, adibidez, sokatiran ez naiz gutxiago sentitu emakume izateagatik”. Hori bai, kexatu izan dira ETBn gizonezkoei leku gehiago eman izan zaielako eurei baino: “Egia da haiek tiraldi gehiago izaten dituztela, pisu gehiagotan lehiatzen direlako, baina aurtengo txapelketan, behintzat, nahiko berdinduta ari dira ematen tiraldiak”.

Sarasolak dio sokatirak etorkizun zaila duela: “Gaudenok jarraitzen dugun bitartean, ondo ibiliko gara, baina gu ez gara betiko egongo. Jarraipena behar dugu”. Horretarako, herri kirolen inguruko eskola bat sortzea proposatu du Sarasolak.

Lehiaketak, batetik, jende kopuruaren arabera sailkatzen dira; laukoak edo zortzikoak izan daitezke taldeak. Denboraldiaren hasieran, lauko txapelketak egiten dituzte, eta, gero, zortzikoak. Gainera, sokatiralarien pisuaren arabera sailkatzen dituzte taldeak. Horregatik, kirolariek ahalegin berezia egin behar izaten dute pisu jakin batean egoteko.

Aurtengo denboraldia ezohikoa izaten ari da, txapelketetan talde gutxiago ari direlako parte hartzen, eta, liga baten ordez, zuzenean finalak jokatzen ari direlako. “Talde batzuek ez dute izenik eman, eta beste batzuk, azkeneko orduko positiboak direla medio, ezin izan dira joan txapelketara. Ahal dugun moduan txapelketak egiten saiatzen ari gara, behintzat. Aurten konplitu, eta ea datorren denboraldirako normaltasuna izaten dugun”, azaldu du Oterminek.

Emaitzei dagokienez, aurten txapelketa bat irabazi dute emakumezkoek: lauko modalitatean, 260 kilokoan. Beste guztietan, bigarren egin dute denek, eta guztietan Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldea izan da irabazle. Txapelketa mistoa jokatuko dute orain Ibarrakoek. Lau emakumezkok eta lau gizonezkok osatzen dute talde mistoa. Larunbatean izango dute lehia, 17:00etan, Getxon (Bizkaia).

Leave a Reply

Your email address will not be published.