Unai Zubeldia
1987an Espainiako Kopa irabazi zuenetik ia 34 urtera, Realak Kopako finala jokatuko du bihar, Athleticen kontra, Sevillan, 21:30ean (ETB1). Baikor daude Salva Iriarte, Roberto Lopez Ufarte, Miguel Fuentes eta Jesus Mari Zamora.
1. Nola bizi izan zenuen finalera arteko bidea?
2. Zer talderi egin dio mesede finala urtebete atzeratzeak?
3. Zein izango dira finaleko gakoak?
4. Zer aholku emango zenieke jokalariei?
Realeko jokalari, entrenatzaile eta kirol zuzendari ohia
“Zale sutsu baten moduan. Real Madrilen aurkako garaipena izan zen une gorena. Partida harrigarria egin zuten, eta inoiz ez dugu ahaztuko”.
“Ezinezkoa da jakitea, baina egia da Reala oso momentu onean zegoela, Athletic baino hobeto, agian. Derbietan eta finaletan, ordea, horrek ez du garrantzirik”.
“Partidak berak eta talde bakoitzaren estiloak markatuko ditu gakoak; funtsezkoa izango da egiten ari diren horretan sinestea. Sufritzeko momentuak ere izango dira, eta une horiek kudeatzen jakin beharko dute jokalariek. Jokamolde jakin bat dauka talde bakoitzak, eta bata edo bestea ez da hobea, denak balio baitu futbolean. Realaren jokoa askoz gehiago gustatzen zait niri, baloia mugitzen duelako, aukerak sortzen dituelako trantsizio azkarretan eta joko estatikoan… Jokoan aukera asko dauzka gaur egungo Realak. Athletic, berriz, lehiakorragoa da une oro. Realak Athleticen parean jarri beharra dauka borrokari, grinari eta lehiari dagokionez; banakako lehia horiek irabazten baditu, kalitate handiagoa du Realak”.
“Goza dezatela. Euren kirol ibilbidean, ziurrenik, ez dituzte jokatuko horrelako partida asko, eta aprobetxa dezatela momentu bakoitza. Partida zoragarria izango da, ziur nago, baina horrelako helburuak ez dira lortzen sufritu gabe”.
Realeko jokalari eta bigarren entrenatzaile ohia
“Final bat jokatzeko aukerak sortzen duen ilusioarekin. Kopa da tituluren bat lortzeko biderik laburrena, ligan zailagoa delako dena. Real Madrilen aurkako kanporaketan iritsi zen ginga; orduan ikusi genuen Reala Kopa irabazteko moduan zegoela”.
“Finaletan ez da izaten faboritorik, baina duela urtebete %60ko aukera ematen nion Realari, eta %50ean dago orain. Gora egin du Athleticek, eta egonkor edo pixka bat behera eginda dago Reala”.
“Hainbat gako egongo dira. Athleticek asko hobetu du defentsako lana, oso indartsu dago eta erasoan aldea egiten duten hiru jokalari dauzka: Muniain, Williams eta Raul Garcia. Realak dinamita dauka erasoan, eta zelai erdian ere asko jokatzen du, hor baitauzka Silva eta Merino. Baina oreka da garrantzitsuena. Reala hobea da erasoko jokoan, eta Athletic, defentsakoan. Taldeak atzetik hasten dira indartzen, baina aldea egiten duten jokalari asko dauzka Realak erasoan. Aritz Elustondok jokatzen badu, asko izango du irabazita Realak”.
“Buruz indartsuen dagoenak irabaziko du finala. Realak normalean baino indartsuagoa izan beharra dauka buruz; egoerarik txarrenean, ezer ez du galdutzat eman behar 90. minutura arte. Zirraragarria izango da finala”.
Realeko jokalari eta presidente ohia
“Hainbeste denbora igaro da…; ia-ia ahaztu egin zaigu! Baina Realak oso lehiaketa ona egin zuen aurreko denboraldian Kopan, ondo jokatu zuen, eta erabat merezita iritsi zen finalera. Aho zapore ona utzi zigun finalera arte egindako bideak, eta finalak ere hala uztea espero dugu”.
“Ez dakit… Reala momentu onean zegoen aurreko denboraldian, baina taldeak ondo jarraitzen du orain ere. Oso talde ona dauka, eta ondo ari da jokatzen. Futbolean Athletic baino gehiago da Reala, eta erabat gai da finala irabazteko”.
“Derbi bat da, eta derbietan asko berdintzen dira indarrak. Oso lehiatua eta borrokatua izango da, ziur, baina Realak dakien hori ondo egitea izango da gakoa; futbolean jokatzea eta zelaian nagusi izatea. Athleticek itxaron egingo dio, itxi egingo da atzean, falta asko egingo ditu…, baina Reala gai bada bere jokoa egiteko, finala berea izango dela uste dut. Reala hobea da baloiarekin, baina Athleticek argi utzi du oso lehiakorra dela. Aurreko denboraldian bizpahiru aldiz Kopatik kanpo gelditzear egon zen, baina finalera iritsi zen azkenean. Azken minutura arte jarraituko dute borrokan, eta arlo horretan maila berean jarri beharko du Realak”.
“Dakiten hori egin dezatela jokalariek, oso onak direlako”.
Realeko jokalari eta administrazio kontseiluko kide ohia
“Ilusio handiarekin eta oso sentsazio onekin. Realak oso ondo jokatu zituen kanporaketa guztiak, eta iazkoa momentu ona izango zen finala jokatzeko”.
“Zalantzarik gabe, Athletici. Momentu hartan baxu samar zeuden haiek, eta orain baino hobeto zegoen Reala. Finaletan zaila da faboritoez hitz egitea, baina duela urtebete uste dut Realak Athleticek baino aukera gehiago zituela finala irabazteko. Orain? %50ean dago dena”.
“Hain final arraroa da… Zalerik gabe, urtebete geroago… Oso estilo desberdineko taldeak dira; baloia gustatzen zaio Realari eta hobea da horretan; Athleticek, berriz, intentsitatea eta joko zuzena lehenesten ditu. Garrantzitsua izango da lehen 15-20 minutuetan golik ez jasotzea eta jokoan nagusitzen hastea; arrisku pixka bat sortzea, agintzen ari zarela sentitzea eta aurkaria beldurtzea. Momentu desberdin asko egoten dira finaletan, bat-batean aldatzen dira partidak, eta azterketa horretan ere asmatu egin beharko dute jokalariek eta entrenatzaileak. Eta adi txartelekin ere; erabat ezinbestekoa denean egin beharko dira txartela merezi duten faltak, beste aukerarik ez dagoenean, erabakigarria izan daitekeelako txartel gorri bat”.
“Orain arte izan diren hori izaten jarraitzeko, eta finalean momentu bakoitzaren irakurketa argia eta egokia egiteko”.
Leave a Reply