Juan Luis Zabala
Indigenei odola emateko eskatu eta Ingalaterrako bandera odol horretan murgilduz eta blaituz osatu nahi omen dik Santiago Sierra artista espainiarrak “kolonialismoaren aurkako” artelan bat —esan zidan—, Tasmaniako Hobart museo batek antolatutako Dark Mofo arte jaialdirako. Zer iruditzen zaik?
—Txorakeria bat, beste asko bezalakoa. Jende askori bururatzen zaizkigun antzeko txorakeriak noizean behin. Baina batzuek txorakeriak arte gisa aurkezten ditizten eta, ahal badute, gauzatu ere bai. Eta kobratu.
—Baina Sierrak ezin izango dik gauzatu, Australiako artista mordo bat asmo horren aurka azaldu delako, horien arteko asko indigenak. Proiektu horretarako odola emateko gonbidapena egitea “errespetu faltaren eta ezjakintasunaren ondorio” duk, Cass Lynch artista aborigenaren iritziz. Obra horrek, Lynchek dioenez, ez litizkek kolonizazioaren baldintzak salatuko, berregingo baizik. Abusua izango omen lukek, “kolonizatzailea eta traumatikoa”.
—Zentzuduna Lynch delakoa.
—Ba nik uste diat Lynchek interpretazio bat egiten duela, baina beste asko egin daitezkeela. Kolonialismoa salatzeaz gain erreparazioaren beharra aldarrikatzen duen obra dela ere esatea ere bazegok. Sierraren artelan hori, gauzatuko balitz, Umberto Ecok opera aperta hitzekin definitu zuenaren adibidea izango lukek.
—Gustu txarreko adibide zabar, merke eta zatarra, ordea. Artistak ezin din obra hori gauzatu inoren laguntzarik gabe, eta espero dinat inork ez diola lagunduko. Eta, horretaz ari garela gogora etorri zaidanez, esango dinat Eduardo Txillidaren Tindayako proiektuari buruz ere iritzi bera nuela. “Hain maitea baduk proiektu hori”, esaten nioan orduan neure artean Txillidari, “idatzi ezak, marraztu ezak, egin ezak maketa handi eta eder bat, eta erakutsi nahi duan lekuan, baina konformatu hadi horrekin, Artista Jauna, Tindaya mendia bakean utzita, mesedez”.
—Baina non dago muga? Zergatik onartu artelan batzuk eta beste batzuk ez? Nork erabaki behar du? Zer iritzi duk, adibidez, Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uhartean ezarriko duen eskulturaz?
—Beharbada Santa Klara uhartea ez dun donostiarrentzat Tindaya Fuerteventurako bizilagunentzat dena, baina ni, aukeran, uhartea bakean uztearen alde.
—Eta zer diok Abel Azkonaren artelanez? Herritar askoren sinesmenen aurka egitea leporatu ziotean askok Amen lana egin zuenean: Pederastia hitza ostia sagaratuekin idatzia. Agian hiretzat ez duk laidogarria, baina askorentzat bai… Berriro egingo dizkiat lehengo galderak: Non dago muga? Zergatik onartu artelan batzuk eta beste batzuk ez? Nork erabaki behar du?
—Ez zekinat. Nik esan diezanaket neuk, neure irizpideei eta gustuari jarraituz, zer obra onartuko nukeen eta zer obra ez, zer obrari emango niokeen laguntza eta zer obrari ez… Erabakia? Txarra ez kasu polemikoetan bederen kontsultak egitea jendeari, ezta?
—Zer esaten ari haiz? Artea ezin duk gehiengoaren diktaduraren mende bizi!
—Baina kontsultak eginez gero, arteari buruz informatzera, pentsatzera eta debatitzera joko geniken.
—Hori bai. Eta, hara!, gu biok horretan ari gaituk oraintxe. Horretarako balio izan ziguk behintzat Santiago Sierraren proiektu hire ustez zabar, merke eta zatarrak.
—Artearen bideak, izan ere, aurretik ezin asmatuzkoak ditun.
Leave a Reply