Gerrako umeen arrastoari segika

Gerrako umeen arrastoari segika

Beñat Alberdi

Espainiako militar matxinatuek 1936an eman zuten estatu kolpeak eta ondorengo gerrak hamaika ondorio utzi zituen Euskal Herrian ere. Argitzeko edo historiaren orrietan idazteko daude oraindik asko eta asko, eta, hain zuzen ere, horietako bat landu du Intxorta 1937 memoria elkarteak: erbesteratu beharra izan zuten haurrena. 81 izen dauzkate guztira. Gaur ekitaldiak egingo dituzte Bergaran eta Arrasaten, eta bihar, berriz, Elgetan, Oñatin eta Aretxabaletan.

Intxorta 1937 memoria historikoa berreskuratu nahian lanean ari da 1986tik —Arrasaten dauka egoitza nagusia—, eta zazpi dokumental eta 25 liburu dira lan horren adibide. Hainbat gai landu dituzte orain arte: besteak beste, emakumeen lana zein zen, lehen lerroan egon ziren eta preso eraman zituzten gudariak zein ziren… Eta, lanketa horretan, gerrako umeen gaiari heltzea ere garrantzitsua dela ikusi zuten. Aurretik, haur zirela ihes egin behar izan zuten bi debagoiendar joan zitzaizkien galdera ahoan zutela: “Noiz oroituko zarete gurekin?”.

Ikertzen hastea erabaki zuten. “Orduko egunkariak irakurtzen hasi ginen; Bilbokoak, batez ere”, azaldu du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 elkarteko kideak. Artxiboetara joan gabe zaila da historia lantzea, eta Debagoienekoetan hasi ziren lanean. Helburua zen gerraostean edo gerran Euskal Herritik kanpo jaio ziren euskal herritarrak aurkitzea. Adibide gisa, Garaik zehaztu du 1938an Katalunian jaio zen haur bat, baina gaur egun Bergaran bizi dena, gerrak eragindako haurra dela.

Espainian ere jardun dira ikerketa lanean, Salamancako eta Alcala de Henaresko artxiboetan, zehazki. Frantziara joateko asmoa ere badute, baina, oraingoz, koronabirusak eragindako murrizketak direla medio, ezin izan dute joan. Garairen hitzetan, artxiboen erabileran argi ikusten da Espainiako eta Frantziako estatuek zer jarrera izan duten gaiarekiko: “Frantzian, sakelakoarekin argazkiak ateratzen uzten dute, eta Espainian, berriz, lapitzarekin norberak apuntatu behar izaten du zein kopia lortu nahi duen”. Taldeko ordezkariak bost egunez aritu ziren artxiboetan lanean, eta 1.200 kopia eskatu zituzten; noiz helduko zain daude oraindik.

83 eta 98 urte bitartekoak

Iaz egitekoak ziren omenaldia, baina, koronabirusak eraginda, atzeratu egin behar izan zuten; Garaik esan du, ordea, ezin zutela gehiago atzeratu, gazteenek 83 urte dauzkatelako; 98 helduenek, eta gehienak 90 urtetik gorakoak direlako —bederatzi zendu dira azken urtean—. 81 lagun omenduko dituzte guztira. Gerrako haurren zerrendan ekarpena egin nahi duenak eskura dauka intxorta1937@gmail.com helbidea.

Gaur 12:00etan hasiko da lehen omenaldia, Bergarako Seminarixoan, eta 18:00etan izango da Arrasateko ekitaldia, Kulturaten. Bihar, berriz, 12:00etan egingo dituzte ekitaldiak Elgetan, Oñatin eta Aretxabaletan. Oroigarri bana emango diete gerrako umeei edo haien senideei, eta dokumental bat ere prestatu du Intxorta 1937 elkarteak. “Gerrako hamasei ume ohi elkarrizketatu ditugu dokumentalean”, azaldu du Garaik: “Euren bizipenak kontatuko dituzte, itzulera barne”. Oraingoz, gaurko eta biharko ekitaldietan soilik eskainiko dute filma, eta gero denen eskura jarriko dute Intxorta.org webgunean.

Orain arteko bidea ez da Debagoienean bukatuko, dena den, “milaka izen” aurkitu baitituzte artxiboetan. Euskal Memoriak landu du gehien gai hori, eta 1.200 izen dauzkate haiek; ikerketa lanarekin, ordea, 3.000 izen baino gehiago bildu ditu Intxorta 1937 elkarteak. “Datu bitxiak” ere aurkitu dituzte dokumentuetan. Esaterako, gobernu frankistak batzorde bat zuela Sobietar Batasunetik itzultzen zirenei jarraipena egiteko. Bertan aritu zen Manuel Fraga Iribarne, ministro gisa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.