Juanjo Perez Martinez de Lahidalga: “Teknologia oso erakargarria da, baina ezin gara harekin itsutu”

Juanjo Perez Martinez de Lahidalga: “Teknologia oso erakargarria da, baina ezin gara harekin itsutu”

Miren Garate

Hizkuntza teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuz, udaletan euskara sustatzea du helburu Udal Hiztek proiektuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna EraikizGipuzkoa Lab deialdiaren bidez finantzatu da, eta Elhuyarrek gidatu du. Orioko udaletxean landu dute proiektu pilotua, urte eta erdian. Juanjo Perez Martinez de Lahidalga (Aretxabaleta, 1966) proiektuaren arduradunaren esanetan, teknologiak “ikaragarrizko laguntza” ematen die udalei euskaraz funtzionatu ahal izateko, baina prozesuak planifikatuak izatea ere ezinbestekoa da.

Nola laguntzen du Udal Hiztekek udalek euskaraz funtzionatu ahal izateko helburuan?

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu inoizko baldintzarik egokienak ditugula udalek euskaraz funtzionatzeko, hiru arrazoirengatik: langileen euskara gaitasuna inoizko handiena da; 2019ko Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak zer hizkuntzatan lan egin nahi duten eta biztanleriarekin nola komunikatu nahi duten erabakitzeko aukera ematen die udalei; eta hizkuntza teknologien garapena etorri zaigu. Hiru faktore horiek beste paradigma batean jartzen gaituzte: posible da euskaraz funtzionatzea, legeak laguntzen gaituelako, jendeak gaitasuna duelako eta teknologiak euskaraz ez dakitenen hizkuntza eskubideak bermatzeko balio duelako.

Nabarmendu duzue Udal Hiztek ez dela teknologia ezartzera mugatzen. Zer gehiago egiten du?

Jendea txundituta geratzen da itzultzaileen kalitatearekin; teknologia oso erakargarria da, baina ezin gara harekin itsutu: jakin behar dugu helburua dela euskaraz bizi eta funtzionatu ahal izatea, horretarako teknologiak ikaragarrizko laguntza eman diezagukeela, baina hori horrela izateko prozesu planifikatuak behar direla. Hori proposatzen du Udal Hiztek proiektuak: euskaraz sortzeko metodologia bat lortzea, trebakuntza plan bat adostea, teknologiaren erabilera egokirako prozedurak adostea, eta abar. Izan ere, arrisku batzuk ere ikusten ditugu guk.

Zer arrisku?

Erdaraz errazago moldatzen denak erdaraz funtzionatzen jarraitzea eta itzultzaile automatikoaren bidez egitea euskarazko itzulpenak; hau da, euskarazko itzulpenak beti makina batek egindakoak izateko arriskua ere badago. Euskararen erabileraren kalitatearen beherakada bat ekarriko luke horrek, baita euskara gaitasun handia duten langileen artean ere. Horregatik, langilez langile aztertzen dugu zer sortzen duen bakoitzak eta sortzen duen hori sortzeko zer gaitasun daukan; horren araberako lanketa bat proposatzen eta bideratzen da Udal Hizteken bidez.

Urte eta erdiko proiektu pilotua egin duzue Orioko udaletxean. Zer landu duzue?

Orion esan ziguten euskaraz funtzionatu nahi dutela, legeak ematen duen bermearekin eta teknologiak ematen duen laguntzarekin, euskaraz ez dakitenen beharrak hizkuntza teknologien bidez bermatuz. Bi teknologia barneratu ditugu: itzulpen automatikoa eta hizketaren ezagutza. Itzulpen automatikoa, adibidez, itzulpenak errazteko erabili dugu, eta udalaren webgunean ere txertatu dugu itzultzaile automatikoa. Webgune elebiduna zuten, eta halakoa da oraindik ere, baina orain euskara hutsez argitaratzen dira albisteak, eta euskaraz ez dakitenen eskubideak itzultzailearekin bermatzen dira, albistean bertan itzulpena eskatzeko aukera dagoelako. Alabaina, Orioko udaletxean inork ez dauka itzulpen hori egiten aritu beharrik.

Eta zer egin duzue hizketaren ezagutzari lotuta?

Udalbatzarrak azpititulatzeko erabili dugu teknologia. Egingarri ikusi da batzarra grabatzea eta ordu gutxira batzar horren bideoa jatorrizko bertsioan azpititulatuta egotea, euskarazkoa euskaraz, eta gaztelaniazkoa gaztelaniaz. Azpititulu horiek itzultzaile automatikoaren bidez euskaratik gaztelaniara, eta alderantziz, itzultzeko aukera ere badago, ordu gehiagoan. Lehen aipatutako webgunearen itzulpenarekin alderatuta, teknologia garatzen jarraitzeko beharra ikusi dugu hizketaren ezagutzan.

Udal Hiztek herri gehiagotara zabaltzea da zuen helburua orain. Bakoitzaren nahietara egokitzeko aukerarik ematen du?

Orion landu dugun metodologiak edozein herritarako balio du, baina pertsonalizatzeko aukera badago. Udal batzuk jada jarri dira gurekin harremanetan. Aldundiak ere badu euskara teknikariak koordinatzeko gune bat, eta han ere azalduko dugu Orion egindakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.