Legea dute Damoklesen ezpata

Legea dute Damoklesen ezpata

Miren Garate

Donostiako Bidebieta auzoan dago Bideberri institutua. Txikia da: berrehun ikasle inguru ditu. “Etorkinak eta maila ekonomiko oso apala dutenak: hori da gure ikasleen profila”, esan dute Jabi Lopez zuzendariak eta Iban Alonso ikasketa buruak. 26 nazionalitatetako ikasleak dituzte, eta, gela batzuetan, guztiak dira atzerritar jatorrikoak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hara bideratzen ditu bakarrik dauden migrante adingabeak, Lagunberri programan txerta daitezen. Pertsona horientzako programa bat duen Gipuzkoako eskola bakarra da, eta egiten ari diren lanarekin oso gustura daudela esan dute Lopezek eta Alonsok, baina “paretaren kontra” aritzearen sentsazioa ere aipatu dute: “Ikusten dugu ikasle batzuk oso onak direla, ikasteko kristoren gogoa dutela, izugarrizko ahalegina egiten dutela, baina, hala ere, ikasketak utzi behar izaten dituztela”. Haien esanetan, gaur egun ez dago aukera berdintasunik hezkuntzan, besteak beste, atzerritarrei buruzko legearen eraginez.

BIDEBERRI INSTITUTUA

2018ra jo dute Lagunberriren abiapuntua azaltzeko. Gainezka zegoen Uba, bakarrik dauden etorkin adingabeak hartzen dituen zentroa, eta programa bat prestatzeko eskatu zieten, gazte horiek ikasten jarrai zezaten. “Zergatik guri? Ez dakigu. Izan daiteke beste batzuek ezetz esan zutelako, edo izan daiteke bazekitelako matrikulazio gutxi genituela, eta gure ikasleen profilagatik ere bai, hemen marokoarra izatea, adibidez, ez delako berezitasun bat, beste nonbait izan daitekeen bezala”.

BIDEBERRI INSTITUTUA

Azaldu dute “segituan” onartu zutela programa egitea, eta halaxe prestatu zuten Lagunberri. Hiru urtekoa da: lehen urtea harrera gelan egiten dute ikasleek, eta garrantzi berezia ematen diote hizkuntza ikasteari; horrez gain, matematika, teknologia eta zientzia ere lantzen dituzte. Ondoren, oinarrizko lanbide heziketara jo nahi duten edo DBH egin nahi duten erabaki behar izaten dute ikasleek. DBH egitea aukeratuz gero, amaitutakoan erdi mailako lanbide heziketako gradu batera edo batxilergora joatea proposatzen die Bideberrik.

BIDEBERRI INSTITUTUA

2018ko abenduan onartu zuten plana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Gipuzkoako Diputazioaren oniritziarekin, eta 2019ko urtarrilean bertan hasi ziren harrera gelarekin. 21 ikasle hartu zituzten. Lopezek gogoan du hainbeste ikasle bat-batean hartzeak hasieran eragiten zien kezka puntua: “Lehen egunean, ikusi, eta esan genuen: umeak dira eta”. Umeak, baina Saharako basamortua kamioi batean zeharkatu dutenak, mafia baten esku egon direnak eta beste hainbat bizipen gogor ekarri ohi dituztenak. Harrera gelako etaparen ostean, sei ikaslek erabaki zuten DBH egiten jarraitzea, eta gainerakoek oinarrizko lanbide heziketara jo zuten —lanbideren bat ikastea izaten da ikasketa horien helburua—.

Arazoak legezko tutoreekin

Bigarren ikasturtean, 2019-2020an, are ikasle gehiago iritsi zitzaizkien: 29. Horietatik lauk bakarrik jarraitu zuten DBHn. “Pandemiaren urtean, are pandemia okerragoa etorri zen ikasle horientzat”. Legearen arabera, 18 urte betetzen dituztenean, bakarrik dauden adingabeek bi baldintza bete behar izaten dituzte bizileku baimena berritu ahal izateko: baliabide ekonomiko propioak izatea, IPREMaren %100aren baliokideak —aurten 564,90 euro—, eta urtebeteko iraupena duen lan kontratu bat izatea.

BIDEBERRI INSTITUTUA

Lopezek eta Alonsok kontatu dute ikasten arituz gero ordura arte nahiko erraz lortzen zutela baimen hori ikasleek, jasotzen zituzten diru laguntzak ere kontuan hartzen zizkietelako. “Baina Gipuzkoako Atzerritarren Bulegoa legearen interpretazio murriztaileagoa egiten hasi zen orain dela pare bat urte: esan zuen diru laguntza ofizialak ez direla diru sarreratzat hartzen, lanaren fruitu diren diru sarrerek bakarrik balio dutela”. Gazteen batez besteko langabezia tasa eta kontratuen batez besteko iraupena ikusita, baldintza horiek betetzea oso zaila dela nabarmendu dute. “Atzerritarrei buruzko legea ez dago betetzeko, baizik eta eskulan merkea edukitzeko”.

Bideberriko kideen esanetan, lege horrek eraginda arazoak etorri ziren Lagunberri programara. Gurasorik gabe daudenez, legezko tutoreak izaten dituzte gazteek: “Tutore horiek esaten zuten ikasketak oso ondo zeudela, baina gazte horiek lana behar zutela 18 urte egitean, eta atera egin zituzten institututik”. Lanbideren ikastaroetan hasi ziren, baina ez oinarrizko lanbide heziketan. “Ikastaro laburrak izaten dira, oso duinak, baina birziklatzeko eta abar dira gehiago; inork ez ditugu nahi gure seme-alabentzat”. Esan dute ikasle batzuen kasuak asko mindu zituela, oso ikasle onak zirelako: “Guk prestatu genuen programa ez zen hori. Ikusten genuen itxaron gela bat bihurtzen ari ginela, non ikasleak egoten ziren Lanbiden ikastaro bat egin arte. Ez bazuten aukerarik DBHn jarraitzeko, erretiratu egingo ginela pentsatu genuen, eta diputazioak eta Hezkuntza Sailak pentsa zezatela beste zerbait gazte horientzat”.

COVID-19aren pandemia etorri zen, ordea, eta aurten berriro jarri dute abian Lagunberri. 11 ikasle dituzte, aurreko urteetan baino gutxiago, mugak itxita daudelako. Lanbideren ikastaroetara ez da inor joan, baina izan dituzte zenbait tirabira ikasleen legezko tutoreekin: “Aurreko astean ere eztabaida izan genuen etxe batekoekin, ikasten jarraitzeko aukera eskaintzen diegulako gazteei. Esaten digute ikasle horiek ez direla besteak bezalakoak, 18 urterekin derrigorrez lanean hasi behar dutelako”. Gipuzkoako hainbat herritako etxe tutelatuetan bizi dira gaur egun bakarrik dauden migrante adingabeak; ez daude guztiak Donostian, eta enpresa ezberdinak daude etxe horien kargu. “Ez dago batere koordinaziorik haien artean. Batzuek esaten digute gazteek utzi egin behar dituztela ikasketak, eta besteek diote guk batxilergoa egiteko gai ikusten baditugu, ados daudela”.

18 urte egitearen zama

Lagunberri programaren bidez oraindik ez da inor hasi batxilergoan. Aurten, bakarrik dauden bost ikasle adingabe dituzte DBHko 4. mailan: Abdelhak, Kamal, Ayman, Soukaina eta Mohamed izena dute. Guztiek jarraitu nahi dute, baina inork ez du egin hurrengo urterako aurrematrikularik. Azken biek, Soukainak eta Mohamedek, aurten beteko dituzte 18 urte. Adingabeentzako harrera etxetik alde egin behar izaten dute adinez nagusi egindakoan, eta, beste batera joaten diren arren, tarte batean kalean geratzeko arriskua izaten dute. “Esan digute Soukainak arrisku txikiagoa duela kalean geratzeko, neska delako, akaso, ez dakigu; baina Mohameden kasuan, beste norbaitek behar badu plaza bat, posible da alde egin behar izatea”. Dena den, irakasleek azaldu dute Bideberriko ikaslerik ez dutela utziko kalean, irekiko dizkietela eskolako ateak bertan lo egiteko, dutxatzeko eta otordu beroak egiteko.

“Mohamed oso ikasle ona da, 7,2ko batez besteko nota atera du aurreneko bi hiruhilekoetan”. Aurten DBH4n dauden gainerako ikasleak ere ondo ari dira. “Aymanek beti esan izan du erizain edo mediku izan nahi duela, bere bizipenengatik. Ez ditu aurten egingo 18 urte, eta ikasten jarraitzeko aukera dauka, baina haren tutoreek aurreikusten dute zer datorkion, eta batxilergorik ez egiteko esan diote”.

Aldundiari eskaera

Lopezek eta Alonsok, ordea, aurrematrikula egiteko aholkatuko diete gazteei. Izan ere, badute itxaropen izpi bat. Orain gutxi jakin dute Espainiako Gobernuak aldaketa batzuk egin nahi dituela atzerritarrei buruzko araudian. Zirriborro bat aurkeztu dute, eta, han agertzen denez, bizileku baimena lortu ahal izateko kendu egingo dizkiete orain eskatzen zaizkien baldintzak. “Zirriborro hori dagoen bezala onartzen bada, gure ikasle guztiek ikasten jarraitzeko aukera izango lukete; akabo arazoak”.Proposamena eztabaidatzea tokatzen da orain, baina, onerako edo txarrerako, Espainiako Gobernuak bi urte igaro baino lehen onartuko duela uste dute. “Horregatik esango diegu aurrematrikula egiteko”.

Aurreko astean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan ziren Bideberriko kideak, eta han ordezkaritza duten talde politikoei lege aldaketa hori babesteko eskatu zieten. “Agerraldiarekin, lagun berri hauen arazoa ikusgarri egitea ere nahi genuen, bidegabekeriak zailagoak direlako ikusgarriak direnean”.Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordio bat egiteko premia ere ikusten dute. Akordio horrek Lagunberri programa formalizatzeko balio behar duela diote, eta, aldi berean, programa horretan dauden ikasleak babesteko ere bai, legearen eskakizunen aurrean legezko estaldura emanez. “Gaur egungo egoera zein den jakinda, ikasle hauek batxilergorik ezin badute egin, norbaitek esan behar du hori, baina ez guk, ezta ikasle horien tutoreek ere”.

Lagunberriko ikasleak Legorreta, Urretxu, Segura, Arrasate, Errenteria eta Hernaniko etxeetan ere bizi direnez, batzuek kilometro ugari egin behar izaten dituzte egunero. Horregatik, Donostian plazak hutsik geratuz gero, ikasleei horietara joateko aukera emateko eskatu diote aldundiari.

Datorren urtean ere jarriko dute programa; gainera, uste dute datozen hilabeteetan gora egingo duela bakarrik dauden adingabeen kopuruak. Gogorarazi dute hezkuntzak beti izan duela tranpolin sozial funtzioa. “Baina aukera berdintasunarekin bakarrik eman daiteke hori, eta, horretarako, denek izan behar dute nahi duten tokira iristeko aukera”.

Institutu publikoa da Donostiako Bideberri. “Aukera berdintasuna hezkuntza publikoak bakarrik bermatzen du gaur egun”, diote Lopezek eta Alonsok. Baina badute “pena” bat, egiten duten lanaren gaineko ezjakintasuna edo aitortza falta sentitzen baitute. Lagunberri programa ez ezik, beste hainbat egitasmo dituzte martxan ikastetxean. Amara Berri sistema da bat: “Egundoko sona du nazioartean, eta guk ere jarri dugu DBHn, baina inork ez daki hori. Arte batxilergoa ere eman digute, eta oso proiektu interesgarriak ditugu, baina… Beste ikastetxe bat bagina, egunero aterako ginateke albistegietan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.