Leire Narbaiza
Hilabete honetan jokatu da bertsolari emakumezkoen Señora Sariketa. Irabazlea Amaia Agirre izan da. Sariketa hori aurkezteko Maider Arregik BERRIAn adierazi zuen: “(…) denok ulertzen dugu zer den señora bat, eta kontzeptu hori aldarrikatu nahi genuen. Izan ere, emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”. Izugarri gustatu zitzaidan izena, eta oinarrian dagoen ideia.
Agian izango da —Atxaga eta Ruper Ordorikaren kantua parafraseatuz— apirilean nahi baino urte gehiago bete ditudala. Señora izateko adinera iritsita nagoela, helduaro bete-betean, sinistu ezinda. Beharbada horrenbeste gustatu zitzaidan Arregiren definizioa, aspaldi luze baten nabilelako defendatzen “señora eibartarra” naizela, izen sintagma horrek inplikatzen duen guztiarekin. Inguruko ez eibartarrek barre egiten didate, ez eibartar adjektiboagatik (ondo dakitelako Eibarkoa naizela, eta harro diodala nongoa naizen), señora substantiboagatik baino gehiago.
Señora izatea modaz pasatuta dagoelako askorendako, demodé, zahar egiten gaituelako batzuen begietan. Señora-k dira zaharrak eta estatus soziala dutenak, perlazko idunekoa jantzita dabiltzanak. Eta Euskal Herrian, hainbatek zibilizazioaren dekadentziaren ikurtzat dauzkate perlak!
Baina nik “señora eibartarra” naizela diodanean, beste gauza bat adierazi nahi dut: perladuna edo perla bakoa izan arren, bizitzak eman didala hemen egoteko modu bat, hanka biak lurrean tinko jarrita, gauzei aurre egiteko jarrera bat. Askotan, ahula; beste batzuetan, zalantzatia; besteetan, noraezean eta alderrai. Askotan (gero eta gehiagotan), aldiz, bizitzan eroso egonarazten nauena, nire azalean hobeto. Maider Arregik ahaldunduta daudenei deitzen zien señora. Ez nuke esango neure buruaz ahaldunduta nagoenik —hori lau bizitzatarako lana, gutxienez, badelako—, baina badakit bidean nabilela, gabiltzala. Elkarrekin gabiltzalako bidea egiten señora batzuk batera: eurekin, euren bidez eta eurei esker.
Señora estereotipoak duen irudi txarra ere apurtu behar dugu, gainera. Serie eta nobela klasikoetan ahaldundutakoak gaiztoak dira, oso gaiztoak (nola ez!). Angela Channing bezalakoak: atso zaharra, ahaltsua eta despota, botere-gosea duena. Eta señora ganorazkoak ere badu maltzurretik asko. Ez da betiko matriarka, sarritan takarra eta ez abegitsua izan liteke. Horrek bere gaizto fama handitu egingo du, ez delako ama amultsua, ilobei kroketak egiten dizkien amama. Amantal bako señora. Hain dago gaizki ikusita, ezen señora esaten digutenean, izularritu egiten garen. Ni señora? Mesedez, ez. Ni gaztea naiz.
Bestalde, Simon de Beauvoirren esaldiak —”emakume ez da jaiotzen: egin egiten da”— inoiz baino indar handiagoa dauka señoron kasuan, emakume egin ostean, beste eraldaketa bat behar dugulako señora bihurtzeko. Askoren begietan, ezkonduz gero baino ez da lortzen hori (¿señora o señorita? Madame ou mademoiselle?), beti inoren señora izateko (señora de). Gizonezkoak, aldiz, beti dira señor/mosieur, hamazortzi urteko ezkongabea izan arren. Androk kategoria hori irabazi egin behar dugu. Beti lanean!
Horregatik guztiagatik señora izatea aldarrikatzen dut; adina ez ezik, ahalduntzea ere helburu dugulako. Gora señora-k!
Leave a Reply