Beñat Alberdi
Historiako liburuetan ez dira sarri agertzen guda galdu zutenen istorioak. Hala ere, Intxorta 1937 kultur elkarteak batu egin ditu gerra tarteko ihes egin behar izan zuten haurren esperientziak, besteak beste, Luzia Etxaberena (Soraluze, 1926). 9 urterekin behartu zuten herritik joatera, eta, urteak pasatu arren, oraindik gogoan dauka orduan jazotakoa. Belgikan hartu zuen babes.
Nolakoa zen Soraluzeko bizitza 36ko gerra hasi aurretik?
Eskolara joaten ginen, eta lagunekin ibiltzen ginen gero. Guk ez genuen izaten eskola ondorengo klase partikularrik eta antzekorik. Konturatzen naiz oraingo haurrek guk ume ginenean baino askoz gehiago dakitela.
1936an bizimodua erabat aldatu zitzaizuen, ordea. Zerk behartu zintuzten herria uztera?
9 urte neuzkan nik. Gerra Soraluzera iritsi aurretik mugitu ginen gu, erreketeak herrira sartu aurretik. Irailaren 22an konkistatu zuten Soraluze, eta esango nuke gu herritik irailaren 20an joan ginela. Tren berezia prestatu zuten Bilbora. Bete-bete eginda zihoan.
Euskal Herrian jaso zenuten babesik?
Mungiara [Bizkaia] mugitu gintuzten. Etxe bat zegoen bertan, aterpe baten modukoa. Lau edo bost familia egongo ginen. Jende mordoa geunden egongela handi batean, koltxoiak lurrean jarrita.
Ez zinen zu izan ihes egin behar izan zuen haur bakarra. Igartzen zenuten egoera berezi hura?
Ez pentsa. Haurrak ginen, eta ez ginen konturatzen ezertaz.
Mungian zinetela izan zen Gernikako [Bizkaia] bonbardaketa, 1937an. Nabaritu zenuten?
Ondo gogoratzen dut. 10 urte neuzkan. Umeak ginen, baina entzuten genituen hegazkinak hirunaka-hirunaka pasatzen. Durangoko [Bizkaia] bonbardaketa pasatu berria zen, gainera.
Nola erantzuten zaio hegazkinek sortzen duten beldurrari?
Zelai handi bat zegoen gu geunden lekuan, arantza eta guzti. Eta hegazkinak pasatzen zirenean, arantza artean ezkutatzen ginen beti.
Bazenekiten zer gertatzen ari zen?
Kalean berehala esan zuten Gernika bonbardatzen ari zirela. Bonbardaketa amaitu zenean eta jaiki ginenean, gertuko auzo batera joan ginen; sutan zegoela esan zigutelako hurreratu ginen. Handik ikusi genuen Gernika den-dena sutan. Gogorra izan zen. Nola aldatu ziren gauzak egun batetik bestera… Aitak esan zigun zortzi eguneko ipuina izango zela etxetik joatearena, eta erasoa ez zen gelditu ere egin zortzi egunean.
Gerrak ez zuen etenik. Mungia izan zen zuen geldiune bakarra?
Guduaren garapena ikusi behar zen etxera joateko moduan geunden edo ez jakiteko; hala ere, gero eta okerrago zegoen dena. Alemanak sartu zirenean, Gallartara [Bizkaia] joan ginen gu. Meatzeetan sartzen ginen bonbardaketak ekiditeko. Guk oso denbora gutxi igaro genuen han. Ama eta bost seme-alaba geunden elkarrekin. Atzerrira bideratu gintuzten hiru, baina han gelditu zirenek denbora mordoa egin behar izan zuten meatzeetan.
Nola bukatzen du haur batek atzerrirako bidean?
Gu aitak bideratu gintuen atzerrira. Bere asmoa zen Ingalaterrara bidaltzea. Iritsi zenerako, ordea, kupoa beteta zegoen. 18, 19 eta 20 etiketak geneuzkan hiru anai-arrebok. Hirurok eraman gintuzten Habana itsasontzian.
Gerra atzean uztea lortu zenuten, behintzat…
Tokatu zitzaigun guda hura; sustoa bai, behintzat. Izan ere, itsasontzia geldi egon zen irten eta gero, Canarias gerraontziagatik. Frankistek tirokatzeko erabiltzen zuten, eta han inguruan zebilen. Esperoan egon ginen gau oso batean, geldi. Santurtzitik [Bizkaia] Bordelera [Okzitania] eraman gintuzten. Berez, ez da asko, baina kosta egin zitzaigun.
Jakin bazenekiten Belgikara bideratuta zeundetela?
Ez. Frantziara eraman gintuzten lehenengo, eta han utzi. Ez ziguten ezer esan. Etiketak jarri zizkiguten; etiketa batzuk Santurtzitik hara, eta beste batzuk han. Kanpalekuetan egon ginen, kanpin denden antzekoetan. Handiak ziren, eta nork bere ohea zeukan. Arropak, berriz, apenas geneuzkan. Gutxi eraman genituen, eta gutxi geneuzkan. Dena atzean utzita joan ginen.
Zenbat denbora egin zenuten kanpalekuetan?
Hilabete bat edo, Belgikakoa antolatu arte. Eraman gintuzten Belgikara ere, eta mahai baten bueltan jarri gintuzten. Bere etiketa zuen haur bakoitzak, eta, haurrak hartuko zituztela esandakoan, familiak bila etortzen ziren euren dokumentuekin. Han begiratzen zuten nor zen bakoitzaren haurra.
Azkenetakoa izan zinen mahaitik altxatzen, ezta? Zer dela eta?
Hala da, bai. Belgikan harrera egin zigun familia hartan, abokatu garrantzitsua zen gizona, eta emazte bat zeukan hark. Izatez, bi haurri harrera egitea zuten eskatuta; ni eurekin eta nire neba euren gurasoekin. Gu hiru ginen, ordea. Azkenerako lortu zuten bi nebak elkarrekin joatea; abokatua zelako lortu zuela uste dut. Ez zioten edonori utziko horrelakorik egiten.
Nolako harrera egin zizueten Belgikan?
Zoragarria izan zen Belgikako egonaldia. Etxe bikaina zuten, eta eskola ere bai; ez zen mojen eskola bat. Gainera, pianoa jotzen irakasten zuten, eta gimnasia zegoen irakasgaien artean.
Hizkuntzaren kontua, dena den, ez zen erraza izango. Frantsesez egiten al zenuten?
Ez, nederlanderaz. Frantsesez bazekiten, baina etxean ez zuten inoiz erabiltzen. Hango aitak behin esan zidan unibertsitate garaian borroka egin behar izan zutela, euskaldunek bezala, eurak ez zirelako frantsesak.
Ikasi al zenuten hizkuntza?
Bai, erraz, haurrak ginen eta.
Nola?
Adi egoten ginen. Umeak izanda, erraz ikasten da. Pentsa, nire anaia Jose Marik cum laude titulua lortu zuen eskolan.
Zergatik itzuli zineten Euskal Herrira?
Gobernu frankistak behartuta; baina ez gu bakarrik, beste asko ere bai. Nahi izan zuen guztia egin zuen frankismoak, baina gauza askori buruz ez dakigu ezer.
Nola behartu zintuzteten itzultzera?
Gurasoak behartzen zituzten gu ekartzera. Gure aita deitu zuten, kuarteletik uste dut. Belgikara idazteko eskatu zioten gu itzul gintezen, eta ezetz erantzun zien. Hala ere, karta bat iritsi zen Belgikara, nire aitaren izenean eta berak idazten zuen moduan, gu itzultzeko eskatuz. Abokatuak, ordea, ikusi zuen Lucia jartzen zuela eta ez Luzia. Ez zuen sinetsi. Berriro deitu behar izan zuten aita, eta kartzelara joateko mehatxupean idatzi zigun. Orduan edozer egiten zizuten kartzelan…
Zenbat urte pasatu zenituzten Belgikan?
Ez nago ziur-ziur. Esango nuke 10 urterekin joan nintzela eta 12rekin itzuli. Bi urte ez ziren izango, baina hurreratuko zen. Izan ere, eskolak uniformeak zeuzkan udarako eta negurako, eta biak erabili nituen, ziur.
Zein egoerarekin topo egin zenuten itzulitakoan?
Gaizki zegoen dena, oso gaizki. Inbidia eta besteei kalte egiteko gogoa zeuden orduan hemen. Aita mikeletea izan zen gerra hasi aurretik, baina salaketa batengatik kanporatu zuten. Dena zen frankismoa. Gu itzuli ginenean, gure estilokoek ezin zuten ezer esan kalean.
Garai gogorrak pasatu zenituzten…
Oso garai tristea izan zen hura. Aitak istripua izan zuen gero. Mikelete lana galduta, Eibarrera joan behar izaten zuen hondakinak batzera. Bizikletan hara zihoala, istripua izan zuen. Ama epaitegietara joan zen, kargu egiteko eskatzera, baina epaitegia karlista zen, eta ez zioten kasurik egin.
Inbidia eta kalte egiteko gogoa zegoela esan duzu. Zergatik?
Adibide bat jarriko dut: gerra aurretik polito bizi ginen, eta ahizpak eta biok beroki granate bana geneukan, larru eta guzti. Gogoan daukat nire adineko neska bat eta bere ahizpa ikusi nituela gure abrigoekin. Jolasean genbiltzan batean esan nion lapurtutakoak zirela. Ondo zekien hark ostutakoak zirela, baina frankistak ziren, eta… Entzun egin behar izan ninduen, behintzat.
Familia frankista edo ez-frankista, horrek sortzen zuen aldea?
Hori da. Frankista ez bazinen, gaizki. Askotan ezin izaten zen ezer esan: mehatxu egiten ziguten, salatuko gintuztela. Ezer pasatzen bazen, frontean ere bai, isilik egon behar genuen. Berriak jasotzeko jende gutxik zeukan irratia, baina gertuko batzuek bazeukaten. Pirenaica eta Paris irratietatik jasotzen genituen benetako berriak. Gobernuak gezurrak besterik ez zituen esaten.
Bertsio ofizialak eragina zeukan herritarrengan?
Ezjakinak ginen gerrako ipuinekin. Nire senarraren kuadrillakoekin nengoen batean, hala bota zuen baten emazteak: “Nolako astakeria egin zuten gorriek Gernikan!”. Ordurako hazita neuzkan haurrak. Gerratik pasatuta egongo ziren 40 urte ez baziren, 30 baino gehiago. Gernika sutan ikusi nuela esan nion nik, eta ez hasteko niri han zer gertatu zen esaten. Pentsa zein mezu sartu zizkieten buruan. Horrelakoa zen giroa. Zenbat jende hilko ote zen gerran benetan zer gertatu zen jakin gabe… Askotan pentsatzen dut hori. Militar frankista batek hitz egiten zuen irratian eta tontakeriak esaten zituen, egiarik ez, behintzat. Zergatik sinisten zioten? Frankista zelako.
Leave a Reply