Zomorroa gainetik ezin kendu

Zomorroa gainetik ezin kendu

Ikerne Zarate

COVID-19arekin kutsatu ziren Begoña Etxeberria eta Idoia Mujika errenteriarrak, joan den azaroan. Pneumonia bilaterala diagnostikatu zioten Etxeberriari, eta Mujikari, hasieran gaixotasuna arin pasatu bazuen ere, buruko min handia azaldu zitzaion ondoren. Birusa eta hark eragindako ondorioetako batzuk haien gorputz barruan gelditu dira, azaroaz geroztik COVID-19arekin bizi dira, eta gaitzak hankaz gora jarri die bizimodua. “Abandonua” sentitzen dute, osasun erakundeen aldetik batez ere, eta bizi dutena salatu, egoera berean dauden pertsonak identifikatu, eta lagungarri eta aringarri izan dakizkiekeen neurriak eskatzeko, Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformara bildu dira.

Koronabirusa diagnostikatu eta hamabi astera sintomekin jarraitzen dutenak dira COVID iraunkorra daukatenak, eta berrehun sintoma zerrendatu dituzte. “Bakoitzak izan ditzake 30 sintoma lasai asko, eta gorabeherak izaten dira, joan-etorrian ibiltzen dira sintomak”, azaldu du Etxeberriak. Horietako batzuk komunak dira: nekea, kasurako. “Denok dugu, eta ezgaitu egiten gaitu”. Takikardiena da koronabirusak Etxeberriari utzi dion ondoriorik okerrena: “Berehala hasten naiz takikardiekin; bihotza ondo dago, eta ez dakite zergatik gertatzen zaidan. Nerbio sistema zentralarekin lotuta egon daitekeela uste du aztertu nauen azken kardiologoak”. Horrekin batera, esaldiak osatzeko eta hainbat hitz oroitzeko zailtasunak dituela esan du errenteriarrak.

Irizpideak bateratu nahian

Mujikak adierazi du buruko minak belarriari ere eragin diola bere kasuan. “Eta nekea etengabea da; ezin ditut lau eskailera baino gehiago igo jarraian, eta zutik ere ezin naiz egon ordubetetik gora”. Neurologikoak, arnas aparatuarenak, endokrinoak, dermatologikoak, digestiboak…, izan daitezke sintomak. “Probak eginda, dena ondo dagoela ikusten dute, baina sintomak hor daude”. Eta horiei “askotariko sintoma txikiak” gehitu behar zaizkiela gogoratu du Mujikak. Horren aurrean mediku bakoitzak “ezberdin” jokatzen duela salatu du Etxeberriak.

Gaixoek arreta bateratua jaso dezaten, eta mediku guztiak irizpide berberetan oinarritu daitezen, maiatz hasieran Long COVID gida plazaratu zuten Espainiako Estatuko 48 elkargo zientifikok, lehen arretako hainbat sendagilek, eta tokian tokiko Long COVID plataformek, elkarlanean. Osasun etxe guztietara helarazi dute gida, sendagile guztiek berdin joka dezaten COVID iraunkorreko pazienteekin. “Hori da gure eskaera garrantzitsuena, COVID unitateak sortzearekin batera”.

Egoera berean zenbat jende egon daitekeen jakitea ezinezkoa dela diote biek. Espainiako Estatuan, 500.000 lagun izan daitezke: “Baina ez dakigu, adibidez, Errenterian zenbat dauden. Horregatik, udalari eskatu diogu COVID Iraunkorra ikusarazten laguntzeko”. Joan den hilabetean bildu ziren Aizpea Otaegi alkatearekin, elkartearen berri eman eta laguntza eskatzeko. Eskaera zehatzak egin ditu plataformak: COVID unitatea sortzea, kasuak ikertzea, eta gaixotasuna dutenen lan egoera zehaztea: “Elkartean badugu koronabirusaren lehen olatuko jendea ere, hamabost hilabete daramatzate gaixoaldian. Gizarte Segurantzatik deitzen diete urtebete pasatzen denean, eta jendea lanera itzularazten ari dira, sintomekin. COVID ondoko sindromeaz hitz egiten dute sendagileek, baina gaixo agirian ez dute hori jartzen”, azaldu du Mujikak. Beldur dira fibromialgia, neke kronikoaren sindromea edo sentsibilitate kimikoaren sindromea bezala, COVID ondoko sindromea ere zaku berean sartuko ote duten: “Hori saihestu behar dugu; jende asko izango gara, gehienak gazteak, lanerako adinean gaudenak, eta emakumeak”. Hain zuzen ere, emakumeak dira Long COVID diagnostikoarekin bat egin duten gehienak.

Ezjakintasuna

Gaitzaren gaineko ezjakintasunari, beraz, lan egoerari buruzko kezka gehitu diote biek, eta irtenbideak eskatu dituzte. Sintomekin identifikatuta sentitzen diren herritarrei ere egin diete eskaera Mujikak eta Etxeberriak: “Jar daitezela harremanetan elkartearekin. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa izango dugu ikertzeko”. Posta bat jarri dute herritarren eskura: covidpersistente.euskalherria@gmail.com.

Prozesua “gogorra” izaten ari dela esan du Etxeberriak. “Ni orain hasi naiz buelta ematen. Baina ezin diozula buelta eman ikustean, kezka eta neke handia sentitzen da. Pandemiaren pandemia izango da hau, COVID-19ak utziko duen ondorioetako bat”. Gogorra izaten ari da Mujikarentzat ere: “Etxean egoten ez dakiten horietakoa naiz; ibiltzera joaten nintzen lantokitik irtetean. Orain ezin dut halakorik pentsatu ere egin, ia bost hilabete daramatzat oinez ibili gabe”. Zorabioak izan ditu, bertigoak… “Hilabete da ibiltzen hasi naizela; hamar minutu, ordu laurden bat, ordu erdi bat… Amorrua sentitzen dut, eta kudeatu egin behar da hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.