Juan Luis Zabala
Durangon egon al haiz orain dela gutxi? —galdetu zidan. —Ez. Ze ba?
—Durangoko liburu denda batean, gizon heldu batek, beren artean hizketan entzun eta gero, bi neska gazteri gogor egin ziek errieta, bi nesketako batek txio bidez kontatu duenez, leporatuz gaztelaniazko makuluak sartzen ari zirela etengabe eta ez zituztela batuaren arauak errespetatzen, eta esanez horrela euskal komunitatea ez doala inora, ezinezkoa delako hizkuntzarekin kultura eta literatura sortzea. Neskak saiatu omen zituan esaten bazekitela beste erregistro batzuetan hitz egiten eta idazten ere; eta, bide batez esanda, kontaketa egin duenaren txioak ikusita, egia duk hori. Baina gizonak, kasurik egin gabe, larderiaz jarraitu omen zian errietan tematua.
—Eta gizon hori ni ote nintzen pentsatu dun?
—Ez, motel! Txantxetan galdetu diat Durangon egon al haizen. Baina, dena esateko, une batez hirekin gogoratu nauk.
—Ez dinat uste bi neska horien solasa entzunda asaldatuko nintzenik. Niregatik, beren artean nahi bezala hitz egitea zeukaten.
—Baina badaukak kezkarik horren inguruan, ezta?
—Kezkatzen naiten gazte askok euskara batuaren aurka dituzten aurreiritziek. Inboluzio arriskutsua iruditzen zaidan, adibidez, pankarta bateko aldarria, sormen lan baten izenburua edo elkarte baten izena idaztean euskara batutik ihes egin eta forma ustez naturalagoak erabiltzeko dagoen joera. Euskarak zientziarako ez zuela balio esan zinan ministro frankistari euskaraz zientzia eginez erantzun ziotean batzuek. Batuan, jakina, nola bestela? Harrezkero euskararen aurkakoen betiko leloa dun batua ez dela benetako euskara.
—Dena den, arrazoizkoa iruditu zaidak Beñat Rodrigo Kiliki Frexko-k Reyes Ilintxetak Argia aldizkarian egindako elkarrizketan esana: lehen euskara mundu intelektualera eraman behar zen bezala, lau baserritarren kontua ez izateko, kontrakoa behar dela orain: elite intelektualetik mundu errealera jaitsi.
—Arrazoizkoa eta zorrotza. Eta horretarako egokiagoa ikusten badute, ez ditzatela euskara batuaren arauak errespetatu. Baina bai euskara batua bera, edo, besterik gabe, euskara zuzena. Artifiziala dela edo aginteari men egiten dioten hiztun otzanen hizkera ahula dela iradoki gabe. Edo, ezjakintasun nabarmenez, euskara batua edo euskara zuzena Sabino Aranarekin lotu gabe. Euskara batuak edo euskara zuzenak libre, natural eta emankorra izaterik ez balu bezala. Ez balitz bezala.
—Hori ez duk gazteen kontua, gizarte osoarena baizik. Euskaldunok, oro har eta salbuespenak salbuespen, ez diagu euskara batua behar bezala zikindu eta garbitu, trabatu eta askatu, puskatu eta konpondu, zauritu eta sendatu, hil eta biziberritu. Euskarari “superpotentzia emozional” baten babes lausoegia eman zioagu, Jon Maiak begi zorrotzez deskribatu zuen bezala, “superpotentzia kulturala” izateari pedante, elitista edo auskalo zer iritzita.
—Baina gazteek batuari uko eginez gero… akabo!
—Koldo Mitxelenak esan zian 1968an, euskara batua sortu zenean, batuaren aldekoek “arrazoi biologikoa” zeukatela, gazteak zirelako. Eta orain ere arrazoi biologikoa gazteek zeukatek. Gazte ez garenok egin dezakegun bakarra duk bizi izan duguna kontatu eta gure iritzia eman, baina betiere gazteek esaten eta egiten dutena ulertzen saiatzetik hasita.
Leave a Reply