Miren Garate
Ibai Fresnedok eta Egoitz Arbiol Albenizek Hernaniko azken 50 urteetako LGTB memoria jaso dute Noiz bukatzen da armairua? liburuan. Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak eskatuta egin dute lana, eta, besteak beste, hamazazpi herritar elkarrizketatu dituzte. Fresnedoren (Portugalete, Bizkaia, 1985) esanetan, aipatu dieten ideietako bat izan da ez dutela sentitzen Hernani ez denik herri egokia LGTB pertsonentzat: libre sentitzen dira beren sexualitatea garatzeko, “baina maila batera arte”.
Bi atal nagusi ditu kaleratu berri duzuen liburuak. Aurrenekoan, azken 50 urteetako errepaso bat egin duzue, hamarkada bakoitzeko gertaera nagusiak eta herritarren lekukotzak tartekatuta. Zer aurkituko du irakurleak zati horretan?
Lehen zatia errelato moduko bat da. Hasieran, lan hau ikerketa formatuan egiteko asmoa genuen, baina azkenean liburu bilakatzea erabaki genuen. Irakurterraza izatea, gertukoa izatea, herritarrengana iristea eta abar eskatzen zizkigun horrek. Lehen atal hori hamarkadaka dago banatuta, eta atal guztietan agertzen diren pertsonak ez dira berberak, baina hasierako hamarkadetan agertzen direnak ageri dira amaierakoetan ere. Haiekin izandako elkarrizketen bidez, zer-nolako garapena sumatzen duten jakin nahi izan dugu.
Bigarren zatiari Begiradak kokatu deitu diozue. Zer biltzen du?
Heteroaraua ardatz hartuta, saiatu gara parte hartzaileekin xehatzen zer den beraientzat heteroaraua, eta heteroarau horretatik abiatuta zer indarkeria bizi dituzten. Indarkeria espezifikoei ere eman diegu lekua: lesbofobiari, gayfobiari, bifobiari eta transfobiari. Armairuaren kontzeptua garatu dugu, eta, horrez gain, parte hartzaileek egunerokoan dituzten erresistentzietara heltzen saiatu gara, erresistentziak modu zabalean ulertuta, hau da, irauteko estrategiak nahiz militantzian heteroarauari aurre egiteko garatutako estrategia politikoak kontuan hartuta.
Noiz bukatzen da armairua? izena jarri diozue liburuari. Parte hartu dutenek armairuari buruzko ikuspegi ezberdinak dituzte, ezta?
Etengabeko prozesu bat da armairutik ateratzea edo armairuan sartzea, ez da momentu jakin bateko zerbait. Armairuaren inguruko bizipenei dagokienez, denetariko iritziak dituzte parte hartzaileek. Armairua kartzela moduko bat balitz bezala sentitzen dute batzuek, eta beste batzuek babesgune bezala ulertzen dute, armairuaren barruan egonda indarkeria sufritzeko arrisku gutxiago duzulako eta zeure burua babestua sentitzen duzulako.
Ardi larruz jantzitako otsoarena ere aipatzen dute bildu dituzuen lekukotza batzuek. Uste denaren aldean, aurrerapauso txikiak izan al dira?
Azken bi hamarkadetan, eta batez ere azkenekoan, berdintasun faltsuaren ideiarekin batera, hainbat kontzeptu zabaldu dira: tolerantzia, normaltasuna eta abar. Horien atzean ere heteroaraua dago. Jendeak oso diskurtso aurrerakoia dauka, onarpenaren inguruko diskurtsoa sortzen du, baina egunerokoak erakusten digu gizartea ez dela hainbeste aldatu. Gauza batzuk ez dira onartzen, indarkeria fisikoa adibidez, baina funtsean LGTBfobiak hor jarraitzen du oraindik ere. Ez dizute zuzenean ‘onartzen zaitugu’ esaten, baina mezu inplizituen bidez jendeak argi uzten du heterosexuala izatea dela normala. Normala ez dena onartu edo toleratu egiten da, eta tolerantziaren atzean beti dago botere harreman bat; tolerantea den horrek dauka boterea.
Hernanin kokatuta dago Egoitz Arbiol Albenizekin batera idatzi duzun liburua. Elkarrizketatuek zer diote herriari buruz?
Ez dute sentitzen Hernani ez denik LGTB pertsonentzat herri egokia, baina egunerokoan hainbat indarkeria identifikatzen dituzte; hau da, LGTB pertsonak libre sentitzen dira beren sexualitatea garatzeko, baina maila batera arte. Herriaren zenbait ezaugarrik ere badute zerikusia horretan: Gipuzkoako hiriburuaren mugakide izateak irekitasun maila handiagoa izatea dakar, baina gero kontuan hartu behar da ez dela herri handia, eta landa eremuko auzo asko dituela. Landa eremuan heteroarauak batzuetan oso modu tradizionalean operatzen du.
Behin lana amaituta, zer nabarmenduko zenuke?
Hamazazpi partaide izan ditugu liburuan, baina askoz jende gehiago dago, eta gustatzen zaigu esatea liburu hau aletxo bat dela. Askoz gehiago sakondu behar genuke LGTB pertsonen memoria historikoan. Bestetik, hasieran genituen hipotesi batzuk baieztatu egin ditugu lan honekin.
Zein izan dira baieztatutako hipotesi horiek?
Ikusi dugu LGTB kolektiboak historikoki izan dituen aldarrikapenak edo borrokak, eta mugimendua bera, oso itzalpean egon direla, Euskal Herrian aurreko hamarkadara arte nazio askapenaren aldeko borroka oso borroka hegemonikoa izan delako mugimendu sozialei dagokienez. Hori dela eta, LGTB mugimenduak ez du ikusgaitasun handirik izan, oro har, Euskal Herrian, eta bereziki Hernanin. Bestetik, sexilioarena ere baieztatu dugu, hau da, jende asko joan dela kanpora bizitza bizigarriagoa izateko.
Leave a Reply