“Norbere burua prestatzeko aukera polita da aurtengoa”

“Norbere burua prestatzeko aukera polita da aurtengoa”

Miren Garate

Martxoan iragarri zuten ohiko Zegama-Aizkorri mendi maratoia egiterik ez zela izango aurten ere. Alberto Aierbe (Zegama, 1957) antolatzailearen esanetan, lasterketaren izaera mantentzeagatik eta beste mendi lasterketa batzuei kalterik ez egiteagatik hartu zuten erabakia. Pozik daudela esan du, partaideek eta zaleek babes handia eman dietelako. Hala ere, nahiz eta beste formatu batean izan, aurten ere egongo da Zegama-Aizkorri egiteko aukera, betiko ibilbidean.

Atzo ireki zenuten aurtengo Zegama-Aizkorri mendi lasterketa egiteko aukera. Nolako lasterketa prestatu duzue?

Aurten hiru hilabeteko epea jarri dugu lasterketa egin ahal izateko, irailaren 30era arte. Ohi bezala, Rockthesport.com helbidean eman beharko da izena, eta jendeak hiru hilabete horietako egun bat aukeratu beharko du lasterketa egiteko. Sakelako telefonoan Open Trail Races aplikazioa jaitsi beharko da horretarako, eta kontrol guneetatik pasatzean, sailkapen bat egingo du sistemak berak. Irteeran eta helmugan ez ezik, Otzaurten, Sancti Espiritun eta Moanon egongo dira kontrol gune horiek. Partaideek telefonoa eraman beharko dute ibilbide guztian, eta dortsal eta guzti egingo dute lasterketa. Maratoi osoa segidan egiterik nahi ez dutenei zatika egiteko aukera ere emango diegu aurten, gehienez ere lau zatitan.

Mugaren bat jarri duzue egun bakoitzerako?

50 lagunek egin ahal izango dute egun bakoitzean. Eguna aldatzeko aukera ere emango dugu, eguraldi txarra dagoelako edo beste arrazoiren batengatik. Gainera, aukeratutako eguna baino 24 ordu lehenagora arte egongo da zabalik izena emateko aukera; hau da, norbaitek pentsatuz gero “bihar edo etzi gustura egingo nuke”, 50 lagun baino gutxiago badaude izena emanda egun horretarako, arazorik gabe egin ahal izango du.

Zenbat jendek parte hartzea aurreikusten duzue?

Zaila da jakitea. Momentuz, berrehun inguru daude izena emanda, gehienak irailerako, baina 24 ordu lehenagora arte dagoenez izena emateko aukera, egunek aurrera egin ahala ikusiko dugu nola doan kontua. Iaz antzeko sistema erabiliz egin zuten lasterketa bat Suitzan, eta arrakasta izan zuen.

Lasterketa behin baino gehiagotan egiteko aukerarik izango da?

Ez. Zatika egiten dutenek egun bat baino gehiagotan egiteko aukera izango dute, baina, bestela, behin egiteko dago pentsatuta, sailkapena-eta ere badaudelako.

Lasterketa birtuala antolatu zenuten iaz…

Aurtengoak eta iazkoak ez dute zerikusirik, Iaz, 42 kilometro egitea zen kontua, berdin zion oinez edo nola, ez zen beharrezkoa Aizkorrin egitea ere, edozein tokitan egin zitekeen. Aurtengo lasterketa, ordea, ibilbidean bertan egin behar da. Norbere burua prestatzeko aukera polita da aurtengoa.

Datorren urteari begira jarrita egongo zarete jada eta ohiko Zegama-Aizkorri antolatzea izango da zuen asmoa. Badu datarik hurrengo urtekoak?

Txertaketa nola doan ikusita, itxaropentsu gaude, bai. Datarik ez daukagu. Golden Trail World Series zirkuituaren barruan dago gure lasterketa, eta aurtengo zirkuitua bukatzen denean eta hurrengo urteko egutegia egiten hasten garenean zehaztuko dugu hori. Zegamako kasuan, gainera, erromeria bat ere egiten da Arantzazura: Aste Santuaren daten arabera, maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran izaten da, eta horrek ere baldintzatzen gaitu pixka bat, baina maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran izango da hurrengo urtekoa.

Jende askok eman ohi du izena, eta zozketa egin ohi duzue dortsalak banatzeko. Esana duzue iazko lasterketarako egindako zozketa mantenduko duzuela.

Hala izango da, datorren urtean ez dugu izen emateko epea zabalduko, eta aurreko urteko lasterketarako egindako zozketa mantenduko dugu. Norbaitek ezin badu parte hartu edo ez badu nahi, 10.000 laguneko erreserba zerrenda bat dago, eta horiei deitzen joango gara.

Martxoan iragarri zenuten ez zenutela antolatuko ohiko formatuko lasterketarik. Nola hartu du jendeak zuen erabakia?

Ohiko eran egiteko modurik ez genuen ikusten; egoten den giroa da gure lasterketaren bereizgarri nagusia, eta ikusle kopuruari egundoko mugak jarri behar izanez gero, ikusten genuen oso tristea izango zela. Datak ere ezin genituen aldatu, World Series zirkuituan gaudenez, egutegi bat egoten delako eginda, eta, aldatuz gero, nolabait beste batzuek antolatzen dutena izorratzen duzulako, eta hori ere ez da egokia. Beraz, lasterketaren nortasuna mantentzeagatik eta inori kalterik ez egiteagatik, aurtengoa bere horretan uztea erabaki genuen. Guretzat oso gogorra da bi urtean maratoirik ez izatea, baina oso pozik gaude parte hartzaileek eta zaleek babes handia eman digutelako. Jendeak ulertu du gure erabakia, eta ikusi du gure nortasunari eusteko gai izan garela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.