Europa, aukeren lurraldea

Europa, aukeren lurraldea

Josune Zarandona

Emakumeen bilgune izateko, eztabaidatzeko, kezkak eta arazoak partekatzeko, ikasteko eta ahalduntzeko. Eta baita gainontzeko herritarrentzat erakusleiho izateko ere, zubilana egiteko. “Geure burua ezagutzera eman nahi dugu; distantzia handia dago bertan jaiotakoen eta gure artean”, esan du Oghogho Nancy Orumwensek, Divina elkarteko lehendakariak. Gipuzkoako emakume nigeriarren elkartea da Divina, eta egoitza bat ireki berri du Ordizian. Elkarte feminista ere bada, emakume nigeriarrek ahotsa izango duten topaleku bat. “Izan ere, Nigerian gizonak beti egoten dira emakumeen gainetik”, zehaztu du Orumwensek.

Ia bizitza erdia darama Orumwensek bere jaioterritik kanpo: 21 urte, zehazki. Horietatik azken zazpiak, Gipuzkoan. Nigeria hegoaldean jaio zen: Benin hirian. Nigerian bizimodua aurrera ateratzea “zaila” delako erabaki zuen emigratzea. “Bizitza duin bat izateko ahalegina egin arren, Nigerian ez dago etorkizunik. Nigeriak, berez, ez luke herrialde txiro bat izan beharko, oso aberatsa delako baliabideetan, baina agintariek ez dute kudeaketa egokirik egiten”, salatu du.

OGHOGHO NANCY

Horregatik eta “beste hainbat arrazoirengatik”, nigeriar askoren “ametsa” da Europa. “Nigeriar askok uste dute Europa paradisua dela, hori saltzen digute, baina oso bestelakoa da hemengo errealitatea”, adierazi du Orumwensek. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak jasotako datuen arabera, iaz 739 nigeriar zeuden Gipuzkoan; horietatik 383, emakumeak. Eta bereziki aipatzekoa da Ordiziako kasua: Ainara Ormaetxea udaleko Aniztasun eta Migrazio teknikariaren esanetan, 2014ra arte ia inor ez egotetik “urte batetik bestera” %100 igo zen nigeriar jatorrikoen ehunekoa. Gaur egun, “95 bat” dira nigeriar jatorriko ordiziarrak; horietatik ia erdiak, emakumeak. Orumwensek dioenez, Ordizian “Gipuzkoako beste herri batzuetan baino emakume nigeriar gehiago” dago, eta hori izan da, besteren artean, egoitza bertan irekitzearen arrazoietako bat.

Ormaetxearentzat “abantaila handia” da horrelako elkarte bat egotea, “zubilan handia egiten dutelako elkar ezagutzeko bilguneak sortzeko”. Teknikariak aitortu duenez, azken lau urteotan “asko” aldatu da ordiziarrek jatorria beste lurralde batzuetan duten pertsonekiko duten sentsibilizazioa eta begirada, “baina arrakala egon, badago oraindik ere”. Haren ustez, horri aurre egiteko garrantzitsua da “elkar ezagutzeko espazioak sortzea”, eta horretan Divina elkarteak “zeresan handia” izango duela uste du.

Kontziliazioan, zailtasunak

Gipuzkoan bizi diren emakume nigeriarren profil bat egiten hasita, “kristauak eta ama bakarrak edo lehenengo aldiz ama izan direnak” direla aipatu du teknikariak. Zerbitzuen alorrean lan egindakoak dira gehienak, baina, ama direnen kasuan, “kontziliazioagatik lan egiteko zailtasun handiak” dituztenak. Osasun krisiak emakume horien errealitatea “are zailagoa” bihurtu duela gaineratu du Ormaetxeak. “Askok zailtasunak dituzte hizkuntzarekin eta ez dakite ez irakurtzen, ezta idazten ere”. Horregatik, besteak beste, alfabetatze eta joskintza ikastaroak eskainiko dituzte Divina elkartean.

Europa paradisua ez, baina “aukeren lurraldea” dela uste du Orumwensek. “Gure herrikideei bertan bizitzeko baliabideak eskaintzea da elkartearen helburua. Nigerian baino aukera gehiago dugu hemen; ezin gara bizi diru laguntzen mende. Hemen nahi dutena egiteko gai direla ohartarazi nahi ditut emakume horiek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.