Ingurumena errotik zaintzera deitu dute

Ingurumena errotik zaintzera deitu dute

Olaia Gerendiain

Eguzki talde ekologistak pixoihalak eta higiene produktuak birziklatzeko garaia iritsi dela aldarrikatu zuen joan den astean: “Zentzu horretan, pauso bat eman behar dugu aurrera”, nabarmendu zuen taldeak. Eguzkiko kide Karlos Murua Roma errenteriarrak azaldu du Gipuzkoan, urtero, “20.000 bat tona hondakin” sortzen dituztela pixoihalek eta higiene produktuek, eta errefusaren %70 osatzen dutela. “Gainera”, erantsi du Muruak, “produktu horiek sortzeko erabiltzen diren materialak oso kutsagarriak dira”.

Talde ekologistako kidearen hitzetan, konponbidea ez legoke hain urrun, material horietako asko birziklatzeko gaitasun teknologikoa bai baitauka Gipuzkoak. Foru Aldundiak birziklapenaren kluster bat dauka, eta kluster hori osatzen duten enpresek pixoihalak birziklatzeko sistemak dauzkate berez.

Egitura ahalmen horri gehitu behar zaio udalerri askotan produktu horiek bereizita jasotzen dituztela dagoeneko. Eguzkik mankomunitateka banatu ditu guneak: Sasietan, hamasei herri; Tolosaldean, lau; Urola erdialdean, bat; San Markon, hiru, eta, Debagoienean, bi. Guztira, 26.

EGUZKI TALDEAREN EKINTZA

Horiek horrela, Eguzkik aurrerapauso bat emateko deia egin die administrazioei. “Proposamen bat egin nahi diegu, egoerari buruzko informaziorik ez daukatela esan ez dezaten; hori eginda, ikusiko dugu administrazio bakoitzaren benetako jarrera zein den”, adierazi du Muruak.

Produktu horiek birziklatzeak etorkizunean “onura bikoitza” ekarriko lukeela sinetsita dago Eguzkiko kidea, “Zubietako erraustegiak zentzua galduko bailuke. Gu aurka egonda ere, erraustegi bat jarri dute; horri erregai duen materiala kenduko bagenio, zaila litzateke erraustegiaren beharra justifikatzea”. Errotik ekin nahi diote aldaketari: errausteko instalazioari ez diote erregairik eman nahi.

“Beste bizitza bat” emanez

Ingurumenaren gaineko zuzeneko eta zeharkako eragina bateratu nahi ditu Eguzkik, “gasen isurpena murriztearekin batera”, Muruaren esanetan birziklatzeak, bere horretan, “beste bizitza bat” ematen dielako produktuei ez ezik, baita lurrari berari ere. “Birziklatzen dugunean, hondakin zen hori berriro bihurtzen dugu lehengai”.

Hortaz, planteamendua argia bada, teknologia eta azpiegiturak baldin badaude, lehengairik ez bada falta eta gaikako bilketa martxan badago, zer falta da pixoihalak eta produktu higienikoak birziklatzen hasteko? Nagusiki, legeari egin dio aipu Eguzkiko aktibistak; material kutsagarrien produkziorako erabilera mugatu nahi du taldeak. “Horrekin hasi nahi dugu, gerora hondakinen kudeaketa politika hobetuz joateko”.

Errenteriarrak argi dauka hondakinen sorrera urritze horretan zein den erakundeek eduki beharko luketen rola, baina herritarrak ere ez ditu atzean utzi, kontsumitzaile diren heinean. Muruak egunerokoa hartu du ahotan, erosketak egitera joatean “hondakin asko” pilatzen baita etxean bertan, eta horietako asko ez baitira izaten birziklagarriak. “Neurriak hartu behar dituzte administrazioek, baina herritarrok ere kontzientzia hartu behar dugu”.

Muruarentzat ez da arrotza egoera, bere larruan bizi izan baitu hain kutsagarri diren hondakin horien kontsumoa: “Nik gertutik ezagutzen dut errealitatea, produktu horietako askoren beharra baitauka amak”. Sinetsita dago halakoetan “kontzientziaz eta erantzukizunez” jokatzen duela jendeak. “Azkenean, beharra daukalako erabiltzen ditu jendeak, ez baitira merkeak”.

Haren ustez, ezinbesteko kasu horietan irtenbide ona litzateke “produktuak sailkatzea”. Nahiz eta gaikako bilketarik ez dagoen martxan oraindik ere hainbat udalerritan, ohitura hartuz joatea “etorkizunerako prestakuntza” izan litekeelakoan dago Murua: “Sistema hau noizbait martxan jarriko da. Kostako da, baina laster egongo da aukera produktu horiek errefusarekin ez nahasteko”.

Horretarako, “hondakinak kudeatzeko sistema eraginkorrak” galdegin ditu Eguzkik, “hor baitaude hutsune nagusiak”. Jendeak pauso bat atzera ematea da produktuak ez bereiztearen arrisku nagusia. “Azkenean ikusten baitute hartzen duten lanak ez duela ezertarako balio”. Dena den, joera hori sortzearen garrantzia nabarmendu du Muruak, “bestea etorriko baita, lehenago edo geroago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.