Leire Narbaiza
Aurreko larunbatean altxatu zuten kalean maskara jantzita ibiltzeko agindua. Aurrerantzean barruetan eta egoera konkretu batzuetan baino ez da derrigorrezkoa izango. Gustura jaso dugu askok berria, eta musua agerian izatearen plazeraz bagabiltza disfrutatzen.
Igandean bertan lagun maite batzuekin bazkaria izan nuen. Aspaldi bertatik bertara ikusi bakoak ginen, eta irrikaz espero genuen hitzordua. Halakoetan askori gustatzen zaigu ahalik eta itxura onenarekin agertzea, eta zer arropa jantzi-eta izaten dugu buruan. Aurpegia libre izateak ere margotzeko aukera ematen du. Zertarako ezpainak pintatu estali behar baditugu?
Ezpainetakoa atera eta jardun nuen aspaldiko partez gorritzen muturra. Gaitza egin zitzaidan, adinarekin ezpainak fintzen direlako, eta inoiz ez dudalako ganoraz makillatzen ikasi. Eskulanetan ez naiz batere trebea eta, gainera, berandu hasi nintzen langintza horretan. Sekula ganoraz ikasi ez, eta ohitura falta.
Bai, gure belaunaldiko askok ez genuen ikasi makillatzen beste belaunaldi batzuek ikasi zuten adinean, nerabezaroan edo gaztetxotan. Moda kontuak. Takoietan ibiltzen ere ez dugu askok ikasi, eta lurretik pixka bat igotzeko ziri-takoiekin baino ez gara moldatzen.
Takoiak txarto ikusita zeuden gure gaztaroan. Safari izeneko zapatak (pisamierdak) zeuden modan, oinetako lauak eta unisexak. Horrelakoa zen orduan modan zegoena, tradizionalki gizonezkoena izan zena. Marinelen jaka, jertse, txanodun euritako eta katiuskak top-topean zeuden, denok desio genituenak. Mahoizko prakak ere janzten genituen, eta aitaren zenbait jertse ere bai, nahiz eta hiper handi izan. Jantzi guztiak ziren handiak. Eta arropa geruza horien azpian ezkutatzen genituen gure emakume gorputz berriak.
Izan ere, moda unisex hori aho biko ezpata zen. Alde batetik, ordura arte emakume janzkeratzat hartzen zena desagertu egin zen. Neska eta mutilen arropak eta oinetakoak antzekoak edo berberak ziren, eta aurpegiek ere ez zuten gainean ezer emanda, “garbi” generamatzan, estalki barik. Neskok adatsa, orokorrean, ez genuen oso luzea, demodé zegoelako. Beste ileekin, ostera, ez zen halakorik gertatzen: genero bereizketa mantetzen zen, eta depilazioa inpostzen zitzaigun. Lastima.
Jakina, hau guztiau —depilazioarena salbu— liberatzailea zen, erosotasuna ematen duelako, denbora gutxiago behar delako prestatzeko, eta perfektu egon behar izate hori deuseztatzen duelako.
Beste alde batetik, joera honek behartzen gintuen gure gorputzen formak ezkutatzera, biribiltasun berriak disimulatzera. Bular oparoa zeukaten neska askok bizkarra okertzen zuten titiak ez nabarmentzeko, ipurtaldea nahikoa disimulatuta ez bazegoen, jertseak lotzen zituzten gerrian, ikusi ez zedin. Unisex horrek gure gorputza ukatzea ere bazekarren, oraindik gorputz berria onartuta ez geneukanean. Gorputz egokia mutilena zela adierazten zitzaigun txantxa eta barreen bidez, gainera.
Ez zait damutzen ganoraz pintatzen edo takoi altuetan ibiltzen ikasi ez izana. Baina bai gu makillatu ez arren, makilatu gintuzten modu sotilean, gure gorputzak mespretxatzen irakatsi zigutelako.
Nahiz eta modak aldatu eta oraingo neskatoak makillatu, makilatzen jarraituko dute beste bide batetik, geure buruarengan ziurtasunik ez izatea komeni zaielako, zaurgarriago garelako.
Leave a Reply