Agurtzane Belaunzaran
Bidaiatzeko beste modu bati ateak zabaldu dizkiote Elena Irigoienek eta Aritz Aierbek, Gipuzkoako eta Nafarroako mugako larre gozoetan mimoz zaintzen dituzten hamar asto eta mandorekin. Animalia horiek bidelagun hartu, zakutoa kargatu hala behar izanez gero, eta presak tokirik ez duen ibilaldiak eta txangoak prestatzen dituzte. “Naturarekin eta astoekin zuzeneko harremana duen zerbitzua eskaintzen dugu guk. Poliki, mantso bidaiatzea da gure filosofia; animaliaren ardura dugu eta bere erritmoa kontuan hartu behar dugu”, azaldu du Irigoienek.
Bidaia bera “esperientzia berezia eta ezberdina” izatea da Astotrek proiektuaren sortzaileen nahia. Bidaia geldoen ideia defendatzen dute; janari azkarraren eta geldoaren ideia turismora eramanda, erritmo geldoak “egungo bizimodu azkarrean gozatu ezin diren gauzekin gozatzen” laguntzen duela defendatu du.
Estanpa bizi-bizia da Berastegiko Aintzerga inguruko zelaietako animalien etxaldea. Bertan dago Astotreken kanpaleku nagusia, eta handik egun erdiko edo egun osoko txangoak egiteko aukera dago, baita zeharkaldi luzeagoak egitekoa ere. “Plazaola naturgunearen ondoan gaude, eta txango luzea egin nahi duenak aukera paregabea du astoa hartu, zakutoetan behar duena sartu, eta nahi beste egun ibiltzeko. Eroso bidaiatu nahi badu, gainera, landetxe batean lo egiteko aukera dauka”, dio Aierbek.
Aukeren artean “gustu guztietarako ibilaldiak” dauzkate: lehen esperientzian asko arriskatu nahi ez duenak, egun erdiko ibilaldia egin dezake Urtora edo Bizkotxeko meategietara, errekan bainua hartzeko aukerarekin; egun osoko txangoetan, berriz, Ixkibarrera edo Andoainera joateko aukera eskaintzen dute.
Esperientzia “pertsonalagoa” bizi nahi dutenentzako ere prestatzen dituzte ibilbideak, bezeroaren beharretara egokituz; kasu horietan, astoak bezeroak nahi duen lekuan uzteko edo hartzeko zerbitzua eskaintzen dute.
Astoa eta gizakia
“Edonork” egiteko moduko txangoak dira, bien hitzetan bezeroek ez baitute aurretik esperientziarik behar animaliekin. Hala nahi izanez gero, gidari laguntzaile zerbitzua ere eskaintzen dute, baina astoak “gizakiaren eskuetara eginda” daudela azpimarratu dute. “Eguneroko lanaren eta gozotasunaren emaitza” da hori, noski; maitasunez zaintzen dituztela esan dute, “animalia bakoitzaren izateko modua aztertuz eta zakutoekin eroso bidaia dezaten entrenatuz”. Bezeroak astoa alokatzean, lanketa bat egiten dute lehenengo: “Janaria eman, orraztu, laztanak egin… Euren arteko laguntasunaren hasiera bat da, nolabait esatearren”, dio Irigoienek —psikologoa da formazioz—.
Gogoratu du astoa, beldurtzean, “geratu” egiten dela, “blokeatu” egiten dela, eta horrelakoetan “gozo” hartu behar izaten dela. “Zaldia, berriz, urduri jarri eta korrika hasten da. Interesgarria da animalia horien eta gizakiaren arteko harremana berreskuratzea”. Euskal Herrian astoak baserriko lanetarako erabili izan dira gehienetan, “makilaren pean lanean beti”, baina motordun makinaria sartzean astoen lana “itzalpean” gelditu zela gogoratu du Irigoienek. Askok larreak garbi edukitzeko erabiltzen dituzte orain. Frantzian, ordea, “oso errotuta” dago astoekin bidaiatzea, eta, hango eredua erreferentzia gisa hartuta, Astotrek izan da Gipuzkoan zerbitzu hori eskaintzen lehendabizikoa.
“Familian egiteko plan ezin hobea” dela azaldu dute biek, baita “lagunartean edo bakarka” egiteko ere. Lehen bezeroek izan dute jada Leitzarango bailaran esperientzia berezi horrekin gozatzeko aukera.
Zakutoekin bidaiatzeak ematen duen “autonomia” aipatu dute biek, iazko udan egin zuten hamar eguneko ibilaldia gogora ekarrita. “Zakutoetan asto bakoitzak berrogei kilo eraman ditzake eta ibilbide luze batean sekulako autonomia ematen du horrek, egun askotarako janaria garraia daitekeelako eta herrietara jaitsi gabe iraun daitekeelako”. Karga eramateko zakutoak erabili behar izanez gero, “ondo orekatuta eramateko argibideak” ematen dituzte txangoari ekin aurretik. “Hein batean, bidelagun garrantzitsua izango dute astoa bera eta astoa zaintzeko gakoak dira argibide horiek. Astoarekin bidaiatuko dute, ez asto gainean”.
Pirinioetara, astoarekin
Pirinioak sei hilabetez astoan zeharkatzeko ametsa zuen Aierbek, eta horretarako erosi zuen asto bat. “Konturatzerako”, ordea, hazienda asko zuen zaintzan. Amets hori eraldatuta eta Irigoienen laguntza eta babesa jasota, berak egin nahi zuen hura nolabait besteei eskaintzea du helburu orain. Azken urteotan munduan barrena hara eta hona ibiliak dira biak, eta, urrunera joatean, bertakoa gehiago maitatzen ikasi dutela aitortu du Irigoienek.
Astotrek izan da Aierbek eta Irigoienek astoekin sortu duten harremanaren emaitza. Une honetan bost asto dituzte prest txangoak egiteko: Meski, Jai, Ameraun, Luki eta Kami. Xani da familiako txikiena —maiatzaren 15ean, San Isidro egunean jaioa— eta bi urte barru izango dute prest ibilaldiak egiteko.
Leave a Reply