Unai Zubeldia
Kaosa”. Hitz hori errepikatzen ari dira Tolosa, Hernani, Astigarraga eta Donostia arteko Lurraldebusen autobus zerbitzu publikoko erabiltzaileetako asko. Eta “kaosa” salatu du Ekaitz Telleriak ere, LAB sindikatuaren Gipuzkoako garraio arduradunak. Uztailaren 1etik linea horiek jada ez dituzte kudeatzen Garayar, Areizaga eta TSST konpainiek, TBH enpresak baizik —Transitia eta Alsa konpainiek osatzen dute—.
“Aspaldikoa zen zerbitzu guztia bateratzeko eta modernizatzeko helburua, eta, konplexua izan den arren, lortu dugu azkenean, lehiaketa publiko bidez lortu ere”, adierazi du Ander Iturrik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak. Berez, duela lau urtekoa da kontzesio berria. “Baina Garayarrek eta TSST konpainiek helegitea jarri zioten lehiaketari”, azaldu du Telleriak. “Azkenerako, lehiaketa berme guztiekin eginda zegoela esan dute epaitegiek, eta horregatik egin du aurrera kontzesioak orain, atzerapen handiarekin”.
Telleriak salatu du, auzia epaitegietan zegoenez, aldundiak egin gabe dauzkala aurretik egin beharreko lanak. “Besteak beste, udalekin gaia kontrastatu gabe zeukan, eta bere plana inposatu du”. Langileen kasuan, LABeko arduradunak esan du lantalde berberak jarrai dezan bermatu dutela —LABek dauka gehiengoa—. “Baina oso kaskarra da zerbitzua”, eta aldundia egin du horren erantzule. “Are gehiago, zerbitzua ematen duen enpresak ere ez zekien zein zerbitzu eman behar zuen, langileei ekainaren 30ean banatu zizkielako ordutegiak”.
Erabiltzaileak “nahastuta” dabiltza egunotan. “Lehen, ordu laurdenero geneukan autobusa Astigarragan, zuzena bat eta geldituz joaten zena bestea. Orain, berriz, ezinezkoa da une bakoitzean zein autobus dagoen jakitea”. Donostiako Okendo kaleko geltokian zain dago Isabel Franco. “Ustez, 12:00etan zen abiatzekoa BU12 autobusa, baina duela bost minutu joan da [12:10 dira]”. Autobus geltokian ez dago informazio panel berriturik, eta autobusetako asko aurrealdean zenbakirik eta letrarik gabe ari dira iristen. Iturrik argitu du udalei dagokiela paneletako informazio guztiaren kudeaketa, eta eurek bidalita daukatela publikatu beharreko informazio guztia.
Ilara luzeak geltokietan
Kontzesio berriarekin, Astigarragan sortu da gorabehera gehien azken egunotan. “Lehengoan, izugarrizko ilarak zeuden Astigarragako autobus geltokian”, azaldu du Buenaventura Salagrek. Astigarragan bizi da hura ere. “Autobus bakarra daukagu orain herrian, ez da igarotzen herriaren erditik, eta adinekoek ibilbide luzeagoa egin behar izaten dute kanpoalderaino; taxia hartu beharko dute askok edo Donostiara ez etortzea erabaki beharko dute”.
Salagrek gogoratu du autobusa besterik ez daukatela Astigarragan. “Ez daukagu trenik ere, eta, hala ere, autobus bakarra utzi digute orain”. Herritarrak “galdu samar” daudela azpimarratu du Salagrek. “Askotan, Hernanitik bete-bete eginda iristen dira autobusak eta gelditu ere ez dira egiten. Ez daukagu inolako ziurtasunik”. Francok ez dauka zalantzarik: “Okerrera egin dugu”.
Iturrik zehaztu du Astigarragan A2 autobusa hartzen saiatzen zirela gehienak, Donostiarako autobus zuzena. “Eta, beraz, erabiltzaileek nahiago zuten ordu erdi itxoitea, geldialdiak eginez zihoan autobusa hartzea baino. Beraz, lehen ordu erdiro zeukaten A2 zerbitzua ordu laurdenero izango dute orain; Donostiarako zuzeneko autobus gehiago izango dituzte Astigarragan”.
Consuelo Arratibel Hernanin bizi da, eta berehala nabaritu du aldaketa. “Kendu egin dute etxe ondoan neukan autobus geltokia, eta atzerago joan beharra daukat autobusa hartzera; oraindik ez dakit bakoitzak zein ordutegi daukan ere”. Lehen egunetan autobusaren zain ordutebete ere igaro zuela ziurtatu du. “Geltokira iritsi eta itxoin, beste erremediorik ez daukagu orain, ez dagoelako batere informaziorik. Aspalditik zekiten aldaketa noiz egingo zuten, baina…”. Eskaera argia egin du Arratibelek: “Jar ditzatela lehengo ordutegiak, ulertezina delako aldaketa hau”. Argi utzi nahi izan du autobus gidariek ez daukatela inolako errurik. “Erre-erre eginda daude haiek ere”.
Hernaniarra da Nerea Etxeberria, nahiz eta Donostian bizi den gaur egun. Familiari bisita egitera doa jaioterrira, baina autobusaren zain jarraitzen du Okendon. “Maiztasuna ugaritu egin dutela esanez ari dira, baina hori ez da egia. Lehen, hamabost minutuero geneukan G1 autobusa, eta orain hogei minutuero edo ordu erdiro edukiko dugu”. Etxeberriarentzat informazio falta ez da kontu berria. “Garayarrek ere kontu horiek guztiak oso gaizki kudeatzen zituela esango nuke. Jaieguna dela, manifestazioren bat dagoela… Gaur egun ez da asko kostatzen Interneten abisuren bat jartzea edo gidariak mikrofonotik jakinaraztea, baina hori ere ez dute egiten”.
Iturrik onartu du informazioaren alorrean “hobeto” lan egin zezaketela. “Autokritika egiten dugu zentzu horretan, baina egia da arazoak izan ditugula autobus barruetako softwarearekin. Laster konponduko dugu hori”. Aldundiko ordezkariak “pazientzia pixka bat” eskatu die erabiltzaileei. “Azkenean, denbora behar izaten dute aldaketa guztiek, eta denbora pixka bat beharko du enpresa berriak ere”.
Balizko kexa guztiak Lurraldebusen zerbitzuen bidez kudeatzeko eskatu du Iturrik, eta denak aztertuta balorazio bat egingo dutela ziurtatu du. “Ondoren egokituko dugu egokitu beharrekoa”.
Leave a Reply