Kirolerako oztopoak, bistara

Kirolerako oztopoak, bistara

Miren Garate

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak #kirolbarrerak izeneko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Kirola egin nahi duten pertsonek izaten dituzten oztopoak desagerraraztea da helburua. Webgune bat sortu du —Kirolabarrerak.eus—, eta herritarrei eskatu die barrerak kendu dituzten espazioen nahiz oraindik hobekuntzak behar dituzten espazioen berri emateko haren bidez, gizarte inklusiboago bat lortu ahal izateko.

Hamar barrera identifikatu ditu federazioak, eta haietako bakoitzaren deskribapen labur bat ere jaso du dekalogo batean. Blanca Aranguren federazioko lehendakariaren esanetan, barrerak esanda, gurpildun aulkia eta koskak etorri ohi dira burura, lehenik eta behin. “Barrera fisikoak, noski, badaude, baina badaude bestelako barrerak ere: mentalak, prestakuntzari lotutakoak, babes faltarenak…”.

Adibide bat emateko eskatuta, guztiak ere garrantzitsuak direla azpimarratu ostean, langileen prestakuntzarena aipatu du. “Demagun desgaitasunen bat duen norbait joaten dela kiroldegira. Desgaitasuna agerikoa bada, laguntzeko jarrera izan ohi dute langileek, baina, desgaitasuna ez bada hain agerikoa —buruko gaixotasunen kasuan, adibidez—, portaera oker baten moduan interpreta dezakete kiroldegiko langileek, eta pertsona horiekiko jarrera ez da berbera izaten”.

Prestatu duten dekalogoa hamar barreratara mugatu duten arren, oztopoak “askoz gehiago” direla nabarmendu du Arangurenek. Dena den, uste du azken urteetan, “pixkanaka bada ere”, kirol egokituak aurrera egin duela etengabe. Hiru lan ildo nagusi dituzte federazioan: guztiek izatea kirola egiteko aukera, emakumeen presentzia sustatzea kirolean, eta jendearen ikuspegia zabaltzea, “desgaitasun mota asko baitaude”.

Eskaintza zabala

Arangureni bereziki pozgarria iruditzen zaio kirol egokituak gaur egun eskaintzen duen aukera sorta: atletismoa indar handia hartzen ari dela dio, futbolean ere plan pilotu bat prestatzen ari dira Gipuzkoako Futbol Federazioarekin batera, eta eskrima, saskibaloia, eslaloma eta beste hainbat kirol egiteko aukera ere badago. “Horiez gain, desgaitasunen bat dutenentzat bakarrik diren kirolak ere baditugu; adibidez, boccia”. 25 kirol elkarte daude federaziora atxikita, seiehun kirolarik dute lizentzia edo aisialdi txartela, eta kalkulatzen dute federazioak ematen dituen zerbitzuek 15.000 lagunengan dutela eragina.

Sentsibilizazio kanpainaren barruan, kamisetak, motxilak, txapak eta abar aterako dituzte udan, eta, irailetik aurrera, Prest gaude erakusketa ibiltaria izango da zenbait herritan. Urritik aurrera, prestakuntza tailerrak emateko asmoa ere badu federazioak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.