Rebeka Ruiz
COVID-19aren izurriak hamaika esparru eta diziplinatan izan duen eragina medio, udalgintzaren inguruko hausnarketa prozesua zabalduko dute, irailean, Errenteriako Udalak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, udako ikastaroen bitartez. COVID ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioen erronkak izenburua izango du ikastaroak, eta etorkizun hurbilean munizipalismoaren gaineko eredua zein izango den argitzen saiatuko dira bertan. Irailaren 9an eta 10ean izango da ikastaroa, Errenteriako Lekuona fabrikan, eta dagoeneko eman daiteke izena parte hartzeko, udako ikastaroen webgunean: Uik.eus/eu-n.
“Galdera garrantzitsu horri erantzutea da ikastaroaren helburua, edo horren atzean egon daitezkeen gakoak identifikatzea, behintzat”, azaldu du ikastaroko zuzendari eta Errenteriako Udaleko Partaidetza zinegotzi Itziar Ostolazak. Ildo beretik mintzatu da EHUko udako ikastaroetako zuzendariorde Igor Alvarez ere; ziur agertu da pandemiak “gizartearen esparru guztietan” eragingo duela, eta harremanen kudeaketan jarri du indarra: “Azkenean, harremanak, orokorrean, nola kudeatzen ditugun, eta kasu honetan, bereziki, udalek nola kudeatzen dituzten hausnartzeko balioko du ikastaroak”.
Etorkizun hurbila
Mundu mailako azken osasun krisiak bizimodua eta harremanak eraldatu ditu, eta baita eguneroko erritmoak ere. “Azken ikasturteak oso biziak eta ziurgabetasunez beteak izan direla, sentsazio hori daukagu udalean, eta hala partekatu dugu inguruko udalekin ere”, esan du Ostolazak. Hori dela eta, geldialdi bat egiteko baliatu nahi dute iraileko ikastaroa. “COVID-19ak udalgintzan ere zer utzi digun begiratzeko”, erantsi du. Areago, begirada “bereziki etorkizun hurbil horretako erronketan” jartzea ezinbestekotzat jo du ikastaroko zuzendariak.
Izurriak gauzak egiteko moduak “halabeharrez” aldatu dituela kontuan izanda, errealitate berri horren aurrean “udalgintza non kokatzen den” aztertu nahi du Errenteriako Udalak, adituen eta herritarren eskutik. Tokiko gobernantzaren gaineko “bestelako begirada batzuk” bereganatu nahi dituzte era horretan: “Gogoetak entzun eta gero, guk gure ondorioak atera eta praktikara eraman ditzagun udaletan. Erantzunak ez dakizkit, baina galdera potoloa da, hori bai”.
Koronabirusaren eraginaren gainean gogoeta egiteko hausnarketa eta azterketa prozesuak martxan jartzen ari dira hainbat lekutan. Tokiko gobernantza ereduen kasuan, uneotan “hausnarketa betean” daudela adierazi du Alvarezek: “Hainbat esperientzia pilotu lantzen ari dira dagoeneko, eta beste herrialdeetan zer egiten ari diren ere aztertzen ari gara. Zer edo zer berria asmatu beharrean, uste dut komeni dela kanpoan egiten ari direna eta ondo ateratzen ari dena gure egoerara eta bizimodura egokitzea. Bide horretan ari gara oraindik lanean”.
Pentsamenduari espazioa
Pandemia ondorengo garaietako erronkei aurre egiteko, Ostolazak ezinbesteko iritzi dio komunitatearen edota herritarren parte hartzeari. “Udalgintzaren parametroetan pentsamenduari espazio bat irekitzea”, hori da, hain zuzen, ikastaroan landuko duten gakoetako bat. Gainera, Lekuona fabrika horretarako leku aproposa dela uste dute antolatzaileek: “Zalantzarik gabe, Lekuona fabrika oso espazio interesgarria da pentsamenduari bi egun eskaintzeko. Hor argi ikusi genuen udalgintzak, azken finean, ez daukala zentzurik herritarrik edo komunitaterik gabe”.
Hortaz, etorkizun hurbilean Errenteriak udal gisa aurre egin beharreko erronka nagusiak nahiz zehatzagoak zein diren aztertuko dute iraileko ikastaroan. Ostolazak izen-abizenak jarri dizkie herri gisa dauzkaten erronka horietako batzuei: “Uneotan, esaterako, Hapo prozesuan murgilduta gabiltza Errenterian, Lekuona bera martxan jartzen ari gara, Torrekua humanitate digitalen gune aktiboan hainbat proiektu sortzen ari gara…”. Hori kontuan izanda, dagoeneko abian dauden proiektuez gain, etorkizuneko beste egitasmo guztiak ere “komunitatearekin, herritarrekin eta iritsiko diren pertsona berri horiekin” josi nahi ditu udalak, eta, horretarako, “ahalegin berezia” egin nahi du Errenteriako Udalak, herrian bertan erroldatutako herritarrentzat ikastaroa doan izan dadin.
EHUk 2016an Ibilkari programa martxan jarri zuenetik, lehen aldiz hartuko du udako ikastaro bat Errenteriak. Alvarez “asebeteta” agertu da unibertsitatea udalerrietara zabaltzeko martxan jarritako kudeaketa planarekin, “herriek dauzkaten behar edo berezitasunei gaiak egokitzeko aukera dutelako”.
Leave a Reply