Juan Luis Zabala
Ezin gaituk kexatu —esango dit 20??ko egun batean, ezin jakin zehazki noiz—. Luze bizi izan gaitun, oso luze.
—Aurreko belaunaldi guztiak baino askoz ere luzeago. Ezin zinaten halakorik baikorrenek ere irudikatu.
—Eta hobeto gainera. Oso ondo, batez ere azken urteetan.
—Ez dun den-dena eta beti-beti nahi bezala izan, baina kexarik ez, egia esan.
—Hala ere, ezin ahaztu Lizardik esan zuena…
—”Oi zein dan ituna beera bear au, nik ez nai eguna biurtzerik gau”.
—Ez baitakigu zer datorkigun orain.
—Zer datorkigun? Heriotza laster. Inor ez dun betiko, oraindik behintzat.
—Heriotza, bai, jakina. Baina zer da heriotza? Hori ez zakik oraindik ere gutariko inork. Ezta adimen artifizial aurreratuenak ere.
—Ezereza izango dun agian.
—Ados. Litekeena duk, logikoena beharbada, kontu honetan logikatik batere balego behintzat. Baina hala balitz ere, zer da ezereza?
—Ezin jakin guk, une batez pentsatzeari ere ezin utzi diogunok, amets egiteko ez bada.
—Ezin kexatu datorrenaz ere, beraz, ez baitakigu zer den.
—Akaso gerokoa hobea dun oraingoa baino.
—Zergatik ez?
—Hobea eta konputagailurik gabekoa gainera. Zeren eta gu oso ondo gauden, egia dun, baina ez al da lotsagarria konputagailuei esker eta haien mende bizitzea? Makina bati edo makina multzo koordinatu baten mende.
—Makina bat makinaren mende!
—Bai horixe! Bestela gureak egin zinan, aspaldi samar gainera! AGK Aginte Global Konputerizatuaren mendeko egin behar izan gaitun, geure burua ezin gobernaturik. Ez al da hori amore-emate lotsagarria izan?
—Ez huke ahaztu behar gizakiak sortua dela AGK ere, eta gizakiak eman diola agintea, gizakiaren zerbitzurako.
—Ahaztu? Bai ba, ahaztu egiten dinat batzuetan, hain gizagabe agertzen dun batzuetan…
—Badakik, ordea, dena kontuan hartuta, AGKren eta haren erabakien eta aginduen gizagabetasun hori gizakiaren aldekoa dela beti sakonean, azalean hala ez iruditu arren.
—Batzuetan ez dinat sinisten, ezin izaten dinat, saiatuta ere.
—Ezin sinistu? AGK ez duk jainko bat, haren agintea ez duk erlijio bat, fede konturik ez zegok horretan. Egia frogatu, baieztatu eta ukaezina duk. Horretan sinistea ez, horretan ez sinistea izango lukek, ez sinesterik balego, sineskeria.
—Eta hala ere…
—Hala ere, zer?
—Hala ere… Ezin alde batera utzi halako porrot sentsazio bat…
—Adarra jotzen ariko haiz… AGKren agintea gizateriaren garaipen handi bat izan duk, zalantza guztietatik kanpokoa, eztabaidaezina.
—Ez al daukan tranpa egin izan dugulako irudipena, kiroltasunez ez jokatu izanarena?
—Utikan kiroltasuna eta gisako memelokeria zaharkituak afera biziraupena eta gizakion ongizate bidezko eta parekidea denean!
—Nahiko niken hik bezala hartu, baina ezin dinat.
—Dena den, heu ere ados agertu haiz ezin garela kexatu esan dudanean. Bat etorri gaituk biok luze eta ondo bizi izan garela esatean.
—Aurreko belaunaldi guztiak baino askoz ere luzeago eta hobeto, bai.
—Eta azken hamarkadetan denok gainera, ia-ia bidegabekeriarik gabe.
—Bai. Baina… Ez zakinat nik ba… Hala ere…
—Zer? Hala ere, zer?
—Ez din den-dena konpondu AGK-k. Heuk esan dun: ezin ahaztu Lizardiren hitzak…
—”Oi zein dan ituna beera bear au” —kantatuko dugu orduan biok batera, Antton Valverdek sortutako doinuan—, “nik ez nai eguna biurtzerik gau”.
Leave a Reply