Beñat Alberdi
Kaleko aisialdia eskaintzen dutenengan —izan taberna, izan jatetxea…— zuzenean eragin du koronabirusaren pandemiak, eta Elgoibarko ostalariek bakoitzak bere kasa jardutea baino nahiago izan dute elkarte bat sortu: Aizu. Epe laburrean udalarekin hitz egiteko bitartekaria izango da elkartea, ostalarien interesak defendatzeko. Aurrera begira, berriz, “eragile aktibo” izan nahi dute herriko kultur eskaintza antolatzeko lanean; terrazetan kontzertuak eskaintzeko, esaterako.
Herriko ostalariak elkartzeak esanahi berezia dauka Elgoibarren. Izan ere, “aurreko belaunaldiak” elkarte bat zeukala azaldu du Celia Teixeirok, Celia tabernaren jabe eta Aizu elkarteko kideak. Hark azaldu du hainbat arrazoi tarteko —taberna berriak zabaltzea, tartean— hautsi egin zela ostalarien arteko batasun hori.
Azkenaldian, Elgoibarko tabernen artean bazegoen nolabaiteko komunikazio bat, “baina zonaka antolatuta”. Madalena auzoan zeudenek, esate baterako, sortu zuten elkarte bat: Maalako Lagunak. Jendea erakartzeko ekintzak antolatzea zuten helburu, euren gunean, noski. Behekoak eta Goikoak, bereizketa hori egiten zuten lokalen jabeen artean.
Koronabirusak hainbat eragin negatibo izan ditu gizartean, baina baita zenbait positibo ere: Elgoibarko ostalariek emandako pausoa, adibidez. Iazko azaroan manifestazio zaratatsu bat antolatu zuten hornitzaileen egoera salatzeko, eta aspaldiko partez bat egin zuten Behekoek eta Goikoek. “Lehenagotik buruan geneukan denon artean talde bat sortzea”, esan du Manu Reyk, King Kong tabernaren jabe eta Aizu elkarteko lehendakariak. “Ikusi genuen posible zela guztiok bat egitea eta askoz indartsuagoak izango garela bat eginda”.
Iazko indar erakustaldiak balio izan zien udalarekin hitz egiten hasteko eta ostalarien eskaerak mahai gainean jartzeko. Goikoak eta Behekoak binomioari erantzuteko, bi aldeetako ordezkariak aukeratu zituzten taldea dinamizatzeko. Bost kidek osatu dute lehenengo zuzendaritza: Eneritz Burunza diruzainak (Gabi), Imanol Urain lehendakariordeak (Txarriduna), Celia Teixeirak (Celia), Manu Rey lehendakariak (King Kong) eta Leire Urbiolak (Tantaka). Duela bi aste lortu zuen legez elkarte gisa lanean hastea.
Udalarekin harremanetan
Aizu elkarteko zuzendaritzako kideen ardura da jada udal ordezkariekin negoziatzea. Ondoren, Whatsapp taldearen bidez ematen diete informazioa elkarteko gainerako kideei. Tarteka bilerak ere antolatzen dituzte erabakiak hartzeko, nahiz eta, haien hitzetan, eguna eta ordua zehaztea zaila izaten den tabernarien artean: “Hamasei lagun elkartu izan gara, gehienez”, zehaztu du lehendakariak. “Ezinezkoa da denok elkartzea. Batzuek igandeetan bakarrik posible dute, beste batzuek goizez bakarrik…”.
Diru laguntzak eskatzen dituzte bereziki. Hasieran, tabernetan kontsumitzeko bonuak jarri zituen martxan Elgoibarko Udalak; txartelaren erdia udalak ordaintzen zuen, eta beste erdia, bezeroak. Jabeentzat, ordea, ez zen bezeroentzat bezain errentagarria.
Horregatik, beste bide batzuk bilatu nahi izan dituzte ostalariek. “Laguntza zuzena eskatu dugu, eta, nolabait, bideratuta dago hori”, argitu du Teixeirak. “Mahai gainean jarri dugu tasak kentzea ere: terrazena, kasurako”. Iaz tasen erdia ordaindu zuten tabernariek, eta aurten, erabat kentzea helburu zuten arren, erdia ordaindu behar izan dute azkenean.
Politika kontuetatik kanpo, ostalariengan bestelako eragin batzuk izan ditu elkartea sortzeak. “Batasuna ekarri du”, esan du Reyk. “Orain, komunikazioa dago denon artean, berdin dio Goikoak edo Behekoak garen”. Adibide gisa jarri du Whatsapp taldearen bidez jakinarazi zutela 100 euroko iruzurra egiten ari zela bikote bat herrian.
Horrez gain, “informazioa trukatzeko” balioko die elkarte sortu berriak. Esaterako, taldekideei jakinarazteko Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak diru laguntzak martxan dituela. Eta produktuen salneurriez hitz egiteko ere balioko du elkarteak; prezio bat adosteko baino gehiago, saltoki batetik bestera alde handirik ez egoteko. “Elkarteak seriotasuna eman nahi dio Elgoibarko ostalaritzari”, nabarmendu du Teixeirak. Aizu elkarteak “talde izaera indartzen” lagunduko die ostalariei. “Eta denok zentzu berean egingo dugu arraun”.
Leave a Reply