Juan Luis Zabala
Zer pentsatu eta zer esan ez dakidala geratzen ari naiz azken egunotan eta asteotan izaten ari diren kale-istiluen berriak entzuten edo irakurtzen ditudanean: polizien eta gazteen arteko liskarrak, hainbat dendatako erakusleihoei erasoak, arpilaketak denda horietan, atxiloketak, polizien jarrera oldarkorrak… Gainditua zirudien iragan baten itzulera, neurri batean antzaldatuta bada ere.
Albiste horiek pizten didaten lehen sentimendua eta indartsu eta iraunkorrena, nagusia azken batean, gogaitasunarena da, nazkarena. Luzaz entzundako zarata bat, azkenerako jasanezin bihurtua, betiko isilduta zegoela uste zuenak berriro ere zarata hori entzutean sentitzen duenaren pareko gogaitasuna eta nazka. “Ez ba!”, esaten diot neure buruari. “Berriz ez, mesedez”. Baina bai, berriro ere bai, hor dago errealitate itsusi eta deseroso hori: istiluak, irainak, kolpeak eta zauriak kaleetan, atxiloketak, polizia amorratuen gehiegikeriak, indarkeriaren aurkako irakurketa politiko errazak, aldez edo moldez publikoki kontra agertzen direnen arteko borroka semantikoak… Quousque tandem abutere, Catilina, patientia nostra?
Ez dakit nor diren saltsa horietan sartuta dabiltzan gazteak, zeren bila dabiltzan zehazki, eta handik eta hemendik jasotako informazioak ere ez dit asko lagundu ideiak argitzen.
Batzuek diotenez, erakusleihoak puskatu eta dendak arpilatzean multinazional handien frankiziei erasotzen diete beti gazte oldarkor horiek, inoiz ez denda txikiei, eta ba omen dago kontzientzia politiko argi samar bat ekintza horien atzean, gizartea eraldatzeko asmo bat. Hala iradoki du Paul Beitiak BERRIA egunkarian iradoki duenez: “Klase borrokaren testuinguruan, posizio politikoaren funtsa da zein klaseren alde ari zaren. EH Bilduk nahiago izan du gazte langileak kriminalizatzea, Poliziaz txintik ez esatea eta Zara, Adolfo Dominguez eta enparauekin enpatizatzea”.
Bestelakoa da, ordea, Iñaki Egañak Gara-n gazte horiei egin dien erretratua: “Politikoak ez diren biolentoak postmodernismoaren, modaren eta hedonismoaren kulturakoak dira. Ez dute zerikusirik sistemaren aurkako planteamendu politiko subertsiboekin” (itzulpena neurea da).
Ezin dut esan nor dabilen zuzen, edo nor dabilen zuzen egotetik gertuen, ez baititut gertakariak neure begiz ikusi, ez baititut ezagutzen horietan parte hartzen dutenak, ez baitakit nola antolatzen diren eta zein diren haien sakoneko motibazioak. Baina pentsatzen egon naiz enpatizatu eta besteren zapatak jantziko bagenitu —gaur egun hain laudatua den ariketa—, gaur eta hemengo gazte askoren larruan jarriko bagina —berdin dio kontzientzia politiko argi eta antolatua duten ala ez—, akaso beste modu batean begiratu ahal izango geniokeela kontu honi, eta gogaitasunaz, nazkaz, arbuioaz eta gaitzespenaz haragoko zerbait ere sentitu eta adierazi ahal izango genukeela. Gogaitasuna, nazka, arbuioa eta gaitzespena adierazteari uko egin gabe bada ere.
Leonard Cohenen hitz batzuk ere ekarri dizkidate gogora istilu horiei buruzko berriek, Sing another song, boys kantuarenak: “Let’s sing another song, boys, this one has grown old and better” (“Kanta dezagun beste kantu bat, mutilak, hau jada zaharkitu eta mingostu egin baita”). Zer kantu ordea? Hori da kontua!
Leave a Reply