Leire Narbaiza
Alemaniako Deutsche Welle komunikabideak bideo labur bat zabaldu zuen pasa den astean sare sozialetan. Airez hartutako irudiak dira, Reading Festival-ekoak, Erresuma Batuan. Filmazioan koloretako gauzak ikusten dira urrunetik, eta, hurreratu ahala, kanpin-dendak direla igartzen da. Zelai zabaletan jarrita, horrelako festibaletan zenbait ikuslek bertan kanpatzen dutelako, egun guztiez disfrutatzeko. Baina imajinak ez dira jaialdikoak, amaitutakoan grabatutakoak baino. Objektu koloretsuak jendeak abandonatuta eta botata lagatako “zaborra” dira. Hektareak eta hektareak gauzaz beteta, ia guztiak erabiltzeko modukoak. Festibala amaitu aurretik erabilgarriak ziren, baina pasatutakoan ez, antza.
Hondakin kantitatea ikaragarria da. Kontzertuetan 100.000 ikusle inguru batu ziren, eta horrelako jendetzak utz lezakeen tona kopuruak zenbaezina dirudi. Zelaiak zikin-zikin agertzea normaltzat hartzen dugu, batere normala ez bada ere. Edozein bazterretan gertatzen dira halakoak, nahiz eta neurria txikiagoa den. Ahaztuta ditugu, ala, txosnak? Edo nori ez zaio gertatu mendi tontorrera iritsi, eta bokataren bilgarria, edandako freskagarriaren lata, plastikoak aurkitu? Dena jandako lekuan jaurti, eta aurrera. Gailurreraino motxilan karriatu badute, ezin jaitsi pisu gabeko hondakin horiek etxeraino? Ez dut konprenitzen!
Dena bertan uztea ez zait buruan sartzen. Are ulertezinagoa egiten zait Reading Festival-eko bideoan abandonatutako ia guztia jaso barik egotea, oihal-denda asko zutik daude eta. Jabeak buelta bat egitera joan izan balira bezala, itzultzeko asmotan. Askok kontzertuak amaitutakoan etxerako bidea hartuko zuten, atzean zer lagatzen zuten begiratu ere egin gabe. Nork jasoko zuen txerri korta hura kontuan izan barik. Norbaitek egingo zuela ziur zeudelako. Gu ez gara ezertaz arduratuko, beste nornork jasotzen digulako lohia beti. Hartukolukeko markesak bihurtu ginen aspaldi.
Dena dela, aitatutakoak ez dira gehien harritu nauten kontuak, erabilgarriak diren objektuak abandonatu izanak utzi dizkit begiak talo eginda. Argi daukat orain 30 urte ez zela halakorik gertatuko. Ez garbiagoak ginelako orduko gazteak, ezta hurrik eman ere! Sasoi hartan objektuak ez zirelako merkeak. Denok ez geneukan kanpin-dendarik, eta behar izaten genuenean zeukanari eskatzen genion. Beraz, ezin inongo festibaletan abandonatuta laga, norberarena izanda ere kostatuta lortutakoa zelako.
Horregatik diot gizarte molde bati dagokiola bideo triste hori. Erabilera eta botatzeko gauzak ugaritu eta normaldu dituen gizarte bateko sinboloa ere badela pentsatzen dut. Erabilera bakarreko produktuen erreinuan berdin da kanpatzeko denda izan zein janari prestatua etxera eroateko ontzia: zerbitzu bat egin eta jaurti.
Objektu arruntek balioa galdu dute, merkeegi ekoizten, eta, beraz, saltzen direlako. Hain erraz eskuratzeak hori dakar, bota eta berria erosi aldi bakoitzean. Ugaritasunak objektuak ez zaintzea eragiten du, azkenean erraz eta merke eros bagenitzake, zertarako zaindu, garbitu eta gorde?
Baina ez dugu astirik hartzen pentsatzeko zenbat lehengai, argindar, energia gastatzen diren fabrikazioan, zenbat jende esplotatzen den. Ezta hondakin bihurtutakoan sortzen dizkiguten arazo guztiak ere.
Aldatuko ote gara? Beste erremediorik ez dugu, bada!
Leave a Reply