Rebeka Ruiz
Neska txikiak eta gaztetxoak pilotara erakartzeko erronkarekin, Emakume Pilotarien Elkartea (EPE) eta Hondarribiko Emeki emakume taldea lanean ari dira. Gipuzkoako beste zenbait udalerritan bezala, egindako lanketari esker, neska hondarribiarrek eskola kiroleko programaren barruan palan aritzeko aukera izango dute 2021-2022ko ikasturtean, lehen aldiz.
Maria Jesus Berrotaran Emeki elkarteko kideak azaldu duenez, 2018. urtean berreskuratutako proiektua da pilotarena —kirolaz aparteko beste egitasmo batzuk ere baditu elkarteak—. “1994. urtean hasi ginen pilota eskolara eramateko proiektuarekin, baina alardearen gatazka hasi zenean [1996] utzi behar izan genuen, batzuk oso markatuak geratu ginelako, eta udalak ez zigulako ematen diru laguntzarik”, kontatu du.
Orain dela hiru urte berriz ere egitasmoari ekin ziotenean, palarekin hastea planteatu zuten, “ez bakarrik frontoian jokatzeko, eskoletara eramateko baizik”. Berrotaranek azaldu duenez, lehen ikasturtean epeekin arazoak izan zituzten, eta, ondoren, pandemia medio, dena gelditu behar izan zuten. Alabaina, sinistuta dago proiektuari heltzeko aukera iritsi dela.
Ezagutzea eta probatzea
Horri lotuta, biharko antolatu duten Eman Pilotari jaiaren helburu nagusia da eskola kiroleko programan parte hartzeko adina duten nesken artean pilotarekiko grina piztea. Garbiñe Tijero EPEko kideak adierazi du pilotaren mundua “ezagutzeko” antolatu dutela festa, eta, jaia zabaltzeko, hitzaldi bat prestatu dute gaurko. Motorrak berotzen hasteko modua izango da, eta Maider Mendizabal eliteko pilotaria izango da hizlari. Gaia jakina da: erakustea emakumeak eta pilotaren mundua ez direla ezagun berriak. Hala, Mendizabalek Emakume pilotarien historia izenpean gidatuko du solasaldia, kultur etxean, 19:00etan.
Biharko jaia, berriz, goiz osoan izango da, Jostaldi pilotalekuan. 9:45ean ekingo diote egunari. Hainbat jarduera egingo dituztela iragarri du Tijerok: “Tailer modukoak egingo ditugu. Hau da, frontoia zatituko dugu, eta pilotan jolasteko jokoak egingo ditugu, pilota ez baita bakarrik partidak egitea. Txikitatik pilota gustatzeko ondo pasatu behar da, eta txarrei, onei eta, oro har, mundu guztiari irekita gaude”. EPEko kideak nabarmendu duenez, “pilota ezagutzea” da xedea. Parte hartu ahal izateko, ikasleek aldez aurretik izena eman beharko dute, ikastetxearen bitartez, eta gaur goizean egingo dituzte bilera informatiboak ikastetxeetan bertan.
Hondarribian, palaren alde egin du Emekik. Hala ere, biharko tailerretan palaz gain eskuz ere ariko direla azaldu du Tijerok, baina argi esan du esku pilotak “oso ibilbide luzea” daukala, txikitatik hastea “ezinbestekoa” dela.
Tailerren ondotik, eliteko pilotarien txanda iritsiko da. EPEko kideak profesionalen eta elitekoen artean bereizteko eskatu die komunikabideei, “pilotan jokatzeko, irabaziak baino kostu handiagoak izaten dituztelako”. Pilotaren munduan ere gizonen eta emakumeen arteko arrakala nabaria dela adierazi du, mundu mailako txapelketetan aritu arren “gastua” izaten baita haientzat pilotan aritzea. Alde horretatik, Tijerok uste du emakumeak ez direla errekonozituak, eta neska gazteek duten “erreferente faltarekin” lotu du hori zuzenean.
Lehen mailako hainbat pilotarik parte hartuko dute erakustaldian: besteak beste, Amaia Irazustabarrenak, Itxaso Erasunek, Ariane Arrietak, Leire Galdosek eta Maider Huizik. Ondoren, irailean egindako Hondarribiko Bixi-Bixi pala lehiaketako txapeldun eta finalistekin bikoteak osatu, eta partida azkarrak jokatuko dituzte. Frontoiko ohiturei jarraituz, publikoak kinielak osatuko ditu; bukaeran, saria egongo da asmatzen duenarentzat. Hondarribiko asteburu honetako ekitaldia giroa sortu, zaletasuna bultzatu eta emakume erreferenteak azaleratzeko ahalegina izango da.
Leave a Reply