Juan Luis Zabala
Zinemaldiaren zale porrokatua izan ez arren, programazioko film bat edo beste ikusi izan dut gutxienez urtero, besterik ez bada ere Zinemaldian izan naizela sentitzeko eta esateko. Horrelako ekitaldi bat etxetik gertu izanda, zer gutxiago, ezta? Azken bi urteetan, ordea, ez dut sarrera bakar bat ere eskuratu, ez dut pelikula bakar bat ere ikusi. Iaz, COVID-19aren murrizketen ondorioz; aurten, inertzia hutsez, nagikeriaz.
Hala ere, tarte txiki bat baliatu nuen inongo aretotan sartu gabe Zinemaldiaren 0 gunean —Viktoria Eugenia, Maria Kristina eta Kursaala— bueltaska bat egiteko, travelling koxkor batez zer giro zegoen atzeman nahirik edo. Ezin izan nuen ondorio handirik atera paseotxo horretatik, azken batean aparteko ezer ez bainuen ikusi, lehendik hedabideetatik banekien zerbait egiaztatzeaz aparte: streaming plataformen presentzia handia jaialdiko iragarki-kartel handietan.
Neuk ere, Zinemaldia pelikularik ikusi gabe paseo txiki batez agurtu nuen egun berean, bi telesailen kapitulu bana ikusi nuen etxean, eguneroko martxan, neure inguruko adiskide, adinkide eta ez hain adiskide eta adinkide askok bezala.
Lehendik ere indartsua zen joera areagotu egin du pandemiak: isolamenduarena, burbuilaratzearena, profilaxiarena. Ez zineman soilik, bistan da, orokorra da joera, bizitzaren arlo guztiei eragiten die. WhatsApp, Facebook, Twitter, Instagram, Telegram, TikTok, Twitch, Skype, Teams, Netflix, HBO, Filmin, Movistar Plus, Amazon Prime, Amazon, Wallapop, Ebay, Tinder, Meetic, Kaixomaitia (euskara hutsezko bakarra, nik dakidala bederen, egin daitekeen zerrenda luzean), Pornhub, Xvideos… Wikipedia bera ere… Zenbat horrelako ezagutu eta erabili ditugun denbora gutxian! Eta horrelako beste zenbat ezagutu eta erabiliko ditugun ondorengo urteetan! Pantailan murgildutako bizitza profilaktikoaren askotariko adarrak denak ere.
“Brankiak ur azpian, hori da gaur egungo dantza”, kantatzen zuen Derribos Arias taldeak, 80ko hamarkadan, Ignacio Gasca Poch-en Branquias bajo el agua kantu hipnotiko eta, orain egiaztatzen ari denez, profetikoan. “Sentitu ezazu behingoz zeure arrainontzian murgiltzeko tentazioa. Murgilketa arrainontzian! Murgilketa zeure arrainontzian!”. Maiz oroitzen naiz kantu horretaz, autobusean bidaiari gehienak nor bere telefonoaren pantailari begira ikustean, adibidez; edo gaztetxo kuadrillak zeregin berean, denak elkarren ondoan isil-isilik eta geldi-geldirik eserita.
Kapitalismoa bezala, kritikatu egin daiteke profilaxi hori ere, aireratu daitezke haren alderdi negatiboak, gogora ekar daiteke zer galarazten digun, eta saiatu gaitezke bestelako espazioak sortzen, bultzatzen eta kudeatzen ere, baina, kapitalismoak bezala, handik ez bada hemendik, bereganatu egin gaitu dagoeneko profilaxi horrek, eta ez gaitu askatuko. Bizi egin behar baita. Horrekin eta horretan bizi, kapitalismoarekin eta kapitalismoan bezala profilaxiarekin eta profilaxian.
Hori dena aintzat hartuta, euskararen eta euskaltzaletasunaren ikuspegitik, hil ala bizikoa da euskarak ahalik eta presentzia handiena izatea une oro haietan murgiltzera deitzen ari zaizkigun arrainontzi guztietan, hau da, era guztietako pantailetan, hau da —Lizardi gogoan—, gure gaur egungo bihotz-begietan.
Leave a Reply