Imanol Garcia Landa
Behobia-Donostia bezalako herri probek erakusleiho moduan egiten duten lana medio, gero eta ezagunagoa egiten ari da patinajea kirol moduan. Tolosaldean Irristaka taldean elkartzen dira kirol hori praktikatu nahi dutenak. Taldea 2012an eratu zuten ofizialki, urte bat lehenago iraupen eskiatzaile batzuk eta patinajean ibiltzen ziren beterano batzuk elkartuta. Hasieran, ehun bazkide inguru izan zituen, eta egun 70 bat heldu eta 40 bat haur daude taldean —azken horietatik erdia inguru, eskola kirolean—.
Irristakan gaztetxoen entrenatzailea da Beñat Azurmendi, eta patinajea txirrindularitzarekin alderatu du: “Erritmo aldetik korrika egitearekin nahasten da askotan, baino seguru bat baino gehiago aho zabalik geratu dela Behobia-Donostia batean patinatzaileak zer abiaduratan doazen ikustean”. Gipuzkoan ez dela hain ezaguna dio Azurmendik. “Baina esanguratsua da jakitea Gasteizen munduko txapeldun bat dagoela, bi edo hiru aldiz izan dena, eta Iruñean beste munduko txapeldun bat dagoela, esprinterra dena eta munduko markak izan dituena 100 eta 200 metroetan. Nahiz eta ezezaguna izan eta txikia beste kirolekin alderatuta, bizitza propioa eta ekosistema propioa ditu patinajeak”. Kirol horrek duen alde ludikoa ere nabarmendu du Azurmendik: “Hockeyan aritzea, bidegorrian patinatzea, eta umeentzat jolas gisa oso interesgarria eta dibertigarria dela iruditzen zait”.
Gaztetxoenei ez dizkiete hastapeneko ikastaroak ematen Irristakan. “Eskualdeko hainbat ikastetxetan patinajea landu izan da eta lantzen da”, esan du Azurmendik. “Gure asmoa ez da ikastaroak eskaintzea umeentzat, baizik eta eskolatik gutxieneko kontrol bat duten eta jarraitu nahi duten gaztetxoei aukera bat eskaintzea, jarraipena eman eta beren gustuko kirolean sakontzeko aukera izatea. Ikastaroak baino gehiago, entrenamendu izaera hartu duten saioak dira, beraz”.
Irristakaren helburua 8 eta 12 urte bitartean, jolasen eta ariketen bitartez, ahalik eta patinatzailerik sendoenak eta abilenak sortzea da, eta 12tik 16ra hobetzen jarraitzea. Azken horiek lehiaketetan parte hartzeko aukera dute. “Batzuek ez dute lehiatu nahi izaten, eta baliteke behin ere ez animatzea; guk ez dugu inor behartzen. Beste batzuk serioago ari dira hartzen, eta beren kirol nagusitzat dute, eta aurten Espainiako Txapelketara iritsi eta txukun aritu dira, egia esan”.
Gorputzaren kontrola
Taldeko bazkide diren gehienak “berandu” hasi direla patinatzen dio Azurmendik. “Neu 30 urterekin hasi nintzen patinatzen; beraz, ez nuen txikitatik ikasi eta ez nator patinaje lehiaketen mundutik. Patinatze hutsak gauza asko ditu erakargarriak, eta plazer bat bilakatzen da”. Helduentzako ikastaroak antolatzen ditu Irristakak, eta haietan irakasle da hura: “Normalean nire ikastarora etortzen diren helduak frenatzen ikasteko helburuarekin datoz, eta, hori ikasteaz gain, atzeraka patinatzen ikasten dute, orpo puntan gurpil baten gainean jarrita ere bai… Flipatu egiten dute, sekulako gustua ematen baitu patinatzeak”.
Gorputzaren kontrolaren inguruan asko ikasten dela gaineratu du, eta “gozatua” dela kontrol horretaz disfrutatzea: “Aukera ematen dizu edozein lekutan patinatzeko: bidegorri batean, skate parke baten, lasterketetan…”. Patinatzean, bizikletan adinako abiadura dutela gogora ekarri du, baina frenatzeko gaitasuna laurdena dela: “Horrekin jolastu behar dugu. Horregatik, Irristakan gustatzen zaigu txikitatik abilezian oinarritzea prestakuntza”.
Txapelketei dagokienez, bi mota bereizten ditu Tolosaldeko taldeko entrenatzaileak. Batetik, herri lasterketak, hau da, Behobia-Donostia edo Donostiako hamabost kilometroak bezalako probak; eta, bestetik, federatuen lasterketak, pistetan eta zirkuituetan egiten direnak. Bestalde, taldeak Irristaka Indoor Saria antolatzen du Tolosako Usabal kiroldegian, eta aurtengo abenduan seigarren aldiz egiteko asmoa dute. “Iaz ezin izan genuen antolatu, eta aurten espero dugu egitea. Pista eta zirkuituekin alderatuta, ezberdina izaten da, oso ikusgarria, karrera bizi eta dinamikoak direlako”.
Azpiegiturarik ez
Gipuzkoan entrenatzeko eta trebatzeko azpiegiturarik ez dagoela esan du Azurmendik: “Ez dago pistarik edo zirkuiturik, eta guk, adibidez, frontoi batean patinatzen dugu: Tolosako Uzturpen”. Herrialdean zirkuitu bat izatea ondo legokeela dio: “Praktikoagoa izango litzateke patinodromo edo pista bat baino. Gutxieneko distantzia bat izan beharko luke, bihurgune kopuru jakin bat, eta jostagarriagoa eta praktikoagoa jende zabalago batentzat”.
Gaur egun, entrenatu ahal izateko, mugatuta daudela gaineratu du: “Industrialdeetara joan behar izaten dugu, baina horrek arriskuak ditu, kamioiak eta autoak ibili ohi direlako. Bidegorriak estuak dira erreleboak emateko edo aurreratzeko, eta beste erabiltzaileak daude”.
Patinajean hasi nahi duenarentzat, Tolosaldean Irristaka dagoen bezala, badaude beste patinaje talde batzuk Gipuzkoan: Urolako Trena (Azpeitia-Azkoitia), Hanka Labanka (Bergara), Zarautz Irristaketa Taldea (Zarautz), eta Itsasmendi, Donosti Roller eta Bera Bera Patin Eskola (Donostia).
Leave a Reply