Juan Luis Zabala
Bost urte eta egun batzuk joan dira Literaturako Nobel Saria Bob Dylani ematea erabaki zutenetik, historian lehen aldiz kantu-hitzen egile bati. Harrezkero ez da berriro kantu-hitzen egilerik saritu hain maila handian, baina aukera hori zabalik geratu zen.
Aitortu behar dut ez diedala inoiz askorik erreparatu Bob Dylanen kantu-hitzei, ez nagoela haiei buruzko iritzirik emateko moduan. Laster horien bilduma aski oparoa argitaratuko omen da euskarara itzulita, eta aukera ederra izango da hutsune horri konponbidea emateko. Bien bitartean, Dylanen zazpi kantu-hitz irakur daitezke, Juan Graziak euskaratuak, EIZIEren Senez aldizkariaren 21. zenbakian (2001), Armiarma web orri oparoko Euskarari ekarriak atarian ere jasoak.
1970eko eta 1980ko hamarkadetako pop eta rock musika askotxo entzuna naiz, gehienetan kantu-hitzei kasu handirik gabe, egia esan; baina tarteka izan nuen horien inguruko interes pittin bat: Pete Sinfieldek King Crimsonentzat idatzitako kantu-hitz batzuk itzuli nituen, Ian Curtisek Joy Divisionentzat idatzitakoak, eta Litoral aldizkariak 1989an rock munduko izar ugariren kantu-hitzak bilduz kaleratutako ale berezia ere eskuratu nuen. Alfer samarrik! Beharbada neure sentsibilitate faltaren ondorioz izango zen, baina ez nuen aparteko perla asko aurkitu nire bilaketa nagi samar hartan, Leonard Cohenen kantu batzuetako esaldi solte batzuetatik aparte.
Orduan ezagututako kantu-hitzen artean nigan izandako inpaktuarengatik bakar bat aukeratu behar banu, Ray Daviesek sortu eta The Kinks taldeak kantatutako Live Life aukeratuko nuke, zalantzaren hazia piztu baitzion orduan nintzen gaztetxo errebelde-nahi hari.
Riff indartsu baten ondoren, honela hasten da kantua, neure erara euskaratuta: “Entzun al duzu istiluen berri lurralde osoan? Faxisten eta ezker hegaleko militanteen artean… Exekutiboak beren burua hiltzen ari dira… eta IRA kristo guztia akabatzen. Ez izutu, ez galdu kontrola, eutsi zeure buruari, lasai jokatu, normal, ezer ez dago gaizki, pozari eutsi eta segi aurrera…”.
Ez dakit zehazki zer urtetan ezagutu nuen kantua, baina orduan harrigarria gertatu zitzaidan rock musikari bat IRAren aurka hain argi mintzatzea, baita hitz haietan esan gabe sumatzen nuen zerbait ere: konpromiso politiko gehiegizkotik urruntzearen aldeko aldarria. Ez ziren hitz haiek, adibide erraz bat jartzearren, The Clash taldeko buru Joe Strummerren oso gustuko izateko modukoak.
Oraindik ere askotan etortzen zait gogora kantu hori, eta pentsatzen dut ez zitzaiola arrazoirik falta Ray Daviesi. Gertuago sentitzen naiz, berriro ere adibide erraza jartzearren, Daviesen atseginzaletasun indibidualistatik Strummer zenaren errebeldia sumindutik baino.
Baina, denean bezala, honetan ere tamaina hartzea izango da kontua, susmoa baitut gaur egun Daviesek aldarrikatutako joera nagusitu dela, mundua bidegabekerien, izugarrikerien eta mehatxuen gordeleku etengabe eta oparoa izanagatik ere kontrola ez galtzen eta normaltasun baten barruan aurrera egiten saiatzearena, bizitza bizitzearena ororen gainetik, baina jada muturreraino eramanda.
Daviesi berari ere gehiegizkoa iruditzeko moduan akaso. Gustura galdetuko nioke. Ea artikulu honen bidez galdera heltzen zaion eta erantzuten didan.
Leave a Reply