Gizartearen isla ere badira

Gizartearen isla ere badira

Maria Ortega Zubiate

Liburutegien Eguna dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, Tabakalerako Medialab liburutegian eta Donostia Kulturako liburutegi sarean. Immigrazioa eta liburutegiak: erronkak eta aukerak eman diote izena jardunaldiari, eta immigrazioa liburutegietan nola landu aztertuko dute. Urriaren 24a izan ohi dute beren eguna liburutegiek, baina, aurten igandea denez, urriaren 22an ospatzea erabaki dute Donostian. Naroa Lopez de Arkaute Koldo Mitxelena liburutegiko teknikariak azaldu du jardun profesionalera bideratuta dagoela eguna, baina zehaztu du “interesa duen herritar orori” ateak irekiko dizkiotela.

Atzo eman zioten hasiera aurtengo Liburutegien Egunari, Bidasoaren alde batean eta bestean egoten diren migrazio mugimenduei buruzko solasaldi batekin. Eta bihar ere zinema proiekzio bat izango dute Tabakaleran: No taxi do Jack filma emango dute. Hala ere, egitaraurik oparoena gaurko egunak dakar: bertako, eta Espainiako Estatuko eta nazioarteko migrazioak aztertuko dituzte Donostian, betiere liburutegien ikuspuntutik. Liburutegiak gizartearen parte direla azalduko dute, eta gizartearen parte diren heinean existitzen diren askotariko errealitateak ere bizitzen dituztela. Horietako bat da migrazioa. “Herri eta hiri guztietan egunero bizi dugun errealitate bat da migrazioa, eta errealitate horri liburutegietan ere ematen zaio erantzuna. Garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu migratzaileei arreta nola eman jakitea eta dituzten beharrei erantzuna emateko saiakera egitea”, dio Lopez de Arkautek.

Horregatik, herri eta hirietako liburuzain eta teknikariak izango dira taula gainean Donostian, gaia ertz horietatik guztietatik lantzeko, migrazioaren errealitatea “askotarikoa bezain zabala” baita.

Gaia aztertzeko soilik ez, antolatzaileek uste dute liburutegiek migrazioan ari diren gizataldeekiko ere badutela funtzio bat. “Jakintza demokratizatzeko” aukera eman dezakete liburutegiek: horrela uste du Lopez de Arkautek, eta, horrez gain, migratzaileei “gune bat sortzeko” aukera eman diezaieketela. “Erakunde publikoa da liburutegia, kultura herritar guztientzako, aukera berdintasunean, eskuragarri izateko tresna garrantzitsua dela uste dut. Hori garen heinean, ziur nago iritsi berriei edo beste sorterri batetik etorri direnei aukera polit bat eman diezaiekegula; batez ere bakerako eta babeserako gune bat sortzeko, informazio eta kulturgune doako eta libre batean seguru sentitzeko eta baliabide horiek aprobetxatzeko”.

Bederatzigarren urtea

Donostian bederatzigarren aldiz egiten ari dira Liburutegien Egunaren bueltan antolatutako jardunaldiak. “Egun profesional bat antolatzea izaten da gure helburua. Gaurko jardunaldien asmoa da sektorean gauden langileok elkar ezagutzea, elkarlanean aritzea, elkarren berri izatea”, dio Lopez de Arkautek. Baina, eskainitako egitaraua kontuan hartuta, ez da liburuzainen arteko biltzar soil bat: “Edonork du aukera jardueretan parte hartzeko; aurrez aurre, aurretik izena emanez, edo streaming bidez. Liburutegietan immigrazioaren inguruan egiten ari garenaren edo egiteko ditugun gauzekiko interesa duen edonori irekita dago egitasmoa”. Horren erakusle da urriaren 30era bitartean ikusgai egongo den erakusketa: Euskal artzainak Ameriketan izenekoa. Koldo Mitxelena liburutegiko lehen solairuan dago. Immigrazioaren gaia aukeratu dute aurten, baina urtero aldatzen dute gaia, eta testuinguru jakin baten inguruan ardazten dute egitaraua.

Iaz, pandemia izan zuten hizketagai, ezinbestean. Izan ere, izurriak gizarteko sektore guztietan izan du eragina, eta, horretan ere, liburutegiak gizartearen isla izan dira. “Asko eragin digu. Hilabete luzeak izan dira: jada edukiera neurriak bertan behera utzi, eta liburutegi batzuk bueltatu dira normaltasunera; beste batzuk oraintxe ari dira horretan”.

Edukiera jaisteak, batez ere, azterketa garaietan izan du eragina liburutegietan, baina hori ez da izan jasan duten murrizketa bakarra, eskaintzen dituzten zerbitzuetako zenbait aldatu egin behar izan baitituzte, egoera zela eta. “Zerbitzuen murrizketa izan dugu, eta liburutegietara fisikoki etortzeko zailtasunak izan dituzte erabiltzaileek. Aldi berean, digitalean gero eta zerbitzu gehiago ematen ditugu, eta aukera polita izan da zerbitzu horiek indartzeko. Baina aurrez aurreko zerbitzuak murriztu dira, eta horrek kezka piztu du gure artean”.

Egun, murrizketarik gabe, lehengo martxara bueltatzen ari direla dio, “poliki-poliki bada ere”. Nabaritu dute jende gehiago joaten dela liburutegietara, eta positiboki hartu dute egoera berria.

Jarduera ugari herrietan

Donostian soilik ez, Gipuzkoako beste zenbait herritan ere izango dituzte Liburutegien Egunaren inguruko jardunaldiak. Hiriburuan gertatu den bezala, eguna bera igandea denez, aste honetan eta hurrengoan banatu dituzte eguna ospatzeko antolatutako jarduerak. Hondarribia izan da horietako bat. Gaur bertan izango dute prestatu duten egitarauko ekitaldietako bat: Ana Franco ipuin kontalariak ingelesezko ipuinak kontatuko ditu Zuloaga Etxean, 4-7 urte bitarteko haurrentzat; 18:00etan izango da. Horrez gain, bihar, liburutegi ibiltariaren zerbitzua emango dute San Pedro kaleko karpan. “Han, liburutegiko zerbitzuak eskainiko dira: mailegua, txartelak egiteko aukera eta informazioa, orokorrean”, zehaztu dute Hondarribiko Udaleko arduradunek. Hala ere, gaurkoa ez da izango herriko lehen ekitaldia, asteazkenean eman baitzioten hasiera Liburutegien Egunari. Orduan, La biblioteca (Liburutegia) filma eman zuten, Zuloaga Etxean.

Arrasate da egitaraua aurkeztu duen beste herrietako bat. Jarduera ugari prestatu dituzte bertan. Datorren asteazkenean, urriaren 27an, adibidez, Giza biblioteka izeneko egitasmoa izango dute, 18:00etan, Kulturaten. “Guztiok dauzkagu bizipenak, kontatu eta entzun daitezkeenak; ondorioz, liburu bihur gaitezke besteentzat. Hori da giza bibliotekaren oinarria”, azaldu dute udaleko ordezkariek. Alegia, egitasmoaren muina zera da: zenbait herritarrek beren istorioak kontatzea eta, kontakizun horiek liburu bat balira bezala, azal bat diseinatzea. Gero, entzuleek azal bat aukeratu, eta kontalari horrekin hasten dute hizketaldia, beren istorio hori kontatzeko.

Urriaren 29an, berriz, Iñigo Astiz eta Jon Basaguren izango dira Arrasaten, Oraindik, Orain eta Oraingoz musika eta poesia emanaldiarekin. Kulturaten izango da emanaldi hori ere, 19:00etan. Aurrez, beste jarduera batzuk ere izan dituzte herrian: urriaren 13an, haurrentzako Ipuinen Haria ipuin kontaketa izan zuten, Izaskun Mujikaren eskutik, eta atzo bertan, ipuin kontaketa musikatua, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.

Usurbilen ere ez diote kale egin ospakizunari. Urriaren 27an izango dute Irudipuinak izeneko emanaldia. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria eta Mattin marrazkilaria izango dira liburutegian, azken hori zuzenean marrazten. Mattinek marraztutako irudiak pantaila handian egongo dira ikusgai. “Publiko zabalari eskainitako saioa izango da, baina 6 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta etorri beharko dute”, zehaztu dute Usurbilgo Udaleko arduradunek. 18:00etan izango da ekitaldia, Sutegin.

Urriaren 20tik, asteazkenetik, ari dira jarduerak antolatzen herrian, orduan izan baitzuten Amets Arzallusen bisita, Miñan liburua aurkezteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.