Juan Luis Zabala
Euskara, gaur eta hemen, pribilegiatu ekonomikoen hizkuntza dela dioen diskurtsoa ari da urbi et orbi zabaltzen azkenaldian, hizkuntza burgesa dela, edo burgesen hizkuntza, edo biak batera, gure herri eta hirietako pobreen artean, klase baxuko biztanleen —eta biztanle izatera iritsi nahi luketenen— artean gutxi direlako euskaraz dakitenak; edo, bestela esanda, euskaldunon artean gutxi direlako, erdaldunekin alderatuta, egoera ekonomiko larrian direnak.
Hortik abiatuta, berdintasunaren edo parekotasunaren izenean, diskriminaziorik ez izateko, euskara txokoratzea proposatzen dute ausartenek, hau da, erabilera publiko orotatik baztertzea. Beste batzuk ez dira —oraingoz— halakorik proposatzen ausartzen, baina ez litzaieke gaizki irudituko.
Datu zehatzik ez badut ere, irudipena dut egia dela gure gizarteko klase baxuenetan, zailtasun ekonomiko larrienak dituztenen artean, euskaldunen proportzioa nahiko urria dela. Ados. Baina horrek ez du euskara gaztelania edo frantsesa baino burgesago bihurtzen, hain gutxi euskal herritar euskaldunak erdaldunak baino burgesago.
Lehenik eta behin, Euskal Herriko burgesik burgesenak ez direlako, oro har, euskaldunak diren kasuetan ere, oso euskaltzaleak, eta dirua erdaraz mugitzen delako gure herrian hamarretik bederatzitan, gaztelaniaz edo frantsesez ez denean ingelesez, oso gutxitan euskaraz.
Bestalde, datu zehatzik ez badut ere, irudipena dut zailtasun ekonomiko larriak dituzten euskal herritar gehienak immigranteak direla, kanpotik ez oso aspaldi etorriak, eta bizitzeko hizkuntza berririk ikasi behar izatekotan tokian tokiko erdara nagusia ikasi behar izaten dutela lehenik, aurretik ez baldin badakite (Latinoamerikatik etorritako askoren kasua Monarkiapeko Euskal Herrian, Afrikatik etorritako ez gutxirena Errepublikapekoan). Euskaraz jakitea pribilegiotzat jotzen dutenek ez dute esaten tokian tokiko erdara nagusia jakitea ez dela pribilegioa, derrigorrezko betebeharra baizik. Ikuspegi horretatik begiratuta ere, gaztelania eta frantsesa dira Euskal Herriko hizkuntzarik burgesenak, horiek baitira burgesiak klase baxuenetakoei ororen gainetik eskatzen, ikasarazten eta erabilarazten dizkienak.
Ez ditut entzun euskararen burgestasuna salatzen duten horiek —burgesak gehienak, ni bezain burges edo burgesagoak gutxienez— euskara biztanle guztien eskura jartzeko erraztasunak eskatzen, Euskal Herriko gizarte osoa euskaraz blaitzeko, benetako elkarbizitza parekatuaren izenean. Ausartenek maiteago dute euskara hizkuntza subentzionatua dela esatea. Beste batzuk —oraingoz— hori iradokitzearekin konformatzen dira. Batzuek zein besteek ahaztu egiten dute gaur eta hemen tokian tokiko erdara dela belarriko zuloraino hiper-subentzionatuta dagoena.
Zerk egiten die benetan azkura: euskararen burgestasunak ala euskarak, inguru diglosiko gero eta itogarriagoan, bizirik jarraitzeko kemena izaten jarraitzeak?
“Xentimoka pentsatzen duen herria”, aipatu zuen Joxe Azurmendik Manifestu atzeratua poema luzean. Burges fama aizun berri hau gorabehera, neurri handi batean halaxe izaten jarraitzen dugu euskaldunok. Eta horretara kondenatuta nahi gaituzte batzuek betiko, in saecula saeculorum, sekulorum sekulotan, mehe dun jango, bahago lotan.
Leave a Reply