Familiak, hesiak botatzeko

Familiak, hesiak botatzeko

Maria Ortega Zubiate Donostia

Proiektu hau ikastolako jolastokian sortu zen, Aitor ikastolan, Donostian. Ikusi genuen jatorri ezberdinetako familiak banatuta zeudela han, eta argazki itsusia zela iruditu zitzaigun: denok gara guraso, eta denok dugu helburu bera: gure seme-alabak heztea, zoriontsu izan daitezen». Lola Boluda Familia Lagunak proiektuaren sortzailearen hitzak dira. «Argi dugu banaketa hori ezagutza faltagatik dela, lehen pauso hori ematen ez dugulako; lotsagatik, bestearen hizkuntza ez dakigulako, aurreiritziak ditugulako… Hor sortu zen zerbait egiteko beharra, 2014an. Eta begira orain», gehitu du. Zazpi urte geroago, Gipuzkoako zenbait herritako ikastetxeetan ari dira lanean, eta berriki Errenterian ere abiatu dute proiektua. Oraingoz, bertako Koldo Mitxelena herri ikastetxean ekingo diote proiektuari, baina ikasturtean zehar herriko beste ikastetxeetara ere zabaltzeko asmoa dute.

Errenterian hasi berriak badira ere, Donostian eta Andoainen zenbait urte daramatzate proiektu horrekin lanean. Hiriburuan zazpi ikastetxek hartu dute parte, eta Andoainen herriko hiru zentroek eman dute izena. Beste urte batzuetan Ordizian eta Zarautzen ere garatu izan dute proiektua, baina azken urtean bi herri horiek ez dute parte hartu. Aurtengo zerrendak oraindik egiteke daude, baina iazko parte hartzaileak kontuan hartuta, 230 familia izan dituzte. Proiektua martxan dagoenetik, 30 jatorri zenbatzera heldu dira koordinatzaileak.

Izan ere, jatorri ezberdinetako familien arteko harremanak bultzatzean datza, oinarrian, Familia Lagunak proiektuak. Familien binomio bat eratzen dute; jatorri euskalduneko familia bat beste jatorri bateko batekin biltzen dute, eta elkarren arteko harremana bultzatzen dute. Familiak ditu oinarri proiektuak, familia unitateak, «ia auzoko komunitate osoa» barnebildu dezaketelako horrela: «Familiekin lan egitean, belaunaldi ezberdinekin jartzen zara harremanetan, eta, gainera, komunitatean bizi da familia hori. Hau da, eskolan egiten duzu lan, baina gero familia horrek bere komunitatea du auzoan», zehaztu du Boludak. «Egia da gazteak eta hainbat jatorritako familiarik gabeak kanpoan uzten dituela proiektuak, baina komunitateko oso ehuneko txikia osatzen dute horiek; familiekin lanean ia auzoko komunitate osoa hartzen duzu kontuan».

Bestalde, hartzaileek besteko garrantzia du proiektua gauzatzeko testuinguruak. Ikastetxeetan dauden familiak dira parte hartzaileak, han izan baitzuen sorrera, baina baita kulturartekotasuna sortzeko «eremu pribilegiatua» delako ere, Boludaren ustez. «Eskolan berdinen artean izaten diren harremanak asimetrikoak izan daitezke handik kanpo: atzerritik heltzen diren zenbait familiak ez dutelako gizarte sarerik, egoera ekonomiko kaskarrean egoten direlako… Baina eskolan harreman horiek simetrikoagoak dira, denek dutelako helburu bera: seme-alaben heziketa». Familia Lagunak proiektuaren sortzailearen hitzetan, alde horretatik, «oso interesgarria» da eskolan lan egitea, «kulturen arteko harremanak izan daitezkeelako euren arteko ezberdintasun guztiak kontuan hartu gabe».

Aldebiko harremanak
Boluda Donostiako Gros auzoko Zuhaizti eskolaren kanpoan eserita ari da azalpenak ematen. Maria Teresa Urbina eta Silvia Saldaña ditu alboan; nikaraguarra lehenengoa, euskal herritarra bigarrena. Eskolako txirrinak noiz joko zain daude, bertan baitituzte biek 4 urteko alabak. Bata bestearen familia laguna izan da. Proiektuak euren ikastetxean egindako bi urteko zikloa bukatu berri dute, baina ziur daude harremana mantenduko dutela. «Gure harremana estutu egin da; jada ez gara parkeko ezagunak, lagunak gara orain; planak egiten ditugu elkarrekin, gauzak egin nahi ditugu», dio Saldañak.
Elkarrekin egin dituzten gauza horietako zenbait Familia Lagunak proiektuak berak proposatutakoak izan dira. «Asteburuetan aisialdiko eta denbora libreko ekintzak eskaintzen dizkiegu elkarrekin egiteko; museoetarako sarrerak, ikuskizunak… Elkarrekin egoteko espazioak bilatzeko egiten dugu hori, bi familiak bakarrik egon behar izateko, eta, horrela, intimitaterako pauso hori eman dezaten», azaldu du Boludak.

Bi familien arteko harreman horri bultzada eman behar zaiola deritzo proiektuaren sortzaileak, euren kabuz pauso hori emateko aukerak gutxiago liratekeelako: «Familia lagunen artekoa jolastiko batean egon daitekeen harremana da, baina baliteke ez gertatzea; guk bultzada hori ematen diegu, eta, behin hori gertatzean, bere kasa egiten du aurrera».

Aldebiko harremanak sortzea da helburuetako bat; iritsi berrien inklusioa bilatzea, gizarte sarerik gabe iristen baitira kasu askotan. Eta, bestetik, kultura anitzen arteko harremanak ikusaraztea eta normalizatzea ere bada helburua. Ez hori soilik, kultura anitzak barnebiltzen dituen gizartea aberatsa eta aberasgarria dela ulertaraztea ere bai.

Familia Lagunak proiektuak beren harremanari emandako bultzada horrek «sekulako eragina» izan du Saldañaren eta Urbinaren bizitzan. Azken horren kasuan, «gizarteratzea» bermatu du. Nikaraguan jaioa, Madrilen bizi izan zen lehenengo; eta Donostiara heldu berri zela eman zuen izena proiektuan, senarraren akuiluarekin, hirian inor ezagutzen ez zuelako. Gainera, berez «lotsati samarra» dela dio, eta inoiz ez duela lehen pausorik ematen jendea ezagutzeko orduan. «Madrildik hona heldu, eta euskararekin topo egin nuen; oso zaila da niretzat. Bi alde nituen kontra: hizkuntza eta leku batetik bestera egin nuen aldaketa». Inor ezagutzen ez zuenez, inorekin ez zuen izaten harremanik. «Nire bikotekideak beti esaten dit kalera irteteko, jende berria ezagutzeko. Inoiz ez dut eman lehen pausorik inorekin. Horregatik erabaki nuen proiektu honetan parte hartzea».

Baina berari eragingo liokeen hobekuntzagatik soilik ez, bere harremanek alabaren gizarteratzean izango luketen ondorioengatik ere hartu du parte nikaraguarrak. «Senarrak esaten zidan ni harremantzeaz gain, alaba gizarteratzeko era bat ere badela gurasoon artean harremana izatea. Eta, noski, nik inorekin ez nuenez hitz egiten, eta askotan  harremanak hainbat jatorritako familien artean soilik izateko joera izaten dugunez, oso harreman gutxi nituen lehen».
Saldañak lagundu zion Donostian jende berria eta alaben klaseko gurasoak ezagutzen. Eta donostiarrak hori zuen proiektuan parte hartzeko arrazoietako bat ere, iritsi berri direnei toki berrian kokatzen erraztea. Hori bai, bere buruari eragingo zion onura ere izan zuen buruan izena emateko orduan, eta horixe eskaini dio Urbinarekin eta bere familiarekin biltzeak: kultura anitzen arteko harremanak ulertzea».

Hala ere, euren harreman pertsonaletan izandako hobekuntzatik harago doa proiektuaren helburua eta muina. «Nik nahi dudana da gure seme-alabek ikus dezaten aniztasuna dela normalena, horrek ez lukeela salbuespena izan beharko. Herri eta etnia asko daudela, eta euren arteko harremanak errespetuzkoa eta berdinen artekoa izan behar duela. Elkar ezagutuz lortzen da hori, horrela izan ezean sortzen baitira estereotipoak eta aurreiritziak», dio Saldañak.

Harremanetarako, eredu
Horixe da, hain zuzen ere, Boludak eta bere kideek proiektua martxan jarri zutenean buruan zuten helburuetako bat: ereduak sortzea. «Familia Lagunak proiektuko harremanak eredu dira; jendeak ikusten du kultura ezberdinetako jendea harremanetan dagoela, eta hori zabaldu egiten da komunitatera. Kulturartekotasuna ez da kontatu bakarrik egin behar, ikusi ere egin behar da. Harreman horiek sortzea da programaren helburua, horri esker apurtzen baititugu estereotipoak eta banantzen gaituzten murruak».

Eta hori «txiki-txikitatik» egitea da garrantzizkoena, Urbinaren ustez: «Oso interesgarria iruditzen zait programa hau. Gaur egun erreala da arrazismoa, eta txikitatik erakusten badiegu aniztasuna dela normalena, arrazismo hori saihestuko dugu».

Egungo proiektuak asko du duela zazpi urte Aitor ikastolako guraso talde batek abiarazitakotik, militantziatik abiatutako proiektu hori da oraingoaren «oinarria», dio Boludak. Baina ordutik izandako aldeak ere «nabarmenak» dira proiektuaren sortzailearen hitzetan. «Ikastolako patio banandu eta ezberdin batetik» abiatu zuten proiektua, «hor zegoen gabezia». Gaur egun, ordea, familiak elkartzen eta proiektua orokortzen joan ahala, horrek jolastokian ere eragina izan duela diote hirurek.

Horren adibide da Urbinaren kasua: lehen, ez zuen ezagutzen ikastolako beste gurasorik, ikasturteko Whatsapp taldean ere ez zegoen. Orain, ordea, programan parte hartzearen ondorioz, gainontzeko gurasoak ezagutzen ditu jada, talde horretan egoteko «beharrik» gabe. Eta, horrela, «jolastoki kultur anitz eta kolore askotako bat» lortzeko bidean «pauso bat gehiago» ematea lortu dute biek ala biek.