Miren Garate
Testigantzak. Lasarte-Oria 1936-1948. Genozidio ezkutatu baten isladak liburua egin du Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak taldeak. 1936ko estatu kolpea eta ondorengo urteetan bizitakoak kontatzen ditu lanak. Iazko martxorako amaitua zuten, baina, alarma egoeraren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten aurkezpena, eta, azkenean, urriaren 14an plazaratu zuten egindakoa. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Lasarte-Oria eta Urnietako udalbatzetako zenbait kide eta kide ohi, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria eta testigantzak eman dituzten herritarretako batzuk.
Josean Muguruza Islada Ezkutatuak taldeko kide eta liburuaren egileetako batek azaldu duenez, 101 lagun elkarrizketatu dituzte guztira, eta horietako 88k esandakoak bildu dituzte liburuan, besteek nahiago izan baitute beren izena bertan ez agertzea, “oraindik ere izututa daudelako”.
Orain dela bi aste aurkeztu zenuten Lasarte-Oria 1936-1948. Testigantzak: genozidio ezkutatu baten isladak liburua. Nondik nora etorri da lan hori?
Islada Ezkutatuak elkartearen helburua da Lasarte-Oria eta inguruko gertakizunak, exilioa, hilketak, bortxaketak eta abar ezagutaraztea. Lasartear batzuk eta Lasarten bizi diren batzuk bildu ginen jakiteko zer pasatu zen herrian 1936tik aurrera. Galdera bakar bat egin genuen: zer pasatu zen Lasarte-Orian? Hasieran, ez zen ezer ageri; ematen zuen ez zela ezer pasatu.
Jende mordoxkarengana jo duzue informazio eske, ezta?
Bost testigantzarekin hasi ginen, eta 101 elkarrizketa egin ditugu azkenean. Horietatik 88 agertzen dira liburuan, besteak oraindik izututa daudelako. Azpimarragarria iruditzen zaigu hori: hainbeste urte pasatu arren, jendea oraindik izututa dago. Francok eta haren lagunek oso ondo egin zuten beren lana. Gehienbat herriko jendea elkarrizketatu dugu. Immigrazio industriala egon zen garai hartan, eta guretzat sorpresa handia izan da, batzuek esan baitigute ez zutela arrazoi ekonomikoengatik bakarrik migratu, arrazoi politikoek ere bultzatu zituztela horretara.
1936ko gerrak zer berezitasun izan zituen Lasarte-Orian?
Militarki oso gune inportantea zen Lasarte-Oria: handik Donostia aldera sar zaitezke, kostara edo Nafarroa aldera joan, Tolosaldetik etortzen den fluxu guztiak ere handik pasatu behar du… Bestalde, bereizi behar dira Oria eta Lasarte bera. Oriari Errusia txikia esaten zioten orduan, mugimendu sozialista eta borroka sindikal eta sozial handia baitzegoen. Gehienak sozialistak ziren, nahiz eta harreman onak izan nazionalistekin edo ANVkoekin. Lasartek, berriz, lehenbiziko enpresa handiak bazituen ordurako, eta soziologikoki ere kanpotik etorritako biztanleak zituen, ez bakarrik Espainiatik etorritakoak, baita Frantziatik etorritakoak ere. Gainera, garai hartan Hernaniko eta Urnietako udaletan zegoen banatuta Lasarte, eta nahasketa horrek ere egiten zuen berezi. Lasartek islatzen zuen Euskadi zer zen soziologikoki garai hartan, eta Oria ere herri industrial baten isla zen.
“Genozidio ezkutatua” jarri duzue liburuaren izenburuan. Zergatik?
Frankismoak errelato bat eraiki zuen, eta garai hartako egunkariei begiratuz gero ere, inon ez da ikusten gerra zibila hitza; “garaipenera goaz”, “marxismoaren aurka errebelatu gara”, “Espainia liberatua izango da”, eta halakoak ageri dira… Gizarte honek zer dauka buruan? Gerra zibila, eta gerra zibila esanda guztiok ikusten ditugu bando bat eta beste bat. Alabaina, Gipuzkoan, 1936ko uztailaren 18an, jendea erromerian zegoen, Santa Mañako eguna zelako. Jendea ez zegoen prest borrokarako edo gerra bat antolatzeko. Frankismoak errelato bat egin zuen, eta talde memorialistak ari dira orain zer gertatu zen kontatzen.
1939ra arte mugatu beharrean, 1948. urtera arteko tartea hartu duzue. Zergatik?
1939an bukatu baldin bazen gerra, zergatik fusilatu zuten jendea 1945ean eta 1946an ere? Valentzia aldean [Herrialde Katalanak], 1956an ere fusilatu zuten jendea, gorriak esaten zietenak. 1936tik, gatazkako guneetatik kanpo, ia 200.000 pertsona hil zituzten Espainian, nazionalistak eta sozialistak gehienbat, eta hori ez bada genozidioa… Guretzat, behintzat, hala da. Kontakizun bat antolatu zuten 25 años de paz [25 urte bakean] kanpainaren bidez. Kanpaina horren arkitektoa Manuel Fraga Iribarne izan zen, eta hasi ziren esaten denon errua izan zela gerra hura, anaien arteko heriotzak… Hemen, behintzat, erromerian zegoen jendea; bando bat ez zegoen prestatuta gerrara ateratzeko.
Beste liburu bat ere aurkeztu duzu aste honetan, zuk zeuk egina: El enigma de Txaldatxur. Zer kontatzen du?
Txaldatxurko gatazka Oria ibarreko nagusia izan zen: Gipuzkoako errepublika demokratiko eta librea desagertu egin zen gatazka hura galdutakoan; ordutik, galduta zegoen Gipuzkoa.
Bi horiez gain, beste proiekturen bat ba al duzue esku artean une honetan?
Bai. Testigantzekin osatutako liburua lehen pausoa izan da; Txaldatxurreko gatazkarena, bigarrena; eta hirugarren liburu bat ere egingo dugu, errepresioari buruzkoa.
Leave a Reply