«Mentalitatea eta gogoa dira sasoiari eusteko gakoak; oso aktiboa naiz»

«Mentalitatea eta gogoa dira sasoiari eusteko gakoak; oso aktiboa naiz»

Unai Zubeldia Andoain

«Saltsero» gisa definitu dute ingurukoek. Oinez ibiltzen ikasterako hasi zen Paco Arnaiz Pakitin (Andoain, 1943) korrika, eta ordutik kilometro mordoa pilatu du atleta gisa; korrika lehenengo, begiko lesio bat tarteko epaile gisa ondoren, eta ibilketan azkenik. Lan handia egin du eta egiten du Andoaingo Zumeatarra kirol eta kultur elkartean, eta oso maitea dute herrian. Behobia-Donostia lasterketa oso kutuna izan du betidanik, baina, jendetzak atzeratuta, azken urteotan ez da ari parte hartzen. Bide bazterretik gozatuko du datorren azaroaren 14an ere.

Paco, Pakitin… Andoain inguruan ezaguna zara oso, baina nola aurkeztuko zenioke zeure burua ezagutzen ez zaituenari?
Pertsona normala naiz ni. Umetatik asko gustatu izan zait kirola, diziplina askotakoa. Mendian ibiltzen hasi nintzen lehenengo; arraunean ere ibili nintzen gero, patroi lanetan, Andoainen lehenengo eta Hernanin gero, trainerilletan; eta atletismoan hasi nintzen azkenik, apustu baten aitzakian. Bixente Huizi herrikidea nuen prestatzaile, herrian oso ezaguna zena, eta herri lasterketa gehienetan parte hartzen hasi ginen, nahiz eta ez ziren gaur egun adina. Maila ona eman nuen hasieratik, eta Bixentek, Jose Mari Garinek, [Santos] Uribek eta beste batzuek federatzea erabaki genuen gero. Horrela hasi zen dena.

Apustu bat aipatu duzu. Zer apustuk barneratu zintuen atletismoan?
Ni berandu hasi nintzen korrika. Fabrikako lankide batek xaxatu ninduen behin: futbol zelaiari bost itzuli nork azkarrago eman, horixe izan zen apustua, eta horrela berotu ginen. Askaria zegoen jokoan, besterik ez, baina grina piztu zidan lankidearekin egindako apustu hark, eta atletismoaren munduan barneratzen hasi nintzen pixkanaka. 40 urte beteta, beteranoetan hasi ginen gu lehian, eta hor aritu izan naiz gehienean. 1984an hasi nintzen lehiaketetan benetan parte hartzen; Donostiako maratoia egin nuen urte hartan, eta bi ordu eta 47 minutu behar izan nituen helmugara iristeko. 2.37 eta 2.47 izan ziren hurrengo bi maratoietako denborak. Neure kasa entrenatzen nuen aste barruan, eta talde polit bat Donostian elkartzen ginen asteburuetan; 35 bat kilometro pilatu, pistan serieak egin… Horrela ibiltzen ginen.

Andoaindarra zara jaiotzez, andoaindarra bihotzez… Barruraino sartuta daukazu Andoain, ezta?
Hala da, bai. Euskara izan ezik, beste guztia eman dit Andoainek. Denetik egin izan dut herrian, eta jende askok ezagutzen nau.

Gerraostean jaio zinen, 1943an. Nolakoa izan zen zure gaztaroa?
Bi anaia ginen etxean, eta ahal genuen bezala igaro genituen gerraosteko lehen urte haiek. Bi familia bizi ginen etxe berean; lehengusuekin batera bizi ginen gu. 14 urte betetzerako fabrikan hasi ginen lanean, aprendiz; lau urte igaro nituen ofiziala ondoan nuela lanean. Ondoren ni neu izendatu ninduten ofizial, eta hortik aurrera jada neure kasa egin nuen bidea. Andoaingo Sapan aritu nintzen lanean. Gazteak ginen orduan, eta ez ginen gehiegi ohartzen, baina urte gogorrak izan ziren gerraostekoak.

Korrika bizi al zara egunerokoan ere?
Tira… Bakarrik nabilenetan beti ibiltzen naiz azkar samar, baina baretuta nago. Atletismoak asko eman dit niri. Asko sufritu dut, baina gogotik lan egin dut iritsi naizen tokira iristeko. Pozgarria izan da ibilbidea, emaitza on asko lortu ditudalako. Euskadiko Txapelketan urrezko hamabost bat domina, Espainiako Txapelketan beste hainbeste, Europako Txapelketan beste bat… Ezin dut eskatu askoz gehiago. Munduko Txapelketan domina bat, horixe bakarrik gelditu zitzaidan bidean, nahiz eta eskura izan nuen 2005ean, Donostian. Europako Txapelketa irabazi nuen urte berean min hartu nuen Donostiako Munduko Txapelketan, podiumera igotzear nengoela. Kolpe handia izan zen lesio hura.

Bitxikeriak ere dezente izango dituzu pilatuta zure ibilbidean, ziur. Kontatzeko modukorik ba al dago tartean?
Bat kontatzekotan, Lasarte-Orian Kilometroak jaia antolatu zuten batean, 1978an, 66 kilometro egin nituen oinez, beste inork baino gehiago, eta oroigarri bat eman zidaten amaieran. Ura azukrearekin, askoz gehiago ez nuen hartu egun hartan. Ez zen izan erronka bat; oinez hasi nintzen, eta 66ra iritsi nintzen. Eta beste bat ere gogoan daukat: Andoainen auzoen arteko estropada jokatzen genuen lehen. Zumea zen gure auzoa, eta Etxeberrieta, Bastero eta Kaletxikirekin batera aritzen ginen lehian. Zumea inoiz irabazi gabea zen banderarik, eta urte hartan irabazi genuen lehenengoa, ni patroi nintzela. Hernanirekin ere aritu nintzen, baina atletismoa aukeratu nuen gero.

Egun, hasiberriek ere entrenatzaile pertsonalak eta gailuak izaten dituzte entrenatzeko. Nola entrenatzen zineten zuek?
Guk ez genuen izaten ezer askorik, erloju bat bakarrik, eta sentsazioen bidez entrenatzen ginen. Duela urte gutxi hasi ginen pultsometroekin. Andoainen eta Gipuzkoa guztian Bixente zen prestatzailerik ezagunenetakoa, eta hark zehazten zigun guri egunez eguneko jarduna. Kluba sortu genuen gerora, eta dena antolatuago zegoen jada, baina Bixenteri kasu egiten genion guk. Eta Patxi Irizarrek ere asko zekien entrenamenduei buruz; profesional handia izan zen hura ere.

Elikadura zaintzen al zenuten?
Ez, ez. Denetik jaten genuen, jartzen ziguten guztia. Irabiaturen batzuk-eta bazeuden orduan, eta hartzen genituen, baina inork ez gintuen bideratzen elikadura kontuetan. Azido laktikoaren azterketarik-eta ez ziguten egiten guri, esfortzu probarik ere ez… Medikuntzari dagokionez, guk ez genuen izaten ezer askorik; kronometroarekin neurtzen genituen gure sentsazioak, besterik ez, eta horrela izaten genituen lesioak ere. Giharretatik asko sufritzen genuen guk, estutzen-estutzen ibiltzen ginelako beti.

Bete-betean zenbiltzala iritsi zitzaizun begiko lesioa, ezta? Bat-bateko kontua izan zen?
Bai. Begi alferra edo ez dakit nola deitzen zaion, horrelako zerbait neukan itxuraz aurretik, baina jabetu gabe nengoen ni. Telebista ikusten ari nintzen batean begi batetik ezertxo ere ikusten ez nuela gelditu nintzen, begi bat estali eta ez nuen ezer ikusten. Bi ebakuntza egin zizkidaten berehala, eta korrika egiteari utzi behar izan nion, kolpe horiek oso txarrak zirelako bistarentzat. Kolpe gogorra izan zen.

Berehala aurkitu zenuen zirrikitu bat, hala ere…
Bai. Atletismo munduan jarraitzeko eta lagun giro horri eusteko helburuarekin, epaile sartzea erabaki nuen jarraian. Urte mordoa egin nuen Gipuzkoako Atletismo Federazioan, eta, epaile gisa lanean ari nintzela, mediku batek esan zidan ibilketa izan zitekeela aukera bat, diziplina horretan gorputzari kolpe handirik ematen ez zaionez, saia gintezkeela probatzen. 1987tik 1991ra utzi egin behar izan nion korrika egiteari, zerbait egiteko antsietatea neukan jada, eta ederra izan zen aukera horri heltzea. 1991n parte hartu nuen ibilketako lehen lasterketan; berehala brontzezko domina irabazi nuen Espainiako Txapelketan, Vigon [Galizia], Akitanian [Frantzia] ere izan ginen eta urrezko domina irabazi nuen lasterketa hartan…

Nola ikasi zenuen ibilketaren teknika hain azkar?
Neure kasa hasi nintzen, baina tarte batean asko lagundu zidan Mikel Odriozolak ere. Donostiara joaten nintzen entrenatzera, eta han ezagutu nuen Mikel. Hark esplikatu zidan nola ibili behar nuen, baina ibiliz-ibiliz barneratu nuen teknika. Tartean, Munduko Txapelketa prestatzen ari nintzela, lesio larri samar bat izan nuen berriz; entrenatzeko, bizikletan ibiltzen ginen batzuetan, eta entrenamendu horietako batean erori eta sorbalda hautsi nuen. Nahikoa kolpe hartuta nago.

Mikel Odriozola aipatu duzu. Hiru Olinpiar Jokotan parte hartu zuen hark. Ibilketak ondorengorik ba al dauka Gipuzkoan?
Ez daukat informazio askorik. Espainiako Txapelketak-eta jokatzen dituztenean, ikusten dira neska-mutikoak, kantitatea badago, baina maila altuegirik ez dut uste dagoenik.

Gaur da eguna ia egunero kiroldegira joaten zarena ariketa pixka bat egitera, ezta? Zein da sekretua zure adinarekin sasoi horri eusteko?
Mentalitatea eta gogoa. Ezin naiz geldirik egon; egunen batean geldirik banago, seinale txarra izango da. Oso aktiboa naiz; gauza guztietan parte hartu izan dut betidanik, eta berdin jarraitzen dut. Motxilarekin etortzen naiz beti kiroldegira; bizikletan pixka bat ibili; pare bat orduko buelta bat eman, 8-10 kilometro ingurukoa… Horrela ibiltzen naiz. Beti egiten dut kirol pixka bat. Eguraldi txarrarekin asko laguntzen dit kiroldegiak; lehen, kalean ibili behar izaten genuen eguzkiarekin, euriarekin nahiz kazkabarrarekin.

Azaroaren 14an jokatuko da aurtengo Behobia-Donostia lasterketa. Zuretzat zer izan da lasterketa hori?
Behobia izan zen parte hartu nuen lehenengo lasterketetako bat, 1984-1985 inguruan. Ordubete eta 11 minutuko denbora ere egin nuen urte batean, marka polita. 3.000 metro hesidunetan Espainiako txapeldun ere izan nintzen gero, Mostolesen [Espainia]… Ondo ibiltzen nintzen.

1979an mila partaide inguru zeuzkan Behobia-Donostia lasterketak, baina 30.000 inguruan dabil azken urteotan. Gustatzen al zaizu hartu duen bidea?
Maila batetik gorako korrikalariek parte hartzen genuen lehen, baina beste mota bateko lasterketa da orain, nahiz eta denek sufritzen duten. Egun, Behobia-Donostia masifikatuegi dagoela uste dut; hainbeste jende irteeran… Lehen elkarrekin abiatzen ginen denok, baina txipak eta gainerakoak dauzkate orain. Gehiegizkoa iruditzen zait, baina, tira, horrela dago muntatuta dena.

Hainbeste urte atletismoari lotuta, zer esaten dizute etxean?
Orain, jada, ezer ez, baina erotuta nengoela esaten zidaten lehen. Bakar-bakarrik joaten nintzen lehiaketa guztietara; emaztea ez zen etortzen nirekin, semea bai proba jakinen batean, baina neure kasa edo korrikako gainerako kideekin egiten nituen bidaiak. Etxean sufritu egiten zuten horrekin, baina pozik jartzen ziren dominekin itzultzen nintzenean.

Nola egiten zenituzten bidaiak?
Bidaiak? Ahal izaten genuen moduan: autoan, hegazkinean… Urte guztian diru pixka bat aurreratu behar izaten genuen ondoren bidaiak-eta egin ahal izateko. Italiara, Riminira, Munduko Txapelketara joan ginenean, adibidez, diru laguntza bat eman zigun Andoaingo Udalak. Autoan egin genuen Zaragozara [Espainia] arteko bidea, hegazkinean joan ginen Milaneraino [Italia], han furgoneta bat alokatu, eta Riminiraino. Lehiatu eta buelta, bide beretik.

Omenaldi bat baino gehiago jasotakoa zara, eta zerbaiten seinale da hori. Zer moduz hartu izan dituzu omenaldi horiek?
Pozgarria da eta gustura hartzen dira. Urtean gehien nabarmendu zen kirolariaren saria eman zidan behin udalak; Munduko Txapelketatik bueltan ere beste omenaldi bat egin ziguten; jaien hasieran; danborradan… Toki askotan ibili izan naiz antolatzaile gisa, herriko Olinpiar Jokoetan ere bai, eta, tira, polita da omenaldiak jasotzea.

Hainbeste saltsatan sartuta ibili ondoren, zer falta zaizu egiteko?
Ahalik eta gehien gozatzea besterik ez zait gelditzen orain. Lehiaketa gehiagotan ez dut uste parte hartuko dudanik, ez dut uste [barrez]. Baina saiatuko naiz gozatzen eta ahal dudan neurrian ingurukoei laguntzen.