Kerman Garralda Zubimendi
Gipuzkoa kirol arloko saltoki handi bat balitz, goiko solairuan egongo lirateke ziklo-kroseko produktuak. Legazpi, Beasain eta Ormaiztegi; denboraldi honetan Goierrin jokatuko dituzte Gipuzkoako egutegiko hiru probak. Lehenbizikoa, astelehenean; azkena, 2022ko urtarrilaren 2an.
Ziklo-krosak iraganean izan zuen indar handiagoa Gipuzkoan; garai hartan egutegian zeuden Asteasu, Oñati… Are, Goierrin ere proba gehiago jokatzen zituzten; Urretxun, adibidez. Baina galdu egin dira gehienak. Beasaingo proba ere, esaterako, hainbat urtetan ez zuten egin, 2014an berreskuratu zuten arte. Ormaiztegikoak ere izan ditu etenak, baina sasoi honetakoa 50. aldia izango da. “Hemen dago ziklo-kroserako joerarik handiena, eta horregatik eutsi zaio”, dio Angel Elorza Ormaiztegiko Txirrindu Lagunen Elkarteko kideak eta ziklo-kros probaren antolatzaileetako batek.
Juan Luis Ormazabal Legazpiko Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko kideak eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko ziklo-kroseko arduradunak aipatu du egungo aurrekontuak “oso mugatuak” direla: “Legazpiko Udalaren laguntza dugu guk, eta horri esker egiten dugu aurrera; kantina bat ere jartzen dugu. Baina sarrerarik ez dugu kobratzen jada, bestela ere zale askorik ez delako agertzen. Eta herriko tabernei eta enpresei laguntza eskatzeko garairik onena ere ez da”.
Beasaingo Loinatz txirrindulari elkarteko kide Xabier Aldanondok beheraldiaren beste arrazoi bat ere eman du: “Antolaketa lanetarako jendea falta da”, lasterketa egunaren bezperan eta biharamunean bereziki. “20-25 lagun behar izaten dira denera: hesolak jarri behar izaten dira, zirkuitua zintekin markatu… Eta amaieran guztia desmuntatu, jaso, garbitu…”. Laguntza eskatuz gero, jendeak erantzuten duela aitortu du, baina gaineratu du eskean ibili behar izateak “nekatu” egiten duela. “Erabat erreta amaitzen dugu azkenean”.
Probetarako toki faltan
Baserritarrei lur sailak ere eskatu behar izaten dizkiete antolatzaileek. “Terrenoa ustiatzen duenari simaur edo mineral apur bat ematen diogu bueltan, sailak errekupera ditzan”, aipatu du Elorzak. Aldanondok dio bizikletek ez dutela lurra hainbeste kaltetzen, ikusleak direla okerragoak: zaborrak lurrera bota, zapaldu ezin den tokietan zapaldu… Sekula arazorik izan ez duten arren, argi du bakoitzak bere interesak dituela, eta noizbait talka egin dezaketela. Gainera, Beasaingo zirkuituaren zati batean etxebizitzak eraikitzen ari dira, eta ez dakite etorkizunean tokirik geldituko ote zaien bertatik pasatzeko. Herrigunetik gertu, ez dago beste belardirik.
Txirrindularien maila ere jaitsi egin dela aipatu du Elorzak. “Baxu ikusten ditut”, aitortu du. “Taldeek eta txirrindulari elkarteek apustu sendoa egin ezean, herrenka ibiliko gara beti”, gaineratu du. Federazioko arduradunak ere ez du ezkutatu kezka hori. “Historikoki, Espainiako txapelketetan goi-goian ibili izan dira euskal txirrindulariak. Gaur egun, ordea, lorpen handia da Espainiako Txapelketan podiumera igotzea”.
Legazpin, partaide asko
Halere, Ormazabal kantitatean zentratu da kalitatean baino gehiago. Legazpin laurehun txirrindulari inguru elkartuko dira astelehenean. Asko, etxekoak. “Herri gutxitan egongo dira hainbeste txirrindulari dituzten taldeak. Maila guztietan izango ditugu ordezkariak”, zehaztu du. Gainera, Ormazabalek nabarmendu du gazteak direla asko: “Errepideko txirrindularitzan punta-puntan dabiltzan txirrindulariek ziklo-krosa egiten dute: [Mathieu] Van der Poel, [Wout] Van Aert, Izagirre anaiak [Gorka eta Ion]… Erreferenteak izanda, gaztetxoak gehiago animatzen dira”, adierazi du. Legazpin, Gari Bravo oraintsu arte profesional izandako lazkaotarra lehiatuko da esaterako, eta Alex Aranburu ezkiotarrari ere bota diote amua.
Gazteek ziklo-krosean jarrai dezaten, Ormazabalek ere aipatu du federazioak erraztasunak eman beharko lituzkeela. Horregatik, bigarren bizikleta bat eskaintzen diete gazte horiei, matxurak ohikoak izaten direlako ziklo-krosean; hainbat teknifikazio saio ere egin dituzte azken hilabetean, denboraldia hasi aurretik bizikletarekin trebezia zorrozteko. Aurreko sasoian, pandemiaren ondorioz, ez zen izan ziklo-kros probarik; beraz, gaztetxo askok debuta egingo dute Legazpin.
Bestalde, gero eta emakumezko gehiago ari dira parte hartzen, oraindik gizonezkoekin lehiatzen duten arren. Elkarrekin aritzen dira junior mailako gizonezkoak eta elite mailako emakumezkoak.
Leave a Reply