Josune Zarandona
Goiturrek, Goierriko Turismo Agentziak, Helmuga Turistiko Adimenduna zigilua eskuratzeko tramiteak hasi ditu Debagoieneko, Bidasoko eta Bizkaiko beste hiru turismo agentziarekin batera. Egitasmo aitzindaria da, eta Espainiako Turismo Idazkaritzak sustatzen du. Helburu nagusia da helmuga turistikoei etorkizuneko erronketara egokitzeko baliabideak ematea. Turismo agentziek bost arlotan oinarritutako eredu berri bat landuko dute, “gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna” aintzat hartuta, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak argitu duenez.
Mundu guztian zabaltzen ari da Helmuga Turistiko Adimendunaren eredua. “Europako Batasunak, jasangarritasun irizpideetan oinarrituta, aintzat hartzen ditu 2030. urterako ezarritako helburuak turismoaren alorrean”, azaldu du Osinaldek. Orain arte, Donostia eta Gasteiz dira zigilua eskuratzeko bidean dauden helmuga turistiko bakarrak Bizkai, Gipuzkoa eta Araban. Orain erronka da eredu hori eremu zabalagoetara —kasu honetan, eskualde batera— nola egokitu behar den zehaztea.
Proiektua garatzeko ez dituzte ausaz aukeratu Goierri, Debagoiena eta Bidasoa. Osinaldek zehaztu duenez, “entitate juridikoen araberako hiru eredu” aukeratu dituzte, “ezberdinak euren artean”. Entitate publiko-pribatua da Goitur; eskualdeko hemezortzi udalez gain, ehun enpresa baino gehiago ere proiektuaren parte dira. Debagoienekoak mankomunitate izaera du, eta Bidasokoa garapen agentzia bat da. Behin prozesua burututa, Espainiako Estatuan Helmuga Turistiko Adimenduna zigilua izango duten entitate publiko-pribatuko turismo agentzia bakarrenetakoa izango da Goitur. “Arabako Errioxarekin batera, halako izaera duen agentzia bakarra gara”.
“Onuragarria izango da”
Eskualdearentzat “onuragarria” izango dela azpimarratu du Osinaldek,”Goierriko turismoaren posizionamendua, eta lehiakortasun eta errentagarritasun turistikoa hobetzea, eta bisitarien eta egoiliarren arteko integrazio handiagoa” bermatuko dituelako, besteak beste. Orain arte egindako lanari beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera ere eskainiko die prozesuak. “Kanpotik begiratzen eta hobekuntzak egiteko bideak irekitzen lagunduko digu”, esan du Goiturreko zuzendariak.
Datorren astean amaituko dute prozesuaren lehenbiziko fasea. Eskualdearen egungo egoera aztertzea izan da lehenengo lana. “Jada ikusi dugu zer lan ditugun eginda, zeintzuk falta zaizkigun eta zeintzuetan hobetu beharko genukeen”, zehaztu du Osinaldek. Oraintxe, eredua eskualdera egokitzeko lanetan ari dira, eta, behin lan horiek eginda, Madrilgo Turismo Idazkaritzarekin erkatu beharko dituzte ezarritako irizpideak. Ondoren, ekintza plan bat idatzi beharko dute. “Bizpahiru urte inguruko prozesu bat izango da, ekintza plana gauzatzeko beharko dugun denboraren araberakoa”, azaldu du Osinaldek. Lan horiek egindakoan eskatuko dute Madrilen kontu ikuskaritza bat, eta zigilua eskuratu ahal izateko baimena. Eusko Jaurlaritzako Basque Tour Euskadiko Turismo Agentzia eskualdeei prozesu horretan laguntzen ari da, Espainiako Gobernuarekin bitartekaritza lanak eginez.
“Goierriren produktu turistikoak gastronomian eta naturan oinarrituta daude, batez ere”, esan du Osinaldek. Idiazabal Lurraldea-rekin eta Basque Highlands markarekin saltzen dituzte horiek guztiak. “Idiazabal Lurraldea-k gastronomiarekin zerikusia duen eskaintza guztia biltzen du: museo gastronomikoak, gaztandegiak, sagardotegiak, txakolindegia, talo tailerrak… Basque Highlands, berriz, naturarekin zerikusia duen guztirako erabiltzen dugu: parke naturalak, interpretazio zentroak, Zegama-Aizkorri, mendi ibilaldiak…”.
Madrildarrak eta katalanak dira Goierrira joaten diren bisitari gehienak. “Baina Valentziako, Andaluziako eta Kanaria uharteetako eta Balearretako bisitariak ugaritzen ari dira azken urteotan”, zehaztu du zuzendariak. “Aurtengo udan, gainera, berrogei nazio baino gehiagotako bisitariak erregistratu ditugu”. Zubietan eta asteburuetan “etxeko bisitariak” nabarmentzen dira gehiago, “bizkaitarrak eta arabarrak horien artean”.
Turismo industria
Goierrin aurtengo uda “ikaragarria” izan dela esan du Osinaldek. “Okupazioa 2019koa baino handiagoa izan da”. Eta, arlo ekonomikoari dagokionez ere, markak hautsi dituzte aurten, Goiturreko zuzendariaren hitzetan. “Uztailean eta abuztuan ia 2,3 milioi euro utzi dituzte turistek Goierrin, Goiturrek urte baterako duen aurrekontua halako hamaika”. Datu horietan, eskualdean gutxienez gau bat igaro zuten bisitariak hartu dituzte aintzat. “Eguna pasatzera etorri zirenak, ez”. Datuak datu, etorkizunean zer gertatuko den ikusi beharko dela esan du Osinaldek, “turismoa ezaugarri askok baldintzatzen dutelako”.
Leave a Reply