Miren Garate
Urte askoan zaintza arloan lan egin ostean, gaur egun zaintzaileei autozainketa tailerrak ematen dizkie Saioa Garmendiak (Astigarraga, 1979). Gipuzkoako hainbat herritan ditu taldeak. Kontatu du zaintzaileek beren bizitza alde batera uzteko joera izaten dutela. Era berean, haien artean ohikoak izaten dira heriotzari buruzko kezka, erru sentimendua, nekea eta bestelako sentipen batzuk ere. “Errazagoa da halako gauzei buruz zure antzeko egoeran daudenekin hitz egitea”, kontatu du.
Autozainketa tailerrak ematen dituzu herriz herri. Zer behar ikusita hasi zinen tailer horiek ematen?
Azkenetan zeuden gaixoen zaintzaileen beharrei buruzko tesina egin nuen, eta ikusi nuen zaintzaileek beren burua aparkatu egiten dutela askotan: lagunekin ateratzeari uzten diote, lana ere bai batzuek, norbere familia, bizitza soziala, zaletasunak… Azkenean, gaixo ezkutuak bihurtzen dira. Horregatik, tailer hauen helburua da egunerokoan beren burua zaintzen lagunduko dieten tresnak ematea, beren antzeko egoeran dauden beste zaintzaile batzuekin konfiantzazko giroan atseden hartzeko aukera izango duten gune batean.
Zaintzaileak jabetzen al dira haiek ere behar dutela zainduak izatea?
Jabetu bai, baina kostatu egiten zaie zainketa lan hori utzi eta beraientzat denbora hartzea, dena beren gain hartzen baitute askok. “Ez daukat astirik”, esaten dute, baina denbora hori hartu egin behar da. Nik beti esaten dut egunak 24 ordu dituela, eta, jarraian ez izanda ere, horietatik bat gutxienez gure gustuko zerbait egiteko izan behar dela; gainera, jakinda gure gustuko zerbaitetan ari garela.
Zer lantzen duzue tailerretan?
Beti hasten gara meditazio batekin, musika pixka bat jarri eta arnasketa ariketak egiten. Ondoren, horrelako egoera batean egonez gero baliagarriak izan daitezkeen ezagutzak lantzen ditugu. Dena den, halako gauzei buruz ere hitz egiten dugun arren, beti nabarmentzen dut ez ditudala ematen zaintzen ikasteko prestakuntza saioak: autozainketa tailerrak dira, hau da, geure burua zaintzen ikasteko tailerrak. Bi orduko saioak izaten dira, eta denboraren %80 autozainketako dinamikei eskaintzen diegu.
Nolakoak izaten dira dinamika horiek?
Alde batetik, dinamikak eta jokoak egiten ditugu harreman emozionalak lantzeko, autoestimua jorratzeko, gaixoarekin komunikazioa hobetzeko… Bestetik, estresa kudeatzeko tresnak ematen ditut: giharrak erlaxatzeko ariketak, autokontrolerako teknikak, mindfullness-a… Ikasi egin behar dugu geure burua zaintzen; egunero egin beharreko zerbait da. Nik teknika batzuk ematen ditut, eta helburua izaten da tailerretara datozenek teknika horiek aplikatzea beren eguneroko bizitzan.
Zaintza lanak era askotakoak izan daitezke. Antzeko beharrak al dituzte zaintzaile guztiek?
Tailerretara etortzen direnen artean daude mendekotasunak dituzten haurren zaintzaileak, 50 urteko senarraren zaintzaileak direnak, adinekoen zaintzaileak, zaintzaile profesionalak… Guztien beharrak ez dira berberak, eta, horregatik, taldeak berak markatzen du askotan zer bide jarraitu edo zer landu gehiago. Elkarren artean ere informazio asko partekatzen dute, eta hori ere oso aberasgarria izaten da: batek kontatzen du mendekotasuna duen haurra jarduera batzuetara eramaten duela udan, eta, agian, antzeko egoeran dagoen beste batek ez daki halakorik dagoenik ere; beste batek diru laguntza jakin bat jasotzen duela esaten du… Eusko Jaurlaritzaren familia bitartekaritza zerbitzuarekin ere elkarlanean ari naiz, eta, beharra ikusten badut, zerbitzu horretara bideratzen dut jendea.
Zer kezka aipatu ohi dituzte zaintzaileek?
Heriotza izaten da asko ateratzen den gai bat. Gehienei asko laguntzen die gaixoaren prozesua gutxi gorabehera nolakoa izango den jakiteak ere. Erru sentsazioa ere askotan aipatzen dute. Agian, ama zaintzea tokatzen zaizu, baina ez duzu harreman ona izan harekin, edo maite duzun norbait zaintzen ari zara, baina nekatu ere egiten zara, haserretu… Errazagoa da halako gauzei buruz zure antzeko egoeran daudenekin hitz egitea. Zaintzaileei, gainera, askotan gauza bat gertatzen zaie: bizitza sozial guztia alde batera uzten dute, baina gero, pertsona hori ez dagoenean, beren bizitzari berriro heldu behar izaten diote, eta konplikatua izaten da.
Zaintzaile profesionalak ere joaten zaizkizu tailerretara.
Bai, eta zentroetan ere hasi naiz langileei autozainketa tailerrak ematen. Gaixoaren etxeetan bizi diren zaintzaile profesionalak ere etortzen zaizkit. Gehienak atzerritarrak izaten dira, eta profil horretako zaintzaileek ere behar handia dute, bakardade handia bizi dutelako, ordu asko egon behar izaten dutelako gaixoekin… Hasieratik oso argi izan dut tailer hauek zerbitzu publiko bat izatea nahi dudala; horregatik, udalei eta elkarteei eskaintzen dizkiet, ez dut nahi jendeak ordaindu behar izatea.
Halako gauzei buruz hitz egiteko, beharrezkoa izango da konfiantzazko giroa izatea, ezta?
Bai. Gehienez ere hamabi lagunekoak izaten dira taldeak, eta jarraitutasun batek ere egon behar du zaintzaileek onura igartzeko. Ikasturte osokoak izaten dira tailerrak, eta hamabostean behin elkartzen gara, badakidalako astero joatea zaila izan daitekeela zaintzaile batzuentzat. Talde bat hartzen duzunean, gehienek ez dute elkar ezagutzen, eta beharrezkoa da elkarrekin konfiantza izatea, eroso sentitu ahal izateko. Noski, tailerretan esaten eta gertatzen dena tailerretan geratzen da: intimitatea bermatzen dugu.
Leave a Reply