Maria Maya Manterola
Bi asteburutan, Arrantza eta elikadura sistemak gaiaz gogoeta egin dute lehen sektoreko eragileek eta erakundeetako kideek Getarian. Bizilur elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, eta, David Lopategi (Bilbo, 1980) talde horretako kidearen ustez, beharrezkoa da itsasoari begira jartzea, “orain arte bizkarra eman zaiolako”.
Zer harrera izan dute jardunaldiek Getarian?
Oraindik ez dugu aukerarik izan talde moduan balorazioa egiteko. Dena den, elkarteko kideekin hitz egin dut jardunaldien inguruko sentsazioez, eta uste dugu inoiz ez dela egin gisa honetako jardunaldirik. Guk planteatu nahi genuen elikadura sistemen inguruko azterketa bat egitea, arrantzatik abiatuta, edo, behintzat, arrantza bilduko zuena. Alde horretatik, helburua lortu dugula uste dugu. Gizarteak itsasoari bizkarra eman diolako, bai kulturalki, bai historikoki, eta baita elikaduraren aldetik ere. Benito Lertxundik dioen bezala, itsasoari begira jarri behar dugu geure burua.
Zer ariketa planteatu duzue, zehazki?
Gehienbat, elikadura sistemetan parte hartzen duten eragileekin leku berean, aldi berean eta mahai berean biltzea. Lehen sektorearen osotasunetik abiatu nahi izan dugu eztabaida, baina, era berean, kontsumitzaileek, instituzioek eta eragileek ere parte hartu dute. Lehen sektorearen funtzio soziala berreskuratu behar dugu: herriari ematea. Sektoreko eragileen funtzio soziala ez da dirua egitea edo esportazioak sustatzea, herria elikatzea baizik. Lehenengo pausoa eman dugu.
Getariako eragileek eta erakundeek zer jarrera izan dute gai horri dagokionez?
Erabatekoa izan da Getariako Udalaren babesa. Duela bi urte portuz portu egin genuen diagnostikoa, eta Haritz Alberdi alkatearekin batu ginen. Hausnarketan bat gentozen, eta zerbait egin nahi zuten. Nahiz eta eskumenei dagokienez nahaste-borraste itzela dagoen, argi zeukaten arrantzarekin zerbait egin nahi zutela herrian.
Bilera bat egin genuen arrain saltzaileekin, arrantzale artisauekin eta udalarekin, eta haiengandik ere iritzi bera jaso genuen. Alde horretatik, Getariak proposamen propioak aktibatu ditu arrantzaren gaia lantzeko. Esaterako, herriko eskolan, curriculumean, bestelako rol eta pisu bat izan dezan arrantzak. Horrez gain, landa garapenerako elkartearekin batera, martxan jarri dute Getarian arrantzatzen diren produktuen berri emateko eta horien balioa erakusteko beste proiektu bat ere.
Nola txertatu behar da arrantza elikadura burujabetzaren paradigman?
Zenbaitzuek elikadura burujabetza ardatz dugu jada geure jardunean, baina beste batzuek, ez. Hala ere, denon agendan dago elikadura, eta uste dut logikak eramango gaituela elikadura burujabetzara. COVID-19ak argi erakutsi digu esportazioen mende gaudela. Mundua gelditzen bada, Euskal Herriak ezin du bere burua elikatu. Kate guztiak enpresa multinazionalei begira antolatuta daude.
Hausnarketak elkarri kontatzea izan da abiapuntua. Hemendik aurrera, zer norabide hartuko du lanketa horrek?
Elkarte, erakunde eta pertsona horiekin guztiekin elkarlanean jarraituko dugu, tokiko errealitateari erreparatuz. Materiala argitaratuko dugu jardunaldi hauetako ondorioekin, eta elikadura sistemaren azterketa eta berrantolaketa herriz herri abiaraziko dugu, sektoreko eragileekin eta eragile sozialekin. Garrantzitsua da arrantza sektorea, eta sektore hori aintzat hartzeko ariketa horri helduko diogu. Kostaldetik hasiko gara, arrantza bizirik duten portuetatik, batez ere. Tokiko instituzioek ere asko dute esateko zeregin horretan.
Webgune bat ere argitaratuko dugu tokiko espezieen gida batekin, errezetekin… Lan hori Euskal Wikipediarekin egitea proposatu ziguten Getariako jardunaldietan. Artisau arrantzaren inguruko dokumental bat ere aurkeztuko dugu urtea bukatu aurretik. Kontzientziak astinduz eta hausnarketak sustatuz joan nahi dugu, gero ariketa kolektibo bat bultzatzeko.
Hori lortzeko, zer pauso eman dezake norberak bere txikian?
Materiala argitaratuko dugu laster, eta, printzipioz, jendearen zerbitzura jarriko dugu dena. Herritarrek, arrandegira doazenean, galde dezaten nahi dugu, ea jendeak zer arrain kontsumitzen duen. Kontsumo horren bitartez bultzatzen den elikadura ereduaz gogoeta egin daiteke. Nekazaritzarekin, badirudi jendeak landuago duela dena: tokiko produktuak, ekologikoak, zero kilometrokoak… Eta horrek isla du arrantzan ere. Itsasotik datozkigun produktuekin ere kritikoak izan gaitezke.
Leave a Reply