Unai Zubeldia
Etxekoekin bakarrik”. Hori izan da Amenabar Zarautz eskubaloi klubeko zuzendaritza berriaren apustua. Gizonezkoen senior mailako taldea Espainiako Ohorezko B Mailan ari da lehian 2011-2012 denboraldian igo zenetik. “Eta, 2012-2013an salbu —Asobal ligara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten sasoi horretan—, azken unera arte mailari eusteko borrokan ibili ginen gainontzeko denboraldi guztietan”. Paulo Ostolaza Amenabar Zarauzko atezainetako batek azpimarratu duenez —2015ean egin zuen debuta lehen taldearekin; 24 urte dauzka—, taldeak ezaugarri bat zeukan azken bizpahiru denboraldietan bereziki: “Zarauztik kanpoko jokalari asko; taldearen erdia izatera iritsi ziren duela pare bat urte”. Eraldaketa betean, joan den denboraldi amaieran jokalari askok utzi zuten taldea. “Zarauztarrek eta kanpokoek”. Eta zuzendaritza berriak kargua hartzearekin batera iritsi zen etxekoen aldeko behin betiko apustua. “‘Proiektu hau etxekoek aterako duzue aurrera’, esan ziguten”.
Erabaki horrek, hasieran, “errespetu pixka bat” sortu zuen taldean. Hala onartu du Ostolazak. “Baina batari eta besteari deika hasi ginen berehala”. Fausto Berazadiri ere horrela iritsi zitzaion aukera —41 urte dauzka—, eta baita bigarren taldeko beste bizpahiru jokalariri eta gazte mailako beste lauzpabosti ere. Atezain gisa Zarautzen lehen taldean 1999an debuta eginda, 2012an eman zuen pauso bat alde batera Berazadik. “Eta aurten hasi naiz berriz”. Atezain beteranoak gogoan dauka 1999-2000 sasoian eta 2002tik 2005era Espainiako Ohorezko B Mailan aritu zela Zarautz. “Krisiaren aurreko urteak ziren, diru gehiago zegoen taldeetan, eta atzerritar asko zeuden”.
Aurreikuspen onik ez
“Hain jokalari gazteak izanda, eta beste talde gehienak profesionalak edo erdi profesionalak direla kontuan hartuta, uste genuen gaizki edo oso gaizki ibiliko ginela”, hasi du azalpena Berazadik. “Baina nire herriko taldea eta nire gustuko kirola, bi ezaugarri horiek bat egin zuten, eta ez nuen izan zalantzarik”. Esperientzia handirik gabeko taldea izan arren, “harrigarri ondo” ari da taldea denboraldi hasieratik. “Horretan asko laguntzen du zaleen babesak ere; etxeko partida guztietan festa giroa izaten dugu harmailetan”, esan du Berazadik.
Lau partida irabazita, bat berdinduta eta bi galduta, laugarren daude zarauztarrak, bederatzi punturekin, Burgos hirugarren sailkatuarekin berdinduta eta aurkari zuzenek baino partida bat gutxiago jokatuta. Joan den larunbatean bertan behera gelditu zen Teucroren aurka Zarautzen jokatu beharreko 8. jardunaldiko partida, galiziarren artean positibo kasu batzuk izan zirelako. Bihar, Villa de Arandaren pistan jokatuko dute zarauztarrek, Burgosen (Espainia), 19:00etan.
Horixe izango dute bidaia motzenetan bigarrena, hiru ordu eskasekoa —Burgosera da motzena, bi ordu pasatxokoa—. Pontevedrako (Galizia) hiru talde dauzkate multzoan —geldialdirik gabe, zazpi ordu pasatxoko bidaia da—, Guadalajarara (Espainia) eta Madrilera ere joan beharko dute oraindik —lau ordu eta erdi—, eta dagoeneko jokatuta daude Zamoran (Espainia) —lau ordu pasatxo— eta Sorian (Espainia) —hiru ordu pasatxo—. Koronabirusak eraginda lehiaketa eredua berrantolatuta, hamar taldeko bi multzo daude Espainiako Ohorezko B Mailan; lehen ligaxka amaituta, Asobal ligara igotzeko lehian ariko dira multzo bakoitzeko lehen bost sailkatuak, eta ez jaisteko borrokan multzo bakoitzeko azken bost sailkatuak.
Astean lau entrenamendu dira, eta bidaia asko; gehienetan partidaren bezperan abiatzen dira, eta behin partida amaituta itzultzen. “Baina lagun talde bat da gurea”, zehaztu du Ostolazak. “Askok galdetzen didate ez ote diren pisutsuak izaten autobuseko bidaia luzeak, eta kuadrillakoekin lokalean sartuta egotearen parekoa dela erantzuten diet. Musean jokatu, hitz egin, musika entzun, Play Stationa, gidariari gezur batzuk kontatu…”. Egunerokoa “lotua” dela onartu dute biek. “Baina ohituta gaude”, ziurtatu du Berazadik. “Tartean dirurik ez dagoenean eta laguntasuna dagoenean, askoz eramangarriagoa izaten da dena; ez jaistea eta gozatzea dira gure bi helburu nagusiak”. Egun, bostehun jokalari baino gehiago ari dira Zarautzen harrobian, 30 talde inguru. “Maila batean edo bestean, baina etorkizuna bermatuta dago”.
Leave a Reply