Bidegorriak bide zati bilakatzen direnean

Bidegorriak bide zati bilakatzen direnean

Alaine Aranburu

Bizikleta egunerokoan erabiltzea sustatzea eta praktika hori segurtasunez egin ahal izatea xede, Gipuzkoan hiru elkarte ari dira borrokan: Kalapie Donostian, Balazta Bidasoa eskualdean, eta Gurpil Artea Errenterian. Donostiarrak izan ziren lehenak bizi eta garraio eredu horren aldeko lanean, eta erreferente bilakatu dira; bidasoarrak eta errenteriarrak, berriz, duela bost bat urte hasi ziren zeregin horretan. Horren harira, egungo bidegorri sareen garrantzia azpimarratu du Kote Gebara Balazta Bidasoko bizikletazaleen elkarteko kideak; Irungo Euskal Herria kalean inauguratu berri dute lokala.

Izan ere, bizikletazale askok aisiarako aukera gisa ikusten dute garraiobide hori, eta aukera hori egokia dela aitortu du Gebarak. Baina Gipuzkoako hiru elkarteen helburuak harago doaz. “Bidegorri gehienak aisialdirako pentsatuta daude, eta errealitate hori eraldatzeko garaia da”, aldarrikatu du. Bidegorriek beste hainbat funtzio betetzearen aldekoa da Gebara.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuak herrialdeko bidegorri sarearen proposamena idatzita dauka 2007. urtetik. Aldundiak eskumena dauka, hortaz, bizikleta bideen sareak asmatzeko eta garatzeko.

Gipuzkoabizikletaz.eus atarian ikus daiteke orain arte planifikatutako bidegorri sareei buruzko informazioa. Zazpi proiektu nagusi daude jasota, eta, Bidasoko zatia izan ezik (Irun-Endarlatsa), gainerakoak ez daude amaituta. Kritiko hitz egin du Gebarak: “Sarea ez dago osatuta, zatitxoak besterik ez dira. Ez dakigu noiz osatuko duten, oso motel baitoa dena”. Bidegorri horietatik azkena 2018an bukatzeko prest zegoela adierazi du Balazta elkarteko kideak. “Baina ordutik ez dute deus egin”. Gainera, Gebarak uste du proposamen horiek turismorako eginak daudela.

Benetako loturak

Herrien arteko bidegorriak “garrantzitsuak” direla, baina “benetako loturak” behar direla dio Gebarak; hau da, benetan izaten diren mugimenduetan oinarrituta sortu behar direla bizikletentzako bideak. Lehenik, beraz, “egunerokoan erabilgarriak diren loturak” osatu behar dira, Irungo Balaztako kidearen ustez, “eta landuta daude proiektuak, baita udal mailan ere”. Gebarak uste du horretarako egitura ezberdinak behar direla: “Alde batetik, beharrezkoak dira bidegorriak, hirien artean bai behintzat. Ez dugu esaten auzo guztietan bidegorriak egon behar dutenik, baina egitura asko aprobetxa daitezke bidegorri berririk egin gabe”.

Bidegorriak sortzeko asmoz, administrazioak trafikoa moteldu besterik ez duela egiten salatu du Balaztako kideak. Ados dago aldaketa horrek lagundu egiten duela esaten dutenekin, baina, hala ere, txirrindulari askori autoen artean ibiltzeak beldurra ematen diela iritzi dio. Ildo horretan, Balazta elkarteak ikerketa bat egin zuen eskualdeko autoen abiadura joerak aztertzeko, eta orduko 30 kilometroko eremuetan abiadura hori “ia inork” ez zuela errespetatzen ondorioztatu zuen elkarteak: “Neurketan ikusi genuen gehienek orduko 50 kilometrotik gorako abiaduran gidatzen dutela”. Administrazioak arazo horrekiko ez duela ardurarik hartzen salatu du. “Ez dute kontrolatzen, eta oso isun gutxi jartzen dituzte”.

Egoera hori dela jakinik, Gebarak aitortu du bere inguruko inor ez lukeela bultzatuko bide horietatik joatera: “Helburua segurtasuna da, baina neurri horiek inor ez dute animatzen bizikleta hartzera”. Bestalde, salatu du autoen abiadura istripuak eragozteko moteltzen dutela abiadura orduko 30 kilometrora.

Gebarak azaldu du erakundeentzat “erraza” dela abiadura mugak jartzea. “Bestela, lekua kendu beharko liokete autoari, eta administrazioak izugarrizko beldurra dio horri”. Baina nabarmendu du badela garaia horretarako: “Lehentasunak daude XXI. mendeko mugikortasunean: lehenengo, oinezkoak; gero, bizikletan doazenak; ondoren, garraio publikoa; eta, azkenik, autoak. Baina hori ez da egia”. Salatu du politikariek eta administrazioko teknikariek ez dutela formakuntzarik arlo horretan. Eredu gisa jarri du, “inposatuta” moteldu dutela autoen abiadura: “Europatik eta Espainiako Estatutik datozen aginduak dira”.

Irungo Balazta elkarteko kideak uste du gizartea, oro har, bizikletazaleen elkarteek defendatzen dituzten ideiekin ados dagoela, baina “muga bat” dagoela dio: “Autoaren oso mendekoak gara denok. Jendeak badaki autoekin, aparkalekuekin eta kutsadurarekin arazo bat dagoela, baina inork ez du utzi nahi bere autoa etxean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.