Ederra izan nahi dut

Juan Luis Zabala

Ez dakit zer urtetan zen, ez dakit zenbat urte nituen, baina arratsalde batean ni baino dezente gazteagoak ziren neska batzuen ondoan egokitu nintzen, trenaren zain, Euskotrenen Donostiako geltokian, Amaran, eta orrazkeraz eta janzkeraz hitz egiten entzun nituen, hau da, garai hartan —punkaren, Rock Radical Vasco deitutakoaren, gaztetxeen loraldiaren eta abarren sukarraldia baretzen hasi berritan— niretzat arrotz ez ezik mespretxagarri ere baziren gaiei buruz.

Gero, ordea, trenean eserita paisaiari begira eta gogoeta egiten hasita, jabetu nintzen ez nuela arrazoi sendorik pentsatzeko nik orduan nituen kezkak eta zaletasunak neska haienak baino interesgarriagoak eta aberatsagoak zirela, eta neska haiek edertasuna janzkeraren, orrazkeraren eta bestelako apainketen bidez bilatzen zuten gisa berean, haien joera hori mespretxatzen genuen askok gauza bera bilatzen genuela azken finean, beste bitarteko batzuekin bazen ere: edertasuna, eder agertzea, eder sentitzea.

Egoeraren azterketa politiko zorrotza eta koherentzia ideologikoa izan zitekeen, kasu batzuetan, eder agertzeko eta eder sentitzeko bidea, azterketarik eta ideologiarik gabeko punktasun espontaneo eta, nolabait esatearren, irabazi asmorik gabekoa beste batzuetan… Baina eder agertzeko eta eder sentitzeko irrika zegoen, muinaren muinean, edertasun fisikoarekiko mendekotasuna azalekotzat jota mespretxatzen genuen askoren kezka eta jokabide ustez aberats eta sakonagoetan.

Eder izan eta besteen aurrean eder agertzea, eder sentitzea, berezko nahia, irrika eta are premia dugu gizakiok; denen aurrean ez bada, gutxi batzuen edo bakarren baten aurrean behintzat, edo nor bere buruaren aurrean besterik ez bada ere, eder. Horretarako biderik zuzenena edertasun fisikoa eta dotorezia dira, baina zeharkako bideak ere eraginkorrak suertatzen dira lehen aukera ezinezkoa denean; berez fisikoki eder agertzeko dohaina eta zoria dutenek, berriz, ez diote uko egiten lehen aukera oinarrizko horrek ematen duen berezko edertasuna bestelako edertasunez aberastu eta zabaltzeko ahaleginari. Ederrak ere ederrago nahi beti.

Askotan galdetzen digute idazleei zergatik idazten dugun, eta nola gutxi diren diruagatik idazten dutela esan dezaketenak, eta horiek ere ez duten halakorik aitortzen, bestelako arrazoiak eman behar izaten ditugu hamarretik bederatzi baino gehiagoren kasuan. Nik aspaldi erabaki nuen zein zen nire sakoneko arrazoia: guapoa izatea. Ez ligatzea, baina bai besteen aurrean eder agertzea, edo agertzen naizela sentitzea behintzat. Eta erantzun horrekin bat egiten jarraitzen dut oraindik ere, jakinda, jakina, galdera horri gezurrik esan gabe eman daitezkeen mila erantzunetako bat baino ez dela. Euskal idazleok esan dezakegu, adibidez, gezurrik esan gabe, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren Arratsean saiora joateko aukera izateko idazten dugula, gustu handia izaten baita haiekin Euskadi Irratiko estudioan solas egitea. Eder sentitzeko beste modu bat, azken batean.

Leonard Cohenek Chelsea Hotel kantuan kontatzen duenez, Janis Joplin gizon guapoen zale zen, baina berarekin, Leonardekin, oheratu zen hala ere, salbuespen bat eginda. “Itsusiak gaituk baina musika zeukaagu”, esan omen zion.

Edertasunaren salbuespena edertasuna bera baino ederragoa baita, izan ere, sarritan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.