Hilketa batekin hasitako urtea

Hilketa batekin hasitako urtea

Miren Garate

Gertakari beltz batekin hasi zen urtea Gipuzkoan: urtarrilaren 4an emakume baten gorpua agertu zen Aizarnazabalen, ibaiaren ertzean. Aintzane Pujana 32 urteko donostiarrarena zen. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta, Pujanaren azken egunak eta orduak ikertu ostean, Ertzaintzak Errenteriako bikote bat atxilotu zuen. Ertzaintzaren arabera, biktimarekin bizi ziren Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean, eta labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Azpeitiko 1. Instrukzio Auzitegiko epaileak beste bi delitu ere egotzi zizkion bikoteari: Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea. Espetxera bidali zituen biak.

Halako gertaeren eraginez, aurten ere beharrezkoa izan da Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna antolatzea. Hala, azaroaren 25ean herriz herri egin zituzten mobilizazioak, “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” eskatzeko. Lelo horixe zuen, esate baterako, Donostiako asanblada feministak egindako pankartak; “erasoen aurrean, autodefentsa feminista” antolatzera deitu zuten protestetan bildu zirenek.

Aizarnazabalen izandakoez gain, beste atxiloketa eta epaiketa batzuk ere izan dira Gipuzkoan indarkeria matxistarekin lotuta. Kasu baterako,Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak indarkeria matxistan aditu Miguel Alonso Belza abokatua zigortu zuen, bikotekideari tratu txarrak ematea eta lesioak eragitea leporatuta. Urruntze agindua birritan haustea ere egotzi zion, eta zazpi urteko espetxealdia ezarri. Epaileak nabarmendu zuen “gaitzespen penal handiena” merezi zuela abokatuak, gaian aditua zelako eta “une oro bazekielako zer egiten ari zen”. Besteak beste, Nagore Laffage irundarraren familiaren abokatu izan zen Belza —Jose Diego Yllanesek hil zuen Laffage, 2008ko Iruñeko sanferminetan—, eta baita Gipuzkoako emakumeen indarkeriaren aurkako bulegoko ofizioko abokatua ere.

2021 osoko daturik ez dago oraindik, baina iazkoek erakusten zuten LGTBI kolektiboari lotutako gorroto delituak hirukoiztu egin zirela. Hala, Euskal LGTBI+ Behatokia sortu dute aurten, sexu ezaugarrietan, sexu edo genero identitatean eta adierazpenean, eta orientazio afektibo-sexualean oinarritutako edozein motatako indarkeria edo diskriminazio adierazpenak eragozteko eta salatzeko, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izango ditu lan eremutzat.

Pilaketak sortu gabe

Martxoaren 8ari dagokionez, berezi samarra izan da aurtengoa. Koronabirusari aurre egiteko neurri zorrotzak zeuden indarrean sasoi hartan, eta ez zen posible aurreko urteetan adina jende pilatzea. Alabaina, milaka lagun atera ziren kalera, maskarak jantzita, eta ozen entzun zen mugimendu feministaren aldarria. Zaintzaren gaiak hartu zuen protagonismoa, eta eskaera nagusi bat egin zuten mobilizazioen deitzaileek: zaintzen sistema publiko bat martxan jar dezatela, “zaintzaileen duintasuna oinarri izango duena”.

Gogorarazi zuten zaintza lanak emakume migratzaileek egiten dituztela askotan, eta, horrek “praktika neoesklabistak” sortzen dituenez, “egiturazko arrazakeria” amaitzeko ere eskatu zuten deitzaileek. Era berean, dei egin zuten egungo krisia “dena aldatzeko” aprobetxatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.