Miren Garate
Enpleguari begiratuz gero, ez da urte txarra izan 2021a. Azarokoak dira SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak emandako azken datuak, eta, haren arabera, 30.970 langabe zeuden Gipuzkoan, iazko azaroan baino 4.244 gutxiago. %9 ingurukoa da langabezia tasa. Barne produktu gordinaren igoera %5,6aren bueltan ibiliko dela aurreikusi dute. Adegi patronalaren esanetan, herrialdeko enpresen eskaera zorroa ere ohi bezalakoa edo ohi baino altuagoa da, eta konfiantzaz daude enpresak. Ogasuna, berriz, pandemia aurretik baino diru sarrera handiagoak izaten ari da. Horrek, ordea, ez du esan nahi urte guztiz lasaia izan denik lan arloan eta arlo ekonomikoan.
Inflazioa igartzen dute herritarren poltsikoek: KPIak %5etik gora amaituko du urtea. Argindarraren prezioak abiada bizian egin du gora, egunetik egunera bezperako errekorrak hautsiz. Gasolina eta gasolioa ere %25 inguru garestitu dira urte hasieratik, eta beste lehengai batzuek ere bilakaera berbera izan dute.
Herritarrek ez ezik, enpresek ere igarri dute garestitze hori. Zer kezka nagusi dituzten galdetuta, salmenten errentagarritasun txikiagoa da aipatzen dituztenetako bat. Alabaina, beste bat da haien buruko minik handiena: Gipuzkoako hamar enpresatik zazpik aitortu dute lehengaien hornidura faltak kezka eragiten diela. Autogintzak, eraikuntzak, papergintzak eta abarrek esan izan dute arazoak dituztela ekoizpenerako behar dituzten osagaiak lortzeko. Langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak dituztela ere aipatu dute enpresek. Egoera ekonomikoaren gaineko kezka, berriz, nabarmen gutxitu da.
Dena den, sektore batzuen eta besteen artean alde handiak daude. Baserritarrek larrialdi deia egin dute. Pentsuen eta erregaien prezioak hainbeste garestitu direnez, abeltzaintza itotzen ari dela salatu dute aurten, behin baino gehiagotan. Egoera bereziki larria dute esnetarako eta haragitarako behien arloetan.
Luzatzen ari diren gatazkak
Aberastasunaren banaketan desoreka handitzen ari dela salatu dute sindikatuek, eta ez dute lortu lan gatazka batzuk konpontzea. Zahar etxeetakoa da horietako bat. Hiru urte baino gehiago daramatzate protestan langileek, eta 254 egunetan egin dute greba jada. Besteak beste, sektoreko lan hitzarmen bat eskatzen dute. Lan karga handiak dituztela diote —are gehiago pandemiaren ostean, nahiz eta gatazka lehenagotik etorri—, eta ratioak murrizteko eskatzen dute. Lan baldintza “duinagoak” ere nahi dituzte.
Nabarmendu dute ez dela lan gatazka bat bakarrik, gatazka feminista eta sozial bat ere badakarrela eskutik; izan ere, sektorean lanean ari diren gehienak emakumezkoak dira. Era berean, arazoaren muinean aldundiak adinekoen zaintza enpresa pribatuen esku utzi izana dagoela diote. Horren harira, diputazioaren jarrera ere askotan mespretxatu izan dute langileen ordezkariek, eta lan gatazkan duen “ardura” bere gain ez hartzea egotzi diote. Greba egunetan %100eko gutxieneko zerbitzuak jarrita langileen grebarako eskubidea urratzea ere leporatu diote.
Arrasateko Aita Menni ospitale psikiatrikokoa da luzatzen ari diren beste lan gatazketako bat. Buru osasunean espezializatutako enpresa handienetako bat da Euskal Herrian, pribatua izan arren zerbitzu publiko bat ematen duena. Hamar greba egun egin dituzte orain arte, eta, negoziazioetan aurrerapausorik ez dela egon iritzita, greba egunak dituzte aste honetan ere. Aita Menniko langileek diote ez dutela pazienteak artatzeko behar adina denborarik, eta salatu dute azken urteotan murriztu egin dela langile kopurua. Ospitaleratuta daudenetako batzuek odol delituak dituzten arren, langileek diote behar adinako babes neurririk gabe aritu behar izaten dutela lanean.
Finko, oposiziorik gabe
Langile askoren interesekoa izan den akordio bat ere egon da aurten: funtzio publikoko lanpostu berean bost urte edo gehiago daramaten ordezko langileak finko izango dira aurrerantzean. Lanpostuak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko deialdi batera aurkeztu beharko dute, baina oposiziorik egin gabe. PSOE, Unidas Podemos, ERC eta EAJk adostu zuten akordioa, Espainiako Kongresuan, azaroan, arlo publikoan dagoen behin-behinekotasun handia gutxitzeko.
Erabaki horren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu aurten abian jarri behar zituen zortzi lan eskaintza publiko, legedian izango diren aldaketek deialdi horietan eragin zuzena izan dezaketela ikusita.
Leave a Reply