Zilar koloreko urte berezia

Zilar koloreko urte berezia

Unai Zubeldia

Londresen, 2012an, brontzezko domina; Rio de Janeiron, 2016an, urrezkoa; eta Tokion, 2021ean, zilarrezkoa. Maialen Chourraut piraguista lasartearrak balentria egin zuen uztailaren 27an, Tokioko Olinpiar Jokoetan, eslalomeko K1ean, finalean denborarik onenetan bigarrena lortuta. Ricarda Funk alemaniarrak kolkoratu zuen urrezko domina, eta Jessica Fox australiarrak brontzezkoa. Ondorioz, Chourraut da, jada, Olinpiar Jokoetan garaipen zerrendarik onena duen euskal kirolaria. “Ezin dut sinetsi; askotan amets egin dut domina honekin”, adierazi zuen lasartearrak uztailaren 27 hartan, artean domina esku artean zeukala. “Oso gogorra izan da olinpiar ziklo hau, bost urtekoa, baina itxi dut zirkulua”.

Zilarrezko domina irabazi eta bi egun geroago, Tokiotik bueltan, Chourrauti ongietorri goxoa egin zioten Donostiako Atleticoren egoitzan, Gipuzkoako hiriburuan. Besteak beste, ondoan izan zuen Ander Elosegi irundar piraguista ere. Tokion izan zen Elosegi ere, laugarren Olinpiar Jokoetan, eta diplomarekin itzuli zen etxera, C1eko finalean denborarik onenetan zortzigarrena lortuta.

Chourraut eta Elosegirekin batera, beste hainbat kirolari gipuzkoarrek ere onetik dezente izan zuten Tokion: futboleko Espainiako selekzioarekin zilarrezko domina jantzi zuten Mikel Oiartzabal eibartarrak eta Martin Zubimendi donostiarrak; Julen Aginagalde irundarrak brontzezko domina eskuratu zuen Espainiako eskubaloi selekzioarekin; eta Iñigo Peña zumaiarrak seigarren amaitu zuen K2-1.000ko proba, Paco Cubelosekin batera.

Paralinpiar Jokoetan, berriz, Gipuzkoako bi kirolarik parte hartu zuten Tokion, eta emaitza bikainak lortu zituzten. Iñigo Llopis donostiarrak zilarrezko domina kolkoratu zuen bizkar estiloko 100 metrokoan, eta diploma bana 400 metro (7.) eta 4×100 metro estilo librean (7.). Nahia Zudaire donostiarra laugarren izan zen 400 metro estilo librean eta tximeleta estiloko 100 metrokoan.

REALEKO JOKALARIAK KOPA ESKAINTZEN

Olinpiar urtean, Olinpiar Jokoetako balentriek lortzen dute sona gehienetan, baina 2021ak futbolean ere izan du onetik, 34 urteko hutsunearen ondoren, apirilaren 4an titulu bat irabazi zuelako Realeko gizonezkoen lehen taldeak: Espainiako Kopa, finalean, Sevillan (Espainia), Athletic 0-1 mendean hartuta. Oiartzabalek sartu zuen finaleko gola, 63. minutuan, penaltiz. 2020an jokatu beharrekoa zen final hori, baina, koronabirusaren eraginez, urtebete atzeratu behar izan zuten; atzerapenak atzerapen, Athleticek eta Realak harmailetan zalerik gabe jokatu zuten, azkenean, finala.

Eibar, Bigarren Mailara

Espainiako Lehen Mailan, 5. postuan amaitu zuen Realak, azken jardunaldian Osasunari 0-1 irabazita; Alexander Isakek sartu zuen gola, 85. minutuan. Europa ligako multzoen fasean, azken jardunaldian lortu dute donostiarrek final-hamaseirenetan sartzea, PSV Eindhoven 3-0 mendean hartuta —otsailaren 17an eta 24an jokatuko dute final-hamaseirenetako kanporaketa, Leipzigen aurka—. Donostiako klubarentzat denboraldi ederra izan zen 2020-2021ekoa, Reala B-k ere emaitza bikaina izan zuelako: Espainiako Bigarren Mailara igo zen. Eibar, berriz, Lehen Mailatik Bigarren Mailara jaitsi zen, igo eta zazpi denboraldi geroago.

ARRAUNA-ARRAUN LAGUNAK

Arraunean ere ur aparretan ibili zen Donostiako Arraun Lagunak taldea, udan Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazita. Hondarribiak maila galdu zuen emakumezkoetan, eta Tolosaldea ariko da 2022an lau onenen artean lehian. Gizonezkoetan, Eusko Label ligan bigarren amaitu zuen Hondarribiak, hirugarren Oriok eta laugarren Donostiarrak —Santurtzik irabazi zituen liga eta Kontxa, azken hori 48 ehunenekoren aldearekin Hondarribiarekiko—. Zarautzek maila galdu zuen ligan, eta 2022ko udan maila nagusian ariko da Getaria.

Eskubaloian, oso ondo aritu ziren Bidasoa Irun eta Super Amara Bera Bera. Irundarrek bigarren amaitu zuten Asobal liga, Bartzelonaren atzetik, eta Europako Ligan ari da lehian, multzoen fasean. Donostiarrek, berriz, zazpigarrenez irabazi zuten liga; azaroaren 20an, Europako lehiatik kanpo gelditu ziren, Ramnicu Valcea Errumaniako taldearen aurka 27-29 galduta.

Pilotan, Jokin Altuna izan da urteko izarretako bat. Buruz Buruko Txapelketan, 22-5 hartu zuen mendean Beñat Rezusta, Bilbon —Iñaki Artolaren ordez aritu zen Rezusta—, eta Lau eta Erdikoan 22-20 Unai Laso, Bilbon bertan. Binakakoan, txapeldunorde izan ziren Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu; 22-7 galdu zuten finalean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Agirrezabal, Behobian

Saskibaloian, Espainiako Urrezko LEB ligara jaitsi zen Gipuzkoa Basket, eta maila horretara igo zen Azpeiti-Azkoitiko Iraurgi; txirrindularitzan, Euskal Herriko Itzulian etapa bana irabazi zuten Ion Izagirrek (Astana) eta Alex Aranburuk (Astana). Espainiako Txapelketan, erlojupekoan, urrezko domina irabazi zuen Ion Izagirrek, eta, errepideko proban, hirugarren izan zen Aranburu; udaberriko klasikoetan, Aranburu seigarren izan zen Omloop Het Newsbladen, zazpigarren Milan-Sanremon eta 11. Amstel Gold Racen. Atletismoan, Behobia-Donostia lasterketan, azaroaren 14an, 27 urte geroago gipuzkoar bat nagusitu zen gizonezkoetan: Eneko Agirrezabal segurarra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.