Unai Zubeldia
2009ko urriaren 11n atxilotu zuten Joanes Larretxea euskal preso hernaniarra, Frantzian, eta 44 urteko zigorra betetzen ari da egun. Fleury-Merogis (Frantzia), Soto del Real, Herrera de la Mancha eta Villabonako (Espainia) espetxeetan egon ondoren, Donostiako Martutenen dago iazko urriaz geroztik. Euren egoerak onera egin duela aitortu du Oihana Mujikak (Oiartzun, 1982), Larretxearen bikotekideak — bi seme-alaba dauzkate, 8 eta 2 urtekoak—, baina bizikidetzarako eta bakerako bidean beharrezkotzat jo du herritarrak kalera ateratzea. Sarek deituta, herriz herri manifestazioak egingo dituzte bihar, 17:00etan.
Urte hasierak berekin izaten ditu euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak; pandemiaren eraginez, herriz herriko dinamika izango da bihar. Nola bizi izaten duzu urte hasiera?
Denen antzera. Atzera begiratu, eta urteak eman duenaren laburpen txiki bat egiteko aukera ematen du urte aldaketak. Guri dagokigunez, berrikuntza eta onura dezente ekarri digu 2021ak, Donostiara, Martuteneko espetxera ekarri zutelako Joanes [Larretxea], baina urte berriak ekar ditzala berrikuntza gehiago.
Joanes Larretxea zure bikotekideak hamabi urte daramatza preso, eta 44 urteko espetxe zigorra betetzen ari da. Zein egoeratan dago gaur egun?
2009an atxilotu zuten, Frantzian, eta han eduki zuten 2014ra arte. Urte hartan Espainiaratu zuten, eta Soto del Realen eta Herrera de la Manchan eduki zuten lehen urteetan, 2020ko azaroan Asturiasera eraman zuten arte. Iazko urritik, berriz, Martutenen dago. Beretzat aldaketa handia izan zen Asturiasera, Villabonako espetxera joatea; lehen gradutik bigarrenera aldatu zuten, eta bizi baldintzak hobetu zitzaizkion. Martutenen, berriz, euskal preso dezenterekin egoteko aukera dauka, eta guk bidaiarik egin beharrik ez izateak ere zama kendu dio.
8 eta 2 urteko bi seme-alaba dauzkazue. Martutenera ekartzeak bestelako lasaitasun bat emango zizuen zuei ere, ezta?
Zalantzarik gabe. Asko aldatu zaigu egoera. Joanes Parisen zegoen semea jaio zenean, eta semeak bidaia horiek ezagutu zituen aitari bisitak egiteko. Oiartzundik Martutenera egin genuen lehen bisitan, berriz, kronometroarekin joan zen, eta “ama, ordu laurden batean iritsi gara!”, esan zidan. Antolaketa handia eskatzen zigun bidaia bakoitzak, norbaitek lagundu behar izaten zigun beti, gau bat espetxetik gertu igaro behar izaten genuen, gastu ekonomikoak, bideko arriskuak… Eta, hori guztia, bi haur txikirekin.
Hainbat biktima eta elkarte euskal presoen gerturatze horien aurka agertu izan dira. Ulertzen duzu horien guztien iritzia?
Gauza bat da hainbat biktimak pertsonalki izan dezakeen sufrimendua, eta hori noski ulertzen dudala. Baina beste gauza bat da beste biktima elkarte batzuek mendekutik eta gorrototik egiten dituzten eskaerak; horrekin ez dut bat egiten, helburu gisa ez daukatelako herri honetan aurrera egitea, zauriak ixtea eta gauzak konponbidean jartzea. Badirudi, gainera, ez dagokigun zerbait eskatzen ari garela presoen gerturatzeekin, baina alderantziz da: legeak berak argi dio edozein presok bere bizitokitik ahalik eta gertuena bete behar duela zigorra. Ez da inolako saria presoak Euskal Herriko espetxeetan egotea.
Azken urteotan zenbaitek pausoak eman dituzte bizikidetzarako bidean, izan dira hainbat keinu. Zer iritzi daukazu?
Inkesta baten arabera, Euskal Herrian hirutik bik uste dute euskal gatazka oraindik ere itxi gabe dagoela, zauriek hor jarraitzen dutela. Zauriak ez ziren ETArekin hasi, eta ETA desagertuta ere zauri guztiak ez dira itxi. Elkarbizitzarako eta bakerako bidean egiten den urrats oro gizarte guztiarentzat da onuragarria, ez presoen senideentzat edo kolektibo jakin batentzat bakarrik. Zentzu horretan, ongietorriak dira pauso guztiak.
COVID-19aren pandemiak nola eragin du espetxeetan?
Etxeko konfinamendua iritsi zenean, espetxeak are gehiago itxi zituzten, eta iazko udan kalean normaltasunerako pausoak ematen hasi ginenean, espetxeetan, artean, aurreko baldintza berberetan jarraitu zuten; besteak beste, etenda egon ziren bisitak. Euskal preso gehienen senideok aurrez aurreko bisitarik gabe igaro ditugu zortzi, bederatzi, hamar hilabete. Tartean haurrak daudenean, ez da erraza; haurrekin 600-700 kilometro egitea aita edo ama 40 minutuz kristal baten atzean ikusteko… Ezinezkoa da hori. Gaur egun ere Martutenen moztuta daude aurrez aurreko bisitak.
Nola daude zuen seme-alabak? 2 urtekoak askorik ez du ulertuko oraindik, baina 8 urtekoa gertutik ari da bizitzen prozesua.
2019ko azaroan jaio zen alaba, eta abenduan eta urtarrilean aurrez aurreko bisitak izan genituen Herrera de la Manchan, baina otsailetik abuztura arte etenda egon zen dena. Jaio zenetik, aita-alabak oso gutxitan egon dira aurrez aurre; COVID-19ak areagotu egin du barruan dauden gurasoekin hazteko eta hezteko eskubidearen ukazioa. Baina, tira, desberdina da etxean aurretik zerbait bizi izatea eta hori kentzea, edo hasieratik errealitate jakin bat ezagutzea, eta nire seme-alabek egungo egoera bizi izan dute hasieratik.
Espainiako Gobernua, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, Sare… Hainbat mugimendu izaten ari da azkenaldian. Nola begiratzen diozu etorkizunari?
Izugarria da bidaiak kendu digun gainkarga hori, baina espetxean jarraitzen dute gure senideek, salbuespen egoeran, gainera, bere garaian [Jose Maria] Aznarrek aplikatutako 7/2003 Lege Organikoaren eraginez. Horregatik daukate 40 urteko espetxe zigorra; elkarbizitzaz eta bakeaz hizketan ari garenean, preso horiek beste 30 urtez espetxean mantentzea asumitzen du gizarteak? Benetako elkarbizitza lortzeko, aterabide bat eman behar diogu presoen auziari, eta, alderdien eta erakundeen lanketaz gain, bide horretan oso beharrezkoa da herritarrak kalera ateratzea.
Leave a Reply